gorka julio
IRLEN SAREA

Software askeari fobia

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Zenbait erakunde publikok software librearekiko duten jarrera fobikoa da. Beldurragatik, ezjakintasunagatik, inozotasunagatik, maltzurkeriagatik, ergelkeriagatik edo horien konbinazio baten ondorioz den, auskalo. Edozein dela kasua, ulertezina eta onartezina da.

Aste honetan bi adibide izan dira: lehena Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza batzordean Hezkuntzan Librezale taldeak eginiko agerpena eta horrek sortutako erantzuna. Bigarrena, HAZI erakunde publiko autonomoak beren garapen baterako lizitazioan ezarritako betekizunen harira.

Hezkuntzan Librezale taldeak hezkuntzaren alorrean teknologia burujabetzarekin lotura duten zenbait gairi buruz hitz egiteko hartu zuen parte batzordean: software librea, euskara eta Google, besteak beste. Europan lantzen ari diren hezkuntzarako software libreko alternatiben aukerak aurkeztu zituzten, multinazionalak hartzen ari ziren indarra salatzearekin batera.

Jasotako erantzunen maila, aldiz, beldurtzekoa izan zen, bereziki Aitor Urrutiarena (EAJ). Hezkuntzan librezaleko kideari erantzuteko era bortitza izateaz gain, software librearen segurtasun eza jarri nahi izan zuen mahai gainean. Ulertezina, Internet beraren parte handiena edo Google bezalako enpresek ere software librea baitute oinarri. Zein segurtasunez ari zen? Datu pribatuen ustiaketak hezkuntzan eta jendartean sortzen dizkigun segurtasun arazoei buruz, ez behintzat.

Bestetik, HAZIk aurkeztutako garapen baterako akats larriak dituen (softwarea ez da patentagarria) lizitazioan hau jasotzen dute: «HW edo SW librea ez dira erabiliko, sortzen den produktu kontrolatua eta jabeduna izan dadin, produktuaren gaineko kontrol osoa izateko». (Nire itzulpena da, gaztelera hutsean argitaratu baita). Ezinezkoa da edo oso pobrea litzateke horrelako garapen bat egitea. Osorik ez bada ere, software libreko zatiak erabiltzea ohikoa da eta horrek ez du kentzen gero produktu propio bat garatu ahal izatea. Are Gehiago: Euskal Herriko enpresa asko bizi dira software librearen inguruan egindako garapen eta zerbitzuei esker. Tresna nork egingo du, bertako enpresa txiki eta ertainak kanpo utzita?

Erakundeen helburua onura komuna eta baliabideen kudeaketa arduratsuena egitea da. Hori software librearekin lortzea zaila bada, bestela, ezinezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.