Itsasoa eta kritika, nahastuta

McOnak Bizkaiko taldeak hamar abestiko disko bat atera du: 'Bitakora'. Hasia dute bira

McOnak osatzen duen seikotea, Bilboko Kafe Antzokian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Gernika
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Hamar urte erraz esaten da». Urrun ikusten du hasiera hura Joseba Iturraspe McOnak taldeko abeslariak, baina hamargarren urteurrenerako zeukaten helburua bete dute taldekoek: haien bosgarren lana kaleratzea, Bitakora (Mauka Musikagintza). Hainbat arazo izan dituzten arren, azkenean lortu dute ateratzea.

Orain dela urte bi amaitu zuten azken bira, eta orduantxe hasi ziren hamargarren urteurrenari forma ematen. Disko bat egitea erabaki zuten ibilbidea eta mugarria ospatzeko. 2020ko urtarrilean hasi zuten prozesua, baina, martxoan, COVID-19ak aztoratu egin zien plana. «Sortze prozesu dena hankaz gora jarri zigun, baina aurrera egitea erabaki genuen», azaldu du Iturraspek. Aurrera egin zuten, baina, pandemiaren ondorioz, atzeratu egin dute argitalpena. «Gure planteamendua zen diskoa 2021eko hasierarako ateratzea, baina ikusi genuen ez zela posible izango. Elkartzeko arazoak geneuzkan, eta orduan gure baserrian, ukuiluan, ahal genuen eran egin genuen», gehitu du Irati Irizar taldeko biolin jotzaileak. Ez zaie erraza egin bidea, baina, Beñat Zaton trikitilariaren arabera, konfinamenduak lagundu egin zien zeuzkaten ideia batzuk garatzen. «Prozesu oso gaitza izan zen; luze egin zitzaigun, eta grabaketa ere apurka-apurka egin behar izan dugu».

Zatika grabatze horri buruz aritu da Kemen Atxurra taldeko gitarra jotzailea, diskoaren arlo teknikoari buruz hitz egitean. Esan duenez, 2020ko urtarrilean grabatu zituzten hiru kanta, eta beste zazpiak, aurtengo ekainean. Berriro ere, Haritz Harregiren estudioan egin dute grabazioa, Usurbilen (Gipuzkoa). Harregik berak egin ditu teknikari lanak, eta ekoizpenean lagundu dituela adierazi du Atxurrak. Masterizazioa Bartzelonako Ultramarinos Studios-en egin dute, Victor Garciarekin.

Esentzia eta bilakaera

Eutsi egin diote diskoak izendatzeko erabili izan duten terminologiari. Lehen McEta kenduta, denek jarraitu dute hari bera: Piraten matxinada, Galarrena, Gure naufragioak eta orain Bitakora. Itsasontzietako iparrorratz kutxa, eta baita nabigazio koadernoa gordetzen zen lekua ere. Betiko iruditegia baliatu dute; lehen disko horretatik dakarten itsasoko lexikoa: kresala, itsasoa, ura, olatuak, eta garezurrak. Ez da denboran mantendu den gauza bakarra. 2012 hartatik dakartzate inkonformismoa eta kritika. Honetan ere islatu dute mundu ikuskera hori. Kontrolatzen abestian egungo gizarteari zuzendu dizkiote iruzkinak, eta sare sozialek, indar polizialek, nagusiek, eta GAFAk —Googlek, Amazonek, Facebookek eta Applek— ezartzen duten kontrola nabarmendu dute, besteak beste. Igarri daitezke pandemiaren zantzuak abestietan, auzokideek konfinamenduan egindako kontrolaz ere aritu baitira.

Hamar kanta bildu dituzte diskoan, eta kolaboratzaileek parte hartu dute den-denetan. «Hamar kanta, hamar kolaborazio. Edo hamaika, euskaraz», esan du txantxetan Iturraspek. Izan ere, Politikoki Zuzenaren Diktadura abestian Far From Finished taldeko Steve Nearyk eta Arkada Socialeko Hodeik lagundu diete. Guztira, 11. Hauek dira abestiak ontzen lagundu dieten beste artista batzuk: Fermin Muguruza, Liher-eko Lide Hernando, Sorotan Beleko Gorka Sarriegi eta Kaleko Urdangak-eko Remen. Baita kanpoko jende asko ere: Svetlanas talde italiar-errusiarreko Olgak parte hartu du, eta Irlandako Blood Or Whiskey taldeko Dugs-ek. Haien ibilbidean «erreferenteak» izan direla azaldu dute. «Ate asko jo ditugu, eta, zorionez, batzuk zabaldu dira», esan du abeslariak.

Taldekoek diskoaren aurkezpena aprobetxatu zuten haien azken taldekidea aurkezteko: Maren Seijo bateria jotzailea. «Nik beti jarraitu izan dut talde hau agertoki kanpotik, eta hamar urte hauetan kanpotik behintzat kristoren bilakaera ikusi dut». Orain oholtza gainetik egin ahalko du jarraipena.

Euskal Herriko hamaika txokotan eskainiko dituzte zuzenekoak, eta maiatzaren 28an Delirium Tremens-en itzulera birarako Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia) egingo duten kontzertuan ere joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.