Albistea entzun

Hutsetik berrabiatzeko boza

Errobiko festibalak kantua izango du protagonista aurten. Uztailaren 21etik 24ra eginen dute
<b>Errobiko festibaleko zuzendari artistikoa, Julen Axiari, eta, laguntzaile arduraduna, Xavier Desmartis atzo.</b>
Errobiko festibaleko zuzendari artistikoa, Julen Axiari, eta, laguntzaile arduraduna, Xavier Desmartis atzo. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko maiatzak 24 - Baiona

«Betidanik festibalaren baitan izan dugu kantua, baina aurten bereziki azpimarratuko dugu. Espresio artistikoetan lehenbizi agertzen dena da kantua, baina baita ere azkenik desagertzen ahal dena kultura batean. Desagertzean, segur zara hila dela, kantua bizi deino arrapizten ahal da eta baita hizkuntza ere», erran du Julen Axiari Errobiko festibalaren zuzendari artistikoak.

Errobiko festibalaren 26. aldia hasia da bere buruaren erakusten; uztailaren 21etik 24ra iraganen da, beti bezala, Itsasun (Lapurdi). Haatik, aitzineko aste hondarrean, uztailaren 15 eta 16an, aitzin-festibala ospatuko dute toki berean, polifonia eta dantzaren inguruan.

Festibalean, protagonismoa kantuari emanen diote, «espresio artistiko sinple eta misteriotsuenari», zeinak emozioak eta hizkuntza garraiatzen baititu, azpimarratu du Axiarik.

Horregatik jinaraziko dituzte Itsasurat (Lapurdi) nazioarteko ahots «indartsuak». Konparazione, Danyel Waro berriz jinen da, jadanik izana baitzen festibalean 2016an. Reunion uharteko blues musikaren heroi gisa daukate, «Madagaskargo esklaboen boz» gisa aurkeztu du Axiarik. Musikari eta poeta da bera, maloya arte musikalaren defendatzaile sutsua, borroka antikolonialari errotik emana, Frantziatik askatzeko independentista ezaguna. «Kantuaren bidez bere kultura arrapiztu eta garatu du Warok. Kantuaren bidez gauza anitz egiten ahal dira». Hori ere badelako festibalaren xedeetako bat: «Kulturen aniztasuna defenditzen dugu, baita gu, euskaldun gisa, non kokatzen garen munduarekiko ere. Munduarekiko irekidura defenditzen dugu: gure sustraiak garatu behar dira, horiek baikaituzte elikatzen».

Kantuaren beharra dute aurtengo lelo eta aldarri; Joxean Artzeren poemari kendu dizkio lerro batzuk ideiaren islatzeko, inspirazio iturri izan baitute: «Zeru goiko izarrek, zelaietako loreek, ba ote dute maite, zu eta nire arteko, kantuaren beharrik?».

Horregatik gomitatu dute Caro Dufau ere, Cocanha talde okzitaniarreko kantaria: «Gaskoia berrikasi du, eta orain gaskoiez bizi daiteke kantuaren bidez».

Leila Martial kantari frantsesaren ekarpen artistikoak, berriz, pigmeo, buhame eta inuit kulturetatik edaten du, eta boza posibilitateen mugetaraino daramaten tekniken zalea da.

Korsikatik A Filetta polifonia kantuz ariko da: «Korsikar abesbatzarik ederrena zait, korsikarrak dira, bai, baina elikatzen dira gauza askoz».

Axiarik aitortu du irrikan dela ekitaldiak hel daitezen: «Fenomenala da aurtengo egitaraua», bereziki larunbata arratseko Circle songs performancea, zeinean aski baitira hiru lagun kantuz hasteko, eta, zeinean publikoak nahiz artistek bat eginen baitute: «Sinpleki egin daiteke, borobilean, unibertsala da. Euskal Herrian ere ongi ezagutzen dugu, jauzi dantzetan, adibidez».

Etxeko artistek ere toki handia izanen dute. Salatu ditu haietako batzuk: Ezkandrai elkarte antolatzailearen kreazioaz gain, Ekhi Lambert, Amaren Alabak...

Dantza ere bertan izanen da: Lesakako Led Silhouette konpainiak Lys obra erakutsiko baitu: «Kantuz bezala, instrumenturik gabe adierazten dituzte emozioak dantzariek».

Transmisioa zio

Aurtengoak transmisioa du ardatz, zentzu anitzetan gainera. Alde batetik, Ezkandrai elkartea bera berrabiatzen ari baita, COVID-19aren etenetik landa: «Iazko aldi berezian Itxaro Bordaren poema ukan genuen; Zerotik abiatzeko poema, beraz, hutsetik arrapartitzen gara, eta kantuarekin», xehatu du zuzendari artistikoak. Artetik errateko, laguntzaileei dei egin diete elkarterat hurbiltzeko: «Nahi duen ororentzat zabalik gaude. Berrikuntza beharra ere bada!».

Bertzetik, kolpe latza bildu baitzuen iaz elkarteak: lehendakaria, Maite Etxemendi, zendu zen. Horiek hola, belaunaldi berriak hartu du orain zuzendaritza, Beñat Axiari, sortzaile eta artistak oraindik ere antolaketan segitzen badu ere.

Azkenik, transmisio artistikoa ere bai, egitarauan sartua baitituzte kantu ikastaroak. Alde batetik, Roy Hart Theatreko Marianne Le Tronek emanen du polifonia ikastaldia. Bertzetik, polifonian «munduko herririk aberatsena» ekarraraziko dute: Georgia, haiengandik zuzenean ikasteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...