Gaixo dagoen intxaurrondoa biziberritzeaz

Gaur estreinatuko dute 'Intxaurrak' antzezlana, Azpeitiko (Gipuzkoa) Topaketetan. Mairu tailerrak sortu du obra, Arnasguneak bekarekin

Intxaurrak antzezlanaren entsegu bat. MAIRU ANTZERKI TAILERRA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Iaz irabazi zuen Mairu antzerki tailerrak Intxaurrak antzezlana egiteko Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak beka. Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sortua da beka hori, euskarari egindako ekarpena aitortu eta ikusarazteko. Gaur aurkeztuko dute lana, Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian, 19:00etan, Antzerki Topaketen barruan. Manex Fuchs aritu da zuzendaritza lanetan. Testua idazteko, gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatu da Gaizka Sarasola Mairuko kidea: «Enborra biziberritzeko beharra islatzen du antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten». Euskaraz hitz egiten den herrien ezaugarriak, kezkak eta mugak bilduko ditu antzezlanak.

Historian zehar egindako bidaia bat izango dela azaldu du Sarasolak. Hori sortzeko bidean, aipatu du lehenbiziko zirriborroa behin beka lortuta proposatu ziola lantaldeari: «Udaberrirako jada hasiak ginen testuko pertsonaiak lantzen eta lehen bozeto bat egina geneukan maiatz-ekain alderako». Abuztuan, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean hartu zuten aterpe obra eszenara nola eraman pentsatzeko eta egokitzeko. Udazkenean sartzeaz batera, azken entseguak egiten aritu dira. Dinamoa sormen guneak lana «erraztu» diela aitortu du: «Aukera paregabea izan da han lan egitea eta hainbertze egunean espazioa zein baliabide teknikoak eskura izatea. Gauza ederra baita lan egin bitartean ongi pasatzea».

Arnasguneak naturan ere

Intxaurrak sortzeko, taldekideen «zalantza, oroitzapen, irudi, ideia eta metaforak» bildu ditu Sarasolak: «Osagai horiekin, ikusleek aukera izanen dute hunkitzeko, irri egiteko eta baita hausnartzeko ere». Gogotsu ari direla aitortu du, bira hastekoak baitira Uemako herrietan, eta jakin-mina duteberen «komunitateaz» gaindiko ikusleen inguruan: «Badugu gogo berezi bat jakiteko nola hartuko duten, hori ikusi nahi dugu. Identifikatuak sentituko ote diren, interpelatuak nolabait».

Lesakako (Nafarroa) Mairu taldeak hogei urteko ibilbidea du. Euskara izan zen biltzeko lehen aitzakia. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu zuen ikastaro baten ondorioz sortu baitzuten. Euskarak eta kulturak «beti izan dute eragina taldean», Sarasolaren hitzetan: «Antzezlanetan, gogoko dugu komunitateari eraginen dioten gaiak lantzea, tradizioa elikatuz, betiere».

Metaforak lantzea gogoko dute, eta hori izan dute ardatza lan honetarako ere: «Euskararen arnasgune deitzen diegu euskaraz hitz egiten den herriei, baina ingurunearen arnasgunea natura izaten da, orokorki». Zehaztu du gehienbat zuhaitzak izan ohi direla, eta biak uztartzen ditu kontakizunak. Gaixorik dagoen intxaurrondo baten jabea da Terexa protagonista; kezka ageri du haren arbolaren egoerarekin. «Istorio guztian, adarrak eta intxaurrak biziberritzeko beharraz arituko gara». Arbolak duen kaltea «bisuala» da, Sarasolak dioenez, «fruituak, kanpoko azal eta guzti erortzen zaizkio lurrera, eta intxaurrak, itotzeaz gain, usteldu ere egiten dira». Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen, eta larritasun horrek ito egingo du, nekeza egingo zaio arnasa hartzea. Mairu taldekoek egoera hori baliatuko dute azaltzeko inguruan dauden baldintzek eragin zuzena dutela norberarengan. Sarasolak nahiko luke jendea jabetzea «inguruan dauden baldintzek eta ezaugarriek» eragina dutela «herrietan, hizkuntzetan eta jendearengan, inguruan dauzkagun lurrek landareetan eragina duten moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.