Musika

Udaberriarekin, musika kalera

Musikasteren 51. aldia egingo dute maiatzaren 16tik 27ra bitarte Errenterian

Aizpea Otaegi, Pello Leiñena, Arantxa Arzamendi, Miren Albistur eta Andoni Iturbe, atzo. JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Errenteria
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Euskal sortzaile eta interpreteei bultzada emateko asmoz sortu zuten Musikaste Errenterian (Gipuzkoa), 1973an. Mende erdia joan da ordutik, eta aurten ere hamar eguneko egitaraua ondu dute euskal musikaren asterako, Eresbil Fundazioak eta Andra Mari abesbatzak. Datorren astean hasiko da, hilaren 16an, eta 27ra bitarte iraungo du.

 

51. aldi honek, aurrekoen gisan, Errenteriako hainbat oholtzatan hartuko du aterpe. 16ko inaugurazioan, Joanes Antxieta omenduko dute haren heriotzaren bosgarren mendeurrenean. Gaztelako eta Aragoiko Errege-erregina Katolikoen kapera maisu izan zen azpeitiar konpositorea. Carlos Mena kontratenorrak eta Manuel Minguillon bihuelistak errezitala emango dute. Agustinen Komentuan izango da kontzertua, konpositorearen garaikide baita, 1543an sortua.

Hurrengo egunean, 17an, Lied musika izango da entzungai. XIX. mendeko Alemaniako kantu-mota honek testu poetikoak ditu oinarri; ahots bakarrerako da, eta pianoaren laguntzaz kantatzen da gehienetan. Euskal kantutegiko doinu ezagunen errepasoa egingo dute Iñaki Salvador pianistak, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak eta Olatz Saitua sopranoak osatzen duten hirukoteak.

Ganbera musikak ere tokia izango du Musikasten. Zehazki, hilaren 19an. Maite Arruabarrenak jarriko du ahotsa, Aitzol Iturriagagoitiak biolina, eta Susana G. de Salazarrek pianoa. Aita Donostia, Jesus Guridi, Anita B. Idiartborde eta Emma Chacon konpositoreen obrak interpretatuko dituzte.

Igandean, egun handia

Errenteriako Orereta ikastolari dagokio aurten Kilometroak ekitaldia antolatzea, eta horri ere lekua egin diote programazioan. Izan ere, Errenteriako, Hendaiako eta Ziburuko (Lapurdi) eskoletako ikasleek kontzertua eskainiko dute 20an Lekuona Fabrikan. Jon Maia dantzariak egin du saioaren gidoia, eta Maddalen Dorronsorok zuzendu du. Thierry Biskari musikaria eta Sua Enparantza dantzari eta aktorea gonbidatu dituzte.

Igandea garrantzi handiko eguna izan ohi da Musikasteren programazioan. Errenteriako txistularien dianak zabalduko du eguna, Xabier Vesgaren zuzendaritzapean. Gerardo Rifonek organoa joko du 10:30ean, Andre Mariaren Zeruratzea parrokian. Manuel Gamarra, Nicolas Maria de Tolosa eta Eduardo Mokoroaren konposizioko obrak. Segidan, Mariaren Bihotzaren Abesbatzak Luis Elizalderen liturgia errepertorioa interpretatuko du Alain Aierdi zuzendariak gidatuta. Eguerdi partean, Errenteriako Bandak Marcelino Amenabarren, Tomas Araguesen, Tomas Asiainen, Felix Lavillaren, Julian Lavilaren eta Florentino Peñafielen obrak joko ditu Koldo Mitxelena ikastetxean.

Jaialdiaren bigarren astean, jardunaldi pedagogikoak izango dira. Kontzertu horietara udalerriko 1.300 ikasle joango dira hilaren 22an, 23an eta 24an. Maribel Oiloae musika fabularen estreinaldia ikusiko dute, besteak beste. Anitz Musikaren eta Tepodo konpositore elkartearen ekoizpena da.

Xabier Olaskoaga plazak ere hartuko ditu kontzertuak 25ean, 26an eta 27an. Errenteriako Arte Eskola aritu da koordinazio lanetan; orkestra musika, trikitia, dultzaina eta jazza uztartuko dituzte.

Musika molde ugari jorratu nahi izan dituzte aurten programazioan, eta garaikideari ere heldu diote. Maiatzaren 24an, beraz, Niessen kulturguneko agertokira igoko dira Luis Fernandez klarinete jotzailea, David Apellaniz biolontxelo jotzailea eta Carlos Apellaniz pianista. Zortzi obra joko dituzte: Hilario Extremiana, Isabel Urrutia, Javier Jacinto, Maite Aurrekoetxea eta Beatriz Arzamendi konpositoreen lanak.

Oholtza berean, hilaren 25ean, Islak lana aurkeztuko du Mikel Azpiroz pianista donostiarrak. Ez da bakarrik arituko, ordea: Karlos Aranzegi bateria jotzaileak eta Fernando Neira kontrabaxu jotzaileak lagunduta.

Gorriz markatutako eguna

Koru eguna ere Musikasteren «altxorretako» bat dela azpimarratu dute antolatzaileek. Arantxa Arzamendi Andra Mari abesbatzako presidenteak aipatu duenez, «gorriz markatutako» eguna da. Ospe handia du, eta Euskal Herriko hainbat lurraldetako taldeak biltzen ditu. Aurten, Bilboko Akelarre abesbatza,Gasteizko Suessatio taldea, Barañaingo Abesbatza (Nafarroa) eta etxean arituko den Andra Mari abesbatza egongo dira Lekuona Fabrikan, maiatzaren 26an.

Hor izango da, hain zuzen, amaiera kontzertua, hilaren 27an. Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak errepertorio zabala eskainiko dute Juan Jose Oconen zuzendaritzapean, Felix Ibarrondoren Euskal serenata lanaren estreinaldiarekin.

Sarrerak eskuragarri daude jada Eresbil fundazioaren egoitzan, Lekuona Fabrikan eta Errenteriako Udalaren webgunean. Dena den, areto bakoitzeko leihatilan kontzertua baino ordubete lehenago ere erosteko aukera egongo da. Bost eta zazpi euro bitarte balioko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.