Kultura bilatzaile digitala jarri du abian Eusko Jaurlaritzak

Webgune bakarrean informazio ugari ematea da Liburubilaren helburua. Finlandian sustatu zuten antzeko ekinbide bat izan dute eredu

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Kultura herritarren esku. Dohainik, arin eta erraz. Ideia horri jarraikiz, 2017an hasi zen Eusko Jaurlaritza webgune bakarraren ideia garatzen, aurretik emandako zerbitzua hobetu nahian. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak aurkeztu dute Liburubila atari kulturala,Euskadiko Artxibo Historikoan. Liburu bilatzaile hutsa izatetik harago, herritarrek filmak, audioak eta bestelako dokumentuak izango dituzte eskuragarri bertan, dena bilatzaile bakarrean bildua. Guztira, 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikus-entzunezko artxibo, 70.671 audio eta 11.000 dokumentu digitalizatu biltzen ditu Liburubilak.

Joxean Muñozek leihatila bakarra kontzeptua erabili du Liburubila zer den laburbiltzeko. Azkar doan munduan, herritarrek azkar behar dute informazioa. Hortaz, zerbitzu erraz eta doako bat eskaini nahi izan dute, Finlandian sustaturiko egitasmo bat eredu, aurretik sortutako bilaketa sarea hobetze aldera.

Erabiltzaileak informazioa nolanahi eskuratu ahal izango du; tabletan, sakelakoan eta ordenagailuan, esaterako. Klik bakarrean, hainbat bilaketa aukera eskaintzen ditu: bilaketa leihatilan egile baten izena, film zein liburu baten izenburua edo hitz gako batsartuz, aukera berehala agertuko da zerrenda pantailan. Mikel Aizpuruk adierazi du «irakurlearen baldintzetara egokitutako bilaketa» dela. Bilaketaren emaitzak gertuen duen liburutegiraino bideratzen du erabiltzailea, eta euskarri digitalaren edo fisikoaren artean aukeratzen uzten dio.

«Jendeak liburu fisikoak irakurtzen ditu», adierazi du Muñozek, «baina gero eta garrantzitsuagoa da liburu hori ba ote dagoen eta non dagoen jakitea, eta informazio bilaketa hori guztia modu digitalean egitea».

Hainbeste informazio kudeatzeko, Jaurlaritza elkarlanean aritu da Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea osatzen duten liburutegiekin, ahalik eta bilaketa osatuena bermatu nahian. 500 liburutegitik gora dira plataformako kide, eta bertan aurki daitezke bilaketaren atzean dauden produktu fisiko guztiak. Era berean, produktuak era digitalean kontsumitzeko aukera bermatua dago: eLiburutegia da, hain zuzen ere, horretarako espazioa. Eusko Jaurlaritzak 2014an abiatu zuen egitasmoa, baina, duela hilabetera arte, liburuak soilik eskaintzen zituen. Egun, 1.600 film eta 600 audioliburu gehitu zaizkie lehendik zeuden 15.000 liburuei.

Baldintza bakarra Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sareko kidea izatea da. Horretarako, edozein liburutegitan txartela eskatu eta erabiltzaile zein pasahitza eskuratzeko aukera dago.

Doakoa, baina ez pirata

Produktuak doako zerbitzu gisa eskainiko dira, Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu du baina sortze kostuak ordaintzeko. Kultura sailburuordeak bereizketa egin du doakotasunaren eta pirateriaren artean, eta azaldu du garrantzitsua dela egile eskubideak aitortzea: «Guk egiten dugun eskaintza hori guztia pirateriatik kanpo dago; egileek eta editoreek egindako lanagatik sortzaileen ordaina jasotzen dute». Pirateria praktika «kaltegarria» dela argudiatu du, eta gehitu du sortzaileek saria jaso behar dutela egindako lanagatik, modu batean edo bestean. Hala ere, ekoizpen etxe zein bestelako enpresa pribatuekin izan ditzaketen arazoak saihesteko, filmak estreinatu eta urtebetera egongo dira Liburubilan eskuratzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.