Sei lan gehiago Zinemaldiko Sail Ofizialeko zerrendarako

Garrel, Jie, Mendoza, Novotny, Strickland eta Van Groeningenen lanak ere lehian izango dira. Oraingoz, hamazortzi dira lehiakideak

Peter Stricklanden In Fabric filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak atzo jakinarazi zituen aurtengo Sail Ofizialean lehiatuko diren beste sei filmen izenak: Louis Garrelen (Paris, 1983) L'homme fidèle; Liu Jieken (Tianjin, Txina, 1968) Bao bei er; Brillante Mendozaren (San Fernando, Filipinak, 1960) Alpha: The Right to Kill; Tuva Novotnyren (Stockholm, 1979) Blind Spot; Peter Stricklanden (Reading, Erresuma Batua, 1973) In Fabric; eta Felix van Groeningenen (Gante, Flandria, 1977) Beautiful Boy.

L'homme fidèle Garrelen bigarren filma da, eta behinola bikote izanak diren Marianne (Laetitia Casta) eta Abel (Garrel bera) berriro elkartzean sortutako gorabeherak kontatzen ditu.

Bao bei er filmean, berriz, gaitz genetiko arraroa daukan neska bat, 19 urteko Jiang Meng (Yang Mi), da protagonista. Ospitale batean egiten du lana, eta gaitz bera daukan haur txiki bat salbatzeko eginahalean arituko da, Txinako Gobernuaren haur bakarraren politikaren testuinguruan.

Mendozaren Alpha: The Right to Kill lana, bestalde, Filipinetako Gobernuaren drogen aurkako politikaz ari da, metanfetamina banatzaile bat atxilotzeko polizia operazioa ardatz hartuta. Polizia batek drogaz betetako poltsa bathartzen du.

Novotnyren Blind Spot-ek gai intimistagoa du: alaba nerabearekin ondo konpontzeko arazoak dituen ama baten (Pia Tjelta) istorioa da. Tragedia batek familia osoa astinduko du.

Stricklanden In Fabric mamu filma da. Saltegi handi bateko neguko merkealdi jendetsuetan kokatzen du ikuslea, eta emakumez emakume ondorio latzak eraginez pasatzen den jantzi baten arrastoan harilkatzen du zuzendariak argudioa.

Van Groeningenen Beautiful Boy-k, azkenik, AEBetan bestseller izan zen drama kontatzen du: David eta Nick Sheff aita-semeen memoria liburuetan dago oinarrituta. Memoria horietan, semearen (Thimotee Chalamet) droga mendekotasun gorabeheratsua dela-eta aitak (Steve Carell) eta familia osoak bizi izandakoak kontatzen dituzte.

Hamazortzikoa

Atzoko seiekin, hamazortzi lehiakideko zerrenda osatu du Zinemaldiak. Juan Vera argentinarraren El amor menos pensado-k hasiko du lehia, inaugurazio egunean. Ondoren etorriko dira, lehen aipatutako sei lan horiez gain, Markus Schleinzer austriarraren Angelo, Simon Jaquemet suitzarraren Der unschuldige, Rodrigo Sorogoyen espainiarraren El Reino, Isaki Lacuesta katalanaren Entre dos aguas, Claire Denis frantsesaren High Life, Kim Jee-woon korearraren Illang: The Wolf Brigade, Valeria Sarmiento txiletarraren Le cahier noir, Carlos Vermut espainiarraren Quién te cantará, Benjamin Naishtat argentinarraren Rojo, Naomi Kawase japoniarraren Vision eta Iciar Bollain espainiarraren Yuli. Lehiatik kanpo, beste hiru film emango dituzte. Tartean, Telmo Esnalen Dantza. Klausura filmaren izena aurki jakinaraziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.