Habia behar zuena zulo beltza denekoa

Tanttakaren 'Izoztutako haizea bezala' lan berriak familia barruko abusuak dakartza taula gainera. Gaur estreinatuko dute, Donostian

Tania Fornieles eta Nerea Elizalde aktoreak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Tiro bat farmazia batean, arratsaldeko zortziak inguru direnean. Ihesa, negarra, beldurra. «Zortziak laurden gutxi ziren, gutxi gorabehera, oso argi nuen; inor ez egon arte itxaron behar nuen», ozen baina ahots urduriz, Koldo Olabarri aktoreak taularen eskuinaldetik. «Kalea gurutzatu nuen begirada artean iltzatuta, nire inguruan pasatzen zen jendearengan arretarik jarri gabe. Barrutik dena oso azkar astintzen zen, eta bihotza lehertzeko zorian sentitzen nuen», Tania Fornielesek, indarrez eta negarra atera behar zaionaren amorruz, ezkerraldetik. Taupada azkarrak diruditen kolpe batzuk gidatzen dute eszena, eta zuri-beltzeko irudi azkarrak ageri dira atzeko pantailan. Nerea Elizalde aktorea, orain, ahots larriz eta agertoki erditik: «Farmazia itxita egongo zela uste nuen, baina ez zen hala. Bizikleta atarian utzi, eta sartu egin nintzen».

Suspense giro horrek abiatzen eta biltzen du Tanttaka konpainiaren antzezlan berria: Izoztutako haizea bezala. Thriller baten egiturarekin, familia barruko abusuak ditu ardatz, eta hiru lagunen istorioak harilkatzen ditu; hirurentzat zulo beltz bat bihurtu da etxeko eremua, eta herrestan daramate familiako kideren batek haiekin izandako tratu txarra. Aitak bortxatu duen alabarena da abusuetan kasurik argiena, baina familia giroko bestelako jazarpenak ere erakusten ditu obrak.

Fernando Bernues zuzendariak aipatu du maite duela «emozioen eta nozioen» antzerkia, eta horren adibidetzat jo du Izoztutako haizea bezala. «Murgiltzea kostatzen zaigun errealitateetan sartzeko ahala du obrak», nabarmendu du, eta Rafael Herrero testuaren idazleari aitortu dio horretarako trebezia. «Prentsako izenburuetatik harago joatea gogorra da; ia-ia nahiago dugu gai hauetaz ez jakitea. Horrelakoetan, bizitza zailtzen diogu halako egoera bati aurre egin behar dionari». Kontrara, antzerkiak errealitate gordinak «sozializatzeko» balio dezake Bernuesentzat: «Hala ere, Herrerok idatzi duena eta guk egin duguna antzezlan bat da, ez abusuei buruzko hitzaldi bat».

«Galtzaile profesionalak»

Ana, Marta eta Dani dira antzezlaneko pertsonaiak, hirurak emozionalki amildegi ertzean direnak. Olabarriak jokatzen du Daniren rola. «Galtzaile profesional bat naiz», laburtu du. «Nahiko bizitza puta izan dut, lapurtu beharra daukat bizitzeko; eta, gutxien espero dudanean, hilketa bat gertatu, eta harekin nahasten naute. Nire bizitza kakaztuta bazegoen aurretik, horrekin askoz gehiago».

Elizalde Ana da obran, heziketa fisikoko irakasle bat, «nahiko bakartia» eta txikitatik dantzari izan nahi duena. «Baina ez zaio ondo atera; galtzaile profesionala da bera ere». Aitaren heriotzaren ostean, harremana gaiztotuko da Anaren eta horren amaren artean.

Fornieles da obrako hirugarren aktorea, eta Marta bere pertsonaia. Aitak umetatik bortxatu du, eta amak ez dio sinetsi izan. «Oso gaizki maitatu dute», Fornielesen hitzetan. «Neska berezia da; txikitan arriskutsua zela zioten, eskolakideekin beti liskarrean aritzen zelako». Urteetan aurrera, bere antzeko kasu bat bizi izan duen emakume bat ezagutuko du, eta inflexio puntu garrantzitsu bat izango da haren bizitzako istorioan.

Gazteak dira hiru aktoreak, eta, Bernuesentzat, hori da antzezlanaren indarguneetako bat: «Halako intentsitatea eta konplexutasuna duten rol oso gutxi daude aktore hain gazteentzat». Horrek erakarri zion antzezlan honetatik. Horrek eta testuaren eszenaratzeak ekarri dion erronkak: «Egin daitezkeen antzezlanak baina nola egin ez dakizkidanak gustatzen zaizkit. Eta hau muntatzeko oso obra zaila da formalki. Espazio askotara egiten du salto».

Hala, jendaurrean erakusteko, gertuko formatura jotzea erabaki dute. Posible duten kasuetan, agertokitik metro gutxira jarriko dituzte ikusleentzako aulkiak.

Trilogia baten azkena

Izoztutako haizea bezala obrarekin abusuaren aurkako trilogia itxiko du Tanttakak. Soka izan zen hiruretan lehena, zeinak eskola jazarpena landu zuen, gimnasioan ikasle bat urkatuta aurkitu zuen irakaslearen istorioaren bidez. Eta Giltzadun etxea heldu zen ondotik, indarkeria matxistaren gaiari heltzen ziona; abegi etxeetako eta larrialdi etxeetakoerrealitateari, zehazki.

Aurreko lanekin egin bezala, euskaraz eta gaztelaniaz emango dute obra berria ere. Aizpea Goenagak ekarri du jatorrizko testua euskarara. Gaur estreinatuko dute Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, eta bigarren emanaldi bat eskainiko dute bihar, han bertan. Bilbora helduko da gero, urriaren 18an; eta handik Gasteizera egingo du, hilaren 19an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.