Etorkizuneko gizadiaren irudikapena

Teknologia berriek norbanakoengan duten eragina aztertuko dute 13. Getxophoto jaialdian. Irailaren 4tik 29ra bitarte egingo da

Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendaria, atzoko aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Getxo
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Ez dut sentitzen teknologia erabiltzen dudanik, ezta teknologia aldean daramadanik ere: teknologia naizela sentitzen dut». Horiexek Neil Harbisson artista ingelesaren hitzak. Aktibista Cyborg-a da Harbisson: robot zatiak atxikita ditu gorputzean, eta, buruan txertatua duen antena bati esker, gai da gizakiek igartzen ez dituzten kolore eta izpi infragorriak ikusteko. Getxoko (Bizkaia) Getxophoto Nazioarteko 13. Irudi Jaialdian izango da Harbisson. Irailaren 4tik 29ra bitarte egingo dute, eta teknologia berriek norbanakoengan duten eragina landuko dute, Post Homo Sapiens. Etorkizuna programatu izenburupean prestatu duten programazioan.

«Azelerazioak, automatizazioak, adimen artifizialak eta ,oro har, aurrerapen zientifikoek erronka berriak proposatzen dizkigute; transhumanismoaren kontzeptura hurbiltzen ari gara», azaldu du Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak. «Nola eragingo digu horrek guztiak?». Galderari eutsi nahi diote aurtengoan, eta, horretarako, nazioarteko hogei artistaren lanak erakutsiko dituzte udalerriko hainbat txokotan. Atzo egin zuten aurkezpena, Algortako Portu Zaharrean (Getxo).

Hiru urteko komisariotzak egiten ditu jaialdiak, eta Monica Allende komisarioaren azken urtea da aurtengoa. 2017an hartu zuen Allendek jaialdiaren gidaritza artistikoa, eta «trantsizioaren trilogia» aurkeztu zuen orduan, hiru aldiko iraupena izan duen gaia. «Oro har, esango nuke denok dugula sentipena aldaketa garai batean bizi garela, teknologia berrien agerpenaren ondorioz. Ezagutzen ez dugun etorkizun baterantz goazela dirudi, eta nolabaiteko ezinegona sortzen digu horrek. Nondik gatozen eta nora goazen aztertzea izan da azken hiru urteetako jaialdien asmoa», argitu du Aspuruk. 2017an, bere horretan landu zuten gaia artistek, postglobalizazioa zentzu zabalean arakatuz. «Globalizazioak mundu mailan ekarri dituen aldaketak jorratu genituen, ardatz orokorrei helduz». Iaz, berriz, gatazkak landu zituzten. «Trantsizioaren gaian jarri genuen zooma, eta globalean ez, baizik eta gizartean jarri genuen fokua».

Aurtengoan itxiko dute trilogia, eta begirada are gehiago murriztu dutela azaldu du zuzendariak. «Azken aldi honetan, are gehiago txikituko dugu zooma, eta norbanakoei begira jarriko gara». Besteak beste, androideen eta gizakien arteko bereizketa edo bereizketarik eza landuko dute Getxophoton izango diren artistek. Maija Tammi argazkilari finlandiarraren One of Them is a Human lana jarri du Aspuruk adibide gisa. «Tammik erretratuak egin zizkien hiru androideri eta gizaki bati, eta gizakia zein den asmatzeko desafioa jarri zien ikusleei; ia ezinezkoa da bereizketa egitea».

Aspuruk azaldu duenez, artistak Taylor Wessing sariketa sonatura aurkeztu zuen irudi horietako bat, eta baita irabazi ere. «Arauetan zehazten zen erretratuetan agertzen zirenek gizakiak izan behar zutela, baina androide bat azaltzen zen irudiari eman zioten saria. Eztabaida bizia eragin zuen horrek argazkigintzaren sektorean». Gaiari buruzko gogoeta egin du Aspuruk, segidan. «Azken urteetan, munduan izan diren aldaketen aurrean, indar handia hartu du globalizazioaren aurkako mugimenduak; baina, diotenez, etorkizunean, robotizazioaren kontrako mugimenduak hartuko du leku hori». Ertz horiek ikusgai egitea da, besteak beste, 13. Getxophoto jaialdiaren xedea.

Haley Morris-Cafiero artista estatubatuarraren lana ere izango da ikusgai. Aspuruk zehaztu duenez, emakumearen gorputzaren irudikapen bisualaren eta edertasuna, onarpena, tolerantzia eta ziberjazarpenaren kontzeptuen inguruko gogoeta egiten du artistak The Bully Pulpit lanean. «Ziberjazarpena jasan du Morris-Cafierok, eta zera erabaki zuen: bere jazarleen soslaiak ikertu ondoren, haietaz mozorrotu, eta haiek idatzitako mezuak irudietan txertatzea».

Gero eta nazioartekoago

Hiru espazio nagusitan bilduko dituzte jaialdiko erakusketak: Telletxe plazaren inguruko aretoetan, Ereagako hondartzaren inguruan eta Punta Begoñako galerien eraikinean. Bigarren urtez, Open Call lehiaketa irekia antolatu dute, proposamen berriei programazioan parte hartzeko aukera zabalduz. «Arrakastatsua» izan da aurtengo deialdia, Aspururen hitzetan: 35 herrialdetako 190 proposamen —3.015 irudi— jaso dituzte, eta guztien artetik bost aukeratu dituzte epaimahaikideek: Morris-Cafieroren The Bully Pulpit lana; Jaakko Kahilaniemi finlandiarraren Past-it; Federico Estol uruguaitarraren Heroes del brillo; Claudia Gori italiarraren The Sentinels: Electro Sentsitivy in Italy; eta, azkenik, Italiako Ezio D'Agostinoren NEOs lana. Punta Begoñako galerietan jarriko dituzte ikusgai horiek guztiak.

Jaialdiak iraun bitartean, hainbat ekitaldi izango dira; besteak beste bisita gidatuak eta argazkigintzari buruz gogoeta egiteko jardunaldiak antolatu dituztela azaldu du Aspuruk. Aurtengoan, Getxotik kanpo ere izango da Getxophoto: irailean erakusketa bana jarriko baitute Donostiako Kultur Kutxan, Bilboko Foru Liburutegian eta Euskal Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.