Albistea entzun

Erro zaharreko doinu berriak

Joseba Tapiak zuzenean grabatu du bere bakarkako ibilbideko zortzigarren diskoa, 'Tranpaldo'
Joseba Tapia, lan berria eta trikitia eskuetan duela, atzo, Donostian.
Joseba Tapia, lan berria eta trikitia eskuetan duela, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2019ko abenduak 5 - Donostia

Ia lau hamarkada dira Joseba Tapia plazetan jotzen hasi zela. Xabier Berasaluze Leturia lagunarekin aritu izan da urte luzez, baina bakarkako ibilbideari ere aspaldi ekin zion, duela hogei urte. Urteotan guztiotan bakarkako zazpi disko plazaratu ditu, eta, ibilbide hori ospatzeko, zortzigarren lana aurkeztu berri du. Tranpaldo jarri dio izena, eta duela urte batzuk sortu zuen Zakurraren Biolina zigiluarekin eman du argitara.

Zuzeneko diskoa da plazaratu berri duena. Usurbilen (Gipuzkoa), joan den urrian, zuzeneko bi saio eman, eta grabatu egin zituen. Emanaldiak bi ordutik gorakoak izan arren, bertan jotako hamar kantu aukeratu ditu lan berrirako. Bai bakarkako ibilbidean ondutako diskoetakoak, bai Leturiarekin kantatu izan dituenak.

Hamar laguneko taldea osatu du oraingoan Tapiak, eta, gitarrarekin aritu ondotik, trikitia hartu du berriro esku artean. Berak ez ezik, Leire Berasaluzek, Nerea Erbitik eta Kristina Aranzabek jarri dituzte ahotsak zuzeneko diskoan. Musikarien artean, berriz, Ion Celestino (tronpeta), Ibon Irixoa (saxofoia), Asier Ituarte (tronboia), Jexux Aranburu Txus (organoa), Iñigo Telletxea (baxua) eta Iker Uriarte (jazpana) aritu dira. Eta diskoaren berezitasuna, hain zuzen, taldearen nolakotasunarekin lotu du Tapiak: «Alde batetik metala dago, tronpeta, saxofoia eta tronboia; eta, beste alde batetik, koruak. Eta erdian, trikitia, aita santua bezala, sermoia ematen», azaldu du, umorez.

Grabazioa orain gutxikoa bada ere, abiapuntua lehenagokoa du proiektuak. Ion Celestino eta Nerea Erbiti ezagutu izana dago, Tapiaren hitzetan, lanaren sorburuan. Orain dela hiru bat urte ezagutu zuen Celestino, bera kide den Broken Brothers Brass Band taldearen emanaldi batean. «Broken Brothers ikusi nuen Intxaurrondon [Donostia], eta sorpresa ederra izan zen: ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Hantxe bertan esan genion elkarri noizbait zerbait egin behar genuela». Celestinoren hitzetan, hari batek lotzen zituen: «Hari hori herri musikarena edo musika popularrarena da, zentzu zabal batean. Gu, azkenean, musika beltzetik, jazzetik eta funketik heldu gara, eta musika horrek guztiak busti du XX. mendetik hasi eta gaur arteko herri musika ia guztia; hasi blues edo rocketik eta gaur egungo gauza elektronikoetaraino, muinean beti musika beltza dago, freskotasun hori. Eta gu ere Euskal Herriko herri musikaren zale egin bagara, freskotasun edo komunikazio zuzen horregatik egin gara».

Orain bi urte, Celestinok Iruñea Nola topaketara gonbidatu zituen Tapia eta Erbiti. «Ni, garai hartan, jazz ikasketak egin eta jazza abesten ibili ondoren, pixka bat atzera begira nenbilen, nire erroetara begira», azaldu du Erbitik, trikiti munduan ere ibilitakoa dena. Ordurako Tapiak proiektu berriaren ideia buruan zeukala eta oso polita iruditu zitzaiola gehitu du. «Ez genuen nahi izatea trikitia, panderoa eta bi ahots, eta beste bi abeslarirekin kontatzeko aukera izan genuen, Leire eta Kristinarekin. Oso interesgarria izan da».

Kantuen moldaketak

Iruñeko topaketa hartan, elkarrekin eta beste hainbat musikarirekin aritu ziren denak. Eta ezusteko atsegina hartu zuen Tapiak. Gogora ekarri du duela urte dezente mahai inguru batean parte hartu zuela Josu Zabalarekin, eta Zabala kexu agertu zela trikitiak beste instrumentu batzuekin elkartzeko zailtasunak zituelako. «Bere arrazoia zen oso tonu arraroa zuela gure trikitiak. Frantzian, Italian, Mexikon, Kolonbian... soinu diatoniko hori normalki Sol edo Do tonuetan jotzen zuten, edo La edo Re, justu rock munduak natural samar erabiltzen dituen tonuak direnak. Baina gure trikitiak Si bemolean zeuden». Iruñeko topaketan, baina, jotzen hasi, eta haiek ere Si bemolean aritzen zirela konturatu zen. «Oso natural eta oso ederki moldatzen nintzen hauen ondoan».

Bi urtez aritu ziren hainbat kanturi moldaketak egiten; «orraztu, kendu, moztu, probatu...», Tapiaren hitzetan. Kantuak hautatzeko, testu aldetik lelo kantagarriak zituztenak eta festa giroan ongi eman zezaketenak izan zituen buruan. Baina baita bere ibilbidearen lagin bat erakuts dezakeen bilduma bat egitea ere. Haren jarduteko modua goraipatu du Celestinok: «Prozesu honetan niretzat gauza interesgarri bat izan bada, hori da ikustea zuretzat erreferentea den musikari bat, bere burua eta bere lana beti dudan jartzeko eta aurrera ateratzeko har hori apaldu ez zaiona. Uste dut guztiontzat gauza oso bizia dela talde honetan egotea, hain justu horregatik, musika berriak entzun eta egiteko molde berrietara irekia dagoelako».

Behin zuzenekoa grabatuta, kontzertu gehiago egiteko asmoz daude orain. Urtea bukatu aurretik, hiru behintzat lotuak dituzte.

HURRENGO KONTZERTUAK

Abenduak 8. Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian, 18:30ean.

Abenduak 13. Pausuko (Lapurdi) Xaia ostatuan, afalondoan.

Abenduak 20. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 22:00etan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Jon Ander Urresti aktorea, sormen bekaren saria heltzen. ©Marisol Ramirez / Foku

Jon Ander Urresti aktorearen 'Eucalyptus' proiektuak irabazi du sormen beka

Andoni Imaz

Eukaliptotik abiatuta, «lurren eta bizitzen kudeaketari» buruzko lan bat sortuko du Urrestik, antzerkia eta dantza uztartuz. Beka 15.000 eurokoa da, eta datorren urteko azokan aurkeztu beharko du emaitza.

Gaztetxo talde bat, atzo goizean, Durangoko Azokako ateak irekitzeko zain. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Galdera olde bat ateei bultzaka

Andoni Imaz

Ehunka gazte izan dira Durangoko Azokako Ikasle Goizean, eta haiek ekarri dituzte azokaren itzulerako lehen pilaketak. Kontzertuetan eta tailerretan ere parte hartu dute gazteek
Ikasleak, atzo, Landako gunean. ©Marisol Ramirez / Foku
Aurten, 248 erakusmahai jarri dituzte guztira Landako gunean, eta 930 nobedade daude bertan salgai. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eta azkenik argia?

Itziar Ugarte Irizar-Iñigo Astiz

Itxaropentsu daude liburu eta disko saltzaileak aurtengo Durangoko Azokak har dezakeen itxurarekin. Azken bi urteak gorabeheratsuak izan direla diote, eta izan da 2020. eta 2021. urteak «hekatonbetzat» jo dituenik ere

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...