Bob Dylanen hitzak, doinuei gailenduta

Abeslariaren hitz euskaratuen errezitala emango dute gaur Iker Diaz Letamendik eta Adolfo Garciak Bilboko Bidebarrietan

Bob Dylanen ibilbide artistikoko piezarik esanguratsuenak errezitatuko dituzte Dylan dosia-n. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Bakoitzak ideia propioa du Bob Dylanen inguruan». Aurpegi anitzeko Dylani beste bat gehitu dio Iker Diaz Letamendi aktoreak berak. Adolfo Garcia Gorria musikariarekin batera, Dylan dosia. Bob Dylan gogoan ikuskizuna ondu du, eta, «jatorrizkora ahalik eta gehien hurbiltzea» xede duten arren, izango du euren Dylanek berezitasunik, formalki bada ere: euskaraz arituko da, eta errezitatuak izango dira haren hitzak, ez abestuak. Loraldia jaialdiaren barruan estreinatuko dute ikuskizuna, gaur, 19:30ean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Sarrera doakoa izango da.

Dylan ekarri nahi dutela dio Diaz Letamendik, baina, batez ere, «haren hitzen ikuspuntutik». Hala, abestien edukia izango da ikuskizunaren muina: «Funtsa hori da. Guk Dylanen mezuari ematen diogu indarra». Abeslariaren ibilbide musikal osoko kantek osatzen dute errepertorioa, azken diskokoek izan ezik. Oro har, «xarma eta indar berezia eta sakontasun handia» duten sorkuntzak dira arratsaldean taularatuko dituztenak, Diaz Letamendik adierazi duenez, eta, gainera, eguneroko arazoei heltzen diete, nahiz eta batzuk 60ko hamarkadan idatziak izan: «Horregatik da oso berezia: orain dela 60 urte idatzitakoak pil-pilean daudelako oraindik ere. Bizi ditugun garaietarako oso egokiak dira, aldaketa garaia islatzen baitute, askotan esperantzarik gabekoa izaten dena».

Hala ere, Dylan ez da autore erraza. Hala uste du Diaz Letamendik, eta, aldi berean hitz egiten du zalearen zein itzultzailearen ikuspegitik. Zale gisa, jarraitzaileei «izkin» egiten baitie abeslariak: «Leku batean dagoela uste duzunean, hortik mugitu da jada». Haren abestiek diotena poliki aurkituz joan beharreko mezua dela dio, eta leiho txikiekin alderatzen ditu, zeintzuetan «pixkanaka barneratuz» joan behar baita. «Abestiek ez dute beti ageriko mezu bat izaten. Bakoitzak bere irakurketa egiten du. Dylan bera baino, guretzat garrantzitsuagoa da Dylanek egindako ekarpena».

Aniztasuna dario Dylanen obrari, eta, zaleak disfrutatzen badu ere, itzultzaileari hainbat buruhauste ekarri dizkio. Izan ere, Diaz Letamendik euskaratu ditu hitzak: «Ez dira itzultzeko errazak. Ingelesez ere ulertzeko zailak dira, hizkuntza propioa erabiltzen duelako askotan, eta Bibliako eta beste liburu pila bateko testuekin hornituta daude. Zaila da zati batzuk lau hitzetan ematea, asko luzatu barik». Ahaleginak ahalegin, kantuen jarioak gainezka egin du, moldearen neurria gaindituz: «Kantak itzultzerakoan, asko galtzen da. Hitzak, erritmoak, errimak... eskatzen dituzte, eta askotan laburtu behar izaten dira, edo beste irtenbide batzuk aurkitu. Guk mezuarekiko ahalik eta fideltasunik handiena lortu nahi genuen». Edukia ez ukitzeko, hortaz, forman eragin dute, eta horregatik errezitatuko ditu hitzak abestu beharrean. Badago, ordea, formatua justifikatzen duen bigarren arrazoi bat, Diaz Letamendik azaldu duenez: «Ezin zara Dylanen pare jarri. Alde horretatik, gure agerpena zintzoa izango da: abestuz ez duzu lortzen haren mezura hurbiltzea, eta hartara errezitala».

Gailen, baina lagunduta

Diaz Letamendiren ahotsean egongo da Dylan, baina baita Adolfo Garcia Gorriaren perkusioan ere, nahiz eta «bigarren mailan» agertu, musikariaren hitzetan. «Funtsean, testuari lagunduko diot, giro konkretuak sortuz hitzak izan daitezen garrantzizkoenak. Hitza beti egongo da gainetik». Hainbat instrumentu erabiliko ditu «askotariko soinuak» lortze aldera, eta aldez aurretik grabatutako giro musika ere izango du lagun. Hala, batzuetan perkusioak errezitatzailearen hitzei jarraituko die, eta besteetan, grabatutako doinuei. «Hainbat estilotako musikak izango dira, Dylanen unibertsoa gogora ekarriko dutenak: AEBetako hegoaldeko doinuak zein bluesa, adibidez». Abesti batzuetan, Knockin' On Heaven's Door sonatuaren kasuan, esaterako, kantaren jatorrizko melodiari jarraituko dio; besteetan, aldiz, musika ez da identifikagarria izango. «Giro batzuk islatuko ditut, zeintzuetan Dylanek bere unibertso musikala sortu zuen. Ez dute haren abesti konkreturik gogora ekarriko; aldiz, giro horietatik sortu dira bere abesti guztiak».

Alegia, errezitala izango da, baina, aldi berean, hori baino gehiago. Izan ere, Diaz Letamendik hasieratik pentsatuta zuen ikuskizuna ez zela artista bakarraren kontua izango, Garcia Gorriak gogoratu duenez: «Ikerrek ez zuen agertokira bakarrik igo nahi, eta ez beldurra ematen ziolako...». Xedea ez da momentuko ezinegona arintzea, hitzei «euskarri» bat ematea baino, ikuskizun «ezberdina» sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.