'Mank', izendapenetan nagusi

David Fincherren lanak hamar hautagaitza eskuratu ditu 93. Oscar sarietarako. Hala ere, Chloe Zhaoren 'Nomadland' dute askok faboritotzat. Apirilaren 25ean egingo dute gala

itziar ugarte irizar
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Iazko Oscar sariek erakutsi bazuten 2019a pelikula egiaz txalotuen urtea izan zela —Joker, The Irishman, 1917 eta Gisaengchung/ Parasite-ren urtea izan zen, besteak beste—, hurrengoa, 2020a, zinema munduarentzat espero gabeko urte nekeza izan dela erakutsiko dute aurtengoek. Pandemiak hainbat ekoizpen bertan behera utzi, beste batzuen filmaketa atzeratu, eta aretoak itxita izan ditu hilabete luzez, eta bada dioenik inoiz Oscar sarietarako izendapenik lortuko ez luketen filmak hautagaien artean egotea ekarri duela horrek. Iritziak iritzi, 93. Oscar sarietarako hautagaien zerrenda atzo argitu zuen azkenean Hollywoodeko Akademiak, Priyanka Chopra Jonasen eta Nick Jonas aktoreen eskutik, eta David Fincherren Mank-ek lortu du izendapen gehien, hamar denera. Seina lortu dituzte beste sei filmek: Chloe Zhaoren Nomadland, Florian Zelleren The Father, Lee Isaac Chungen Minari, Darius Marderren Sound of Metal, eta Shaka Kingen Judas and the Black Messiah. Apirilaren 25ean egingo dute garaikurrak banatzeko ekitaldia, Dolby antzokian (Los Angeles, AEB) —zehazteko dute oraindik formatua—.

Izendapen kopuruari begiratuta, beraz, Mank bihurtu da aurtengo Oscar sarietan garaile izateko hautagai nagusia. Citizien Kane idatzi zuen Herman Mankiewiczi buruzko biopic-a da filma, zuri-beltzean ondua, eta Orson Wellesen obra ezagunaren filmaketa prozesua kontatzen duena. Espero zen alderdi teknikoetako kategorietan izendapenak lortzea, baina kategoria nagusietan beste hainbeste eskuratu ditu azkenean: film onena, zuzendaritza, argazkia, gizonezko aktorerik onena (Gary Oldman) eta taldeko emakumezko aktorerik onena (Amanda Seyfried), besteak beste. Ez du, ordea, egokituriko gidoi onenaren sarirako hautagaitza lortu, zeina Jack Fincherrek idatzi duen, zuzendariaren aitak.

Netflixen lan bat da Mank, eta baliteke lehen aldiz plataforma digital batek ekoitzitako pelikula batek irabaztea film onenaren Oscar saria, oraindik egundo gertatu ez dena —inoizko izendapen gehien lortu du, hala ere, Netflixek aurten—. Kinieletan, baina, ez du oraindik Nomadland-en lekua berdindu. Izan ere, Chloe Zhao zinemagile txinatar-estatubatuarraren filmak beste gutxik bezalako oihartzuna bereganatu du azken hiletan; Urrezko Globoetan garaile nagusia izan zen eta kritikak gogor txalotu du. Frances McDormand du aktore protagonista filmak —emakumezko aktorerik onenaren sarirako izendatu dute—, eta dena galdu ostean AEBetako errepideetara karabanarekin aterako den andre baten istorioa du kontagai. Zuzendari onenaren sarirako ere izendatu dute Zhao, eta Fincher, Emerald Fennel (Promising Young Woman; bost izendapen lortu ditu denera), Lee Isaac Chung eta Thomas Vinterberg (Druk / Another Round) izango ditu lehiakide. Lehen aldia da bi emakume daudena zuzendari onenaren atalean izendatuta —denera, 70 andrazko daude hautagaien artean, inoizko gehien—.

Interpretazioaren alorrean, The Father-ek eta Minari-k hautagaitza berberak lortu dituzte; gizonezko aktorerik onenaren sarirako eta taldeko emakumezko aktorerik onenaren sarirako izendatu dituzte, hurrenez hurren, aktore nagusiak: Anthony Hopkins eta Olivia Colman, eta Steven Yeun eta Yuh-jung Youn.

Zeresana eman du, bestalde, Maite Alberdi txiletarraren El agente topo dokumental onenaren sarirako izendatu izanak. Donostiako Zinemaldian izan zen filmarekin Alberdi; Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.