Asmatzailearen mekanikak

Leonardo da Vinciri buruzko erakusketa bat paratu dute Donostiako Alderdi Ederreko lorategian

Aurrean, Leonardo da Vinciren Aireko torlojua; ezkerraldean, Makina hegalaria. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Leonardo da Vinci jakintsu italiarra (1452-1519) Frantzian hil zela bosgarren mendeurrena bete zen duela bi urte. Ingeniaria, asmatzailea, zientzialaria, margolaria, eskultorea, arkitektoa, idazlea, musikaria, botanikaria eta anatomista izan zen Italiako errenazimentu garaian. Zein ote zen Leonardoren sormenaren sekretua? Nondik ateratzen ziren haren ideiak, bostehun urte geroago ere hain modernoak diruditenak? Zer eskaintzen die bere pentsamenduak XXI. mendeko pertsonei? Galdera horiei erantzute aldera, La Caixa fundazioak eta Donostiako Udalak, Alderdi Ederreko lorategian, Andia kalearen ondoan, Leonardori eskainitako erakusketa bat zabaldu dute: Behatu, jarri zalantzan, egin saiakuntzak. Azaroaren 11ra arte iraungo du.

Clos Luce gazteluaren itzala

Frantziako errege Frantzisko I.ak gonbidatuta, Leonardok bere azken hiru urteak Clos Luce gazteluan (Amboise, Frantzia) bizi izan zituen, eta gaur egun maisuaren lanak ezagutzeko eta ulertzeko aukera ematen duen parke kulturala da. Pascal Brioist zientzialariaren aholkularitzarekin eta Clos Luce parkearekin elkarlanean antolatutako erakusketa da orain Donostiara iritsi den hau.

Bilboko Areatza parkean izan zen 2019ko udazkenean. Espainiako 30 hiritara ere eraman izan dute, hala nola Malaga, Valladolid, Cartagena, Kordoba, Albacete, Almeria, Burgos eta Gijonera. Datorren urtean Gasteizen ikusteko aukera izango da.

Bi espaziotan atonduta dago erakusketa: barrualdean, kamioi baten tamainako etxola batean, Leonardoren pentsamendua gure egunerokotasunarekin lotzen duen ikus-entzunezko bat eta jokoak ipini dituzte; kanpoaldean, lorategiko parkean, Leonardoren ideia moderno eta iragarleetako batzuk erreproduzitzen dituzten lau maketa handi eta zuri-zuri daude, eskulturak balira bezalako mekanikak.

Hegan egiteko desira

«Leonardok ez zeukan artistatzat bere burua, asmatzailetzat baizik», Erika Goiarrola komisarioak (Bilbo, 1984) eman ditu erakusketako lau piezen inguruko argitasunak. «Leonardoren eskuizkribuei esker, zehaztasun osoz gordetzen dira haren lanak, ideiak eta objektuak, eta halaxe lortu dugu makina eder hauek neurri egokian eraikitzea, gaur egungo materialak baliatuta».

Hegan egitea zen Leonardoren obsesioetako bat. «Aintzira baten gainetik hegan egitearekin amets egiten zuen», esan du Goiarrolak. Hegan egiteko hamabi makina ezberdin irudikatu eta deskribatu zituen, «bazekien arren garai hartako materialekin ezinezkoa izango zela, handiegia da-eta gizakiaren gorputzaren pisua».

Naturari arretaz begiratzen zion; esate baterako, hostoen eroriei eta txorien hegaldiei. «Xehetasun ikaragarriz aztertu zuen hegaztien fisiologia: mokoa eta hegalak, lumak eta hezurdura arina». Ikerketa haietatik datoz erakusketako bi pieza deigarrienak: Aireko torlojua eta Makina hegalaria.

Kartoiz eta malguki batzuez maketa txiki bat egin zuen Leonardok, Milanen, Aireko torlojua deitu ohi dena. «Ez da hegan egiteko sortua», ohartarazi du Goiarrolak, «baina bai pentsatzeko aireak dentsitatea duela eta, torloju bat oso azkar biraraziz gero, objektu bat lurretik altxa litekeela». Arkimedesen torlojuan oinarritutako lan teoriko bat da, beraz, ikusleari egungo helikopteroa gogora ekarriko diona.

Makina hegalariak, aldiz, hegaztiaren eitea dauka, bi hego zabalekin. «Gizakia erdian buruz behera etzateko tokia dauka, eta polea batzuk ditu besoekin ez ezik oinekin ere eragiteko».

Hirugarren pieza Paladun itsasontzia da. Brunelleschi arkitektoak marmolezko lauzak Italiako Arno ibaian barrena garraiatzeko mekanika asmatu omen zuen. Isilpean galdutako proiektu hura berrasmatu zuen Leonardok, engranajeen eta pedalen bidez. Hiru mende geroago, palazko propultsio sistema hori mugitu zuen lurrun makinak.

Vitruvioren gizona da laugarren pieza, Leonardok egindako irudi anatomiko ezagunena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.