Herri musika eguneratzeko bide berriak

Proiektu berri bati helduko dio Joseba Tapia musikariak. Viktoria Eugenian hasiko du bidea abenduaren 9an, 20. urteurrenaren aitzakian

Joseba Tapia Viktoria Eugeniako kontzertuko kartela eskuan, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bikotean hasi zen musika sortzen, Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzaile eta lagunarekin, eta makina bat bide jorratu du ordutik. Joseba Tapia aritu da trikitia jotzen bakarka, kantutegi zaharreko abestiak berreskuratzen, gustuko hitzei soinua jartzen, baita gitarra elektrikoarekin rock kantuak egiten ere. Hogei urte dira bakarka musika egiten hasi zela, eta, urteurrenaren aitzakiarekin, proiektu berri bat hasiko du, berriz ere trikitian.

Kontzertu berezi batekin hasiko du bidea Tapiak: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko da talde berriarekin abenduaren 9an. Diskoa ere grabatuko dute, baina alderantzizko bidea egitea da asmoa: «Beti diskoa grabatu dugu lehenengo eta ondoren bira egin. Orain, zuzenekoetan onduko ditugu kantuak, eta taldea martxan jarriko dugu aurrena». Vint anys izena jarri dio emanaldiari, kataluniarrei keinu bat eginez. Gogora ekarri nahi du kantagintzak inguruarekin duen lotura: «Tradiziotik hartzen duen arren, gaur egun bizi da».

Urteurren eta ospakizunez harago, herri musikarekiko kezkak bultzatu du Tapia proposamen berria aurkeztera: «Herri musikarekiko dagoen ideia bati buelta bat eman nahi izan diot». Herri musikatik dator bera, eta gaur egun ere hortik edaten duela dio, baina aldatu dira gauzak, eta sortu zaio ezinegon bat. Herri musika edo folka «arinkeriarekin» lotu da haren ustean: «Baserritar janzkerarekin janzten dugu, nahiz eta ez izan baserritar janzkera: asmatu egiten dugu. Gure musikak ere asmatzen ditugu, halako etnizismo artifizial bat sortuz».

Garai bateko kantuak biltzeak «interes etnografikoa» izan dezake Tapiarentzat, baina sortzailea ere bada. Garai bateko kantuak gaur egun kantatzean, konparazioa ezinbestekoa da, eta konparazio hori bera sortzailea bihurtzen da musikariarentzat. «Kantagintza tradizionaletik hartzen ditugun gauzekin zorrotz jokatu behar dugu». Ez du uste abestiak hartu behar direnik «lehengoak direlako» soilik, gaur egun ere asko esan nahi dutelako baizik. Herri musika bakarrik ez, «herri musika duina» sortzea du helburu.

Agertokia bete musikari

Bide berrian, «ez dago esperimenturik, baina bai intentzio bat instrumentuen hautaketan eta moldaketak egiteko garaian». Metalak eta trikitia elkartzen hasi, eta rock estandarrarekin nahastuta, «kantagarria eta dantzagarria» izan daitekeen proposamen bat egin du Tapiak. Zortzi lagun izango dira agertokian, ohi baino gehiago: Nerea Erbiti ariko da perkusioan eta trikitian; Ion Celestino tronpetan; Asier Ituarte eta Garazi Petrirena tronboian; Iñar Sastre pianoan; Iñigo Telletxea baxuan; eta Iker Uriarte jazpanan. Aspaldiko lagunak ere gonbidatuko ditu Tapiak Viktoria Eugeniako kontzertura: Xabier Leturia pandero jotzailea, Xabier Amuriza bertsolaria, Arkaitz Miner biolin jotzailea, eta Niko Etxart abeslaria.

Eskaintza berezi bat abiatu dute Euskaraldiko egunetarako: abenduaren 3ra arte, sarrerak erosten dituztenek %20 merkeago izango dute Igelaren Bandaren eta Xabi Solanoren kontzertuetako sarreretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.