Soderbergh, Koreeda eta Larrainen lanak, Zinemaldiko Perlak sailean

Affleck, Sciamma, Covino, Pariser,Shinkai, Eggers eta Guerraren filmek osatuko dute atala

Waiting for the Barbarians da Ciro Guerra kolonbiarrak ingelesez zuzendu duen lehen filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Beste zinema jaialdi batzuetan aurkeztu eta oihartzuna izan duten filmen erakusleihoa izan ohi da Donostiako Zinemaldiko Perlak saila. Orain dela aste batzuk, aurten sail horretan izango diren hainbat filmaren berri eman zuen zinema jaialdiak, eta atzo jakinarazi zuen zein zuzendarik osatuko duten zerrenda hori. Horien artean daude, besteak beste, Pablo Larrain, Hirokazu Koreeda, Casey Affleck, Celine Sciamma, Makoto Shinkai eta Steven Soderbergh. Donostia Hiria publikoaren saria irabazteko lehiatuko dira guztiak.

Donostiako Zinemaldia hasi baino aste batzuk lehenago egingo da Veneziako Zinemaldia—abuztuaren 28tik irailaren 7ra—, eta han aurkeztu ondoren iritsiko dira Donostiara hainbat film. Hain zuzen ere, Hirokazu Koreedak La vérité erakutsiko du, Veneziako Zinemaldiaren lehiaketari hasiera eman eta egun gutxitara. Zuzendariaren azken filmean, elkarri kontu eskean ari diren ama-alaba batzuen rolean jarri ditu zinemagile japoniarrak Catherine Deneuve eta Juliette Binoche. Koreedak Donostia saria jaso zuen iaz, eta haren lanak sarritan eman dituzte zinemaldian, lehiaketa barruan nahiz lehiaketatik kanpo.

Venezian lehiatuko da Steven Soderberghen The Laundromat ere, Meryl Streep, Gary Oldman eta Antonio Banderas protagonista dituen filma. Sex, Lies and Videotape (1989) filmaren egileak Panamako paperei buruzko filma egin du: dirua paradisu fiskaletan gorde zuten pertsonaia garrantzitsu batzuei buruzko ikerketa da filmaren ardatza.

Pablo Larrain txiletarraren filmak sarritan eman dituzte Donostian, eta haren azkena ere (Ema) bertan izango da, Veneziako Zinemaldian lehiatu ondoren. Huts egindako adopzio baten ondorioei aurre egin behar dien bikote bati buruzko filma da.

Ciro Guerrak ere harreman handia izan du Donostiako Zinemaldiarekin 2003an La sombra del caminante-k Zinema Eraikitzen saria irabazi zuenetik —gerora, besteak beste, El abrazo de la serpiente eta Pájaros de verano erakutsi ditu—, eta, oraingoan, ingelesez egin duen lehenengo filma ekarriko du, Venezian lehiatu ostean: Waiting for the Barbarians. J.M. Coetzeeren izen bereko eleberriaren egokitzapena da eta Mark Rylance, Johnny Depp eta Robert Pattinson ditu protagonista.

Cannestik datozenak

Celine Sciammak (Naissance des pieuvres, 2007; Tomboy, 2011;Bande de filles, 2014) gidoirik onenaren saria irabazi zuen Cannesko zinemaldian Portrait de la jeune fille en feu, margolari baten eta haren modeloaren arteko harremanari buruzko istorioarekin.

Cannesen baina Errealizadoreen Hamabostaldian izan zen The Lighthouse ere, Rogert Eggers zinemagile estatubatuarraren bigarren filma. Horretan, Robert Pattinson eta Willem Dafoe irla urrun batean bizi diren bi farozain dira. Poliki-poliki, eromenera amiltzen hasiko dira biak. XIX. mende hasieran girotutako zuri-beltzeko film horrek Fipresci saria eskuratu zuen Cannesen.

Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuen Nicolas Pariser zuzendari frantziarraren Alice et le maire-k ere, eta Label Europa Cinema saria jaso zuen. Filmean, alkate zahar bat (Fabrice Luchini) filosofo bikain batekin (Anais Demosutier) harremanetan jarriko da hutsune existentzialeko krisialdi bat gainditzeko.

Berlingo Panoraman estreinatutako film bat ere hartuko du Perlak sailak. I'm Still Here (2010) lanarekin estreinakoz kamera atzean aritu ondoren, Casey Affleck aktoreak zuzendari eta protagonista lanak bete ditu Light of My Life filmean. Emakumeak ia-ia desagertu diren mundu batean zehar dabiltzan aita-alaba batzuei buruzkoa da. Azkenik, Japonian estreinatu eta Toronton emanaldia izan ondoren, Donostian Europako estreinaldia izango du Makoto Shinkairen Tenki no ko / Weathering With You animazio film berriak.

Cannesko Un Certain Regard sailean, berriz, The Climb-ek parte hartu zuen. Michael Angelo Covino aktore eta ekoizleak zuzentzen duen lehen film luzea da. Bi gizonek urteetan zehar izandako adiskidetasunari buruzko komedia horrek itxiko du Perlak saila, lehiaketaz kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.