Kirolarien hizkuntza eskubideak aldarri

Mikel San Jose eta Beñat Etxeberria jokalariei babesa azaldu diete. Mehatxuak egin dizkiete agiri bat euskara hutsez argitaratzeagatik

Gu Ere Bai plataformak deituta atzo San Mames atarian egindako elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Kirola euskaraz bizi nahi dugu, bizi gara eta jarraituko dugu horretan». Gu Ere Bai plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian San Mames atarian, Mikel San Jose eta Beñat EtxebarriaAthleticeko jokalariei babesa azaltzeko. Bi jokalariei mehatxuak eta irainak egin dizkiete azken egunetan, astelehenean sare sozialetan agiri bat euskara hutsez atera zutelako. Bertan azaldu zuten kontratua ekainaren 30ean amaitzen bazitzaien ere onartua zutela klubak egindako eskaintza, eta taldeari laguntzen segituko zutela denboraldia bukatu arte, hil honen 19ra arte, hain zuzen ere.

Idatzia sarera igo, eta berehala hasi ziren bi jokalari zuri-gorrien kontrako mezuak. Txio batekin erantzun zien San Josek, argi utzizhalakogauza pertsonaleta garrantzitsu bat azaltzeko nahiago izan zutela euskara erabili, eta ez zutela inor baztertu nahi izan. Halaber, ulertu ez zuten pertsonei Batua.eus itzultzailea erabiltzeko gomendioa egin zien.

Atzoko ekitaldiarekin, bi jokalariek euskararekiko erakutsitako konpromisoa eskertu eta jaso dituzten irainak salatu nahi izan zituzten, maskara jantzita eta ikurrina eskuan. Han izan ziren, besteak beste, euskalgintzako hainbat pertsona ezagun: esaterako, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko burua eta Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia.

San Mamesen egitea ez zen bakarrik izan bi jokalariak Athleticen ari direlako: baita zelaiak euskararekin izan duen loturagatik ere. Gogorarazi zuten 1978an eta 1998an zelai zaharrean egin zirela Bai Euskarari jaialdiak. «Askok gogoratuko dute, gainera, euskal selekzioak Irlandaren aurka jokatu zuela Bai Euskarari kanpainaren barruan, San Mamesen, eta euskal ereserkia ozen entzutea debekatu zutela, Garaikoetxea lehendakaria eta Bai Euskarari kantuaren sortzaile Telesforo Monzon partida ikusten ari zirela».

Bai Euskarari jaialdietan aldarrikatutakoa babestu zuten atzo San Mamesen bildutakoek, eta kirol mundura eraman. «Kirol munduaren eta euskararen arteko lotura oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskara gure ikurra da. Euskarak egiten gaitu euskaldun, baina hizkuntzak egiten gaitu mundu ere. Zelaian erakutsi nahi dugu hori, entrenatzen eta jokatzen ari garenean gure hizkuntza erabiliz, adierazpenak euskaraz eginez...Kirolariok, kirolzaleok, entrenatzaileok, klubetako kideok, kirol proba ezberdinak antolatzen ditugunok... Mundu bat gara, eta euskaraz bizi nahi dugu».

Ekitaldiari Jon Maia bertsolariak jarri zion puntua, bertso bat abestuz. Nabarmendu zuenez, euskara iraindua izan eta salatu ezean,«isiltasuna bihur liteke irain horien sostengu», eta berretsi zuen euskara dela euskaldunen «jokaldi, baloi eta mugimendu».

Garitano eta Aduriz «eredu»

Ekitaldian gogorarazi zuten ez zela lehen aldia kirol munduan halako zerbait gertatzen zena. Gaizka Garitanoren eta Aritz Adurizen kasuak ekarri zituzten gogora. Eibarreko entrenatzaile zela, eta Almeriaren kontrako partidaren osteko prentsaurreko batean, Garitanok alde egin zuen, kazetari bat kexu azaldu zelako ETBko Joseba Urkiola euskaraz galdetzen ari zitzaiolako. «Bere eskubideak urratuak ikusi zituen, eta, ohikoa duen argitasunarekin,joatea erabaki zuen, zuzen eta elegante. Eskerrik asko, Gaizka: eredu zara, eta hemen gaudenok badakigu».

Berriagoa da Adurizen kasua.Aurrelariak duela aste batzuk hartu zuen erretiroa, eta agur esateko hitzaldia euskara hutsean egin zuen. Kritikatua izan zen horregatik. «Zoriontzea eta eskerrak ematea besterik ez dugu, izan zuen jokabidearengatik, bai jokalari gisa, baita euskaldun gisa ere». Ekitaldia bukatzeko,«euskaraz ari diren, aritzen diren eta aritu nahi duten» kirolarien alde txalo zaparrada bat egin zuten bertaratutakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.