Albistea entzun

Orbel, isiltasunari plaza eskainita

'Lur hezea' diskoa jalgi berri du taldeak. Hirugarren obra honetan, giro «mistiko» eta «berezia» landu dute taldekideek
<b>Txomin Urriza, Camille Dizabo, Annelise Arnaud-Cazamayou eta Alan Billi, Orbel taldeko kideak.</b>
Txomin Urriza, Camille Dizabo, Annelise Arnaud-Cazamayou eta Alan Billi, Orbel taldeko kideak. FANNY MAILLARD Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko abenduak 1

Orbel taldeak Lur hezea diskoa karrikaratu berri du (Usopop). Aldi honetan, orain arteko musika erreferentzietatik urrundu dira, laguntasunaz harago, taldekideek elkar hobeki ezagutu baitute musikari gisa, beraien musika sortuz: «Ari gara gure egiazko musika sortzen, testurak eta mundua, gure erreferentzietatik urrunduz», erran du Annelise Arnaud-Cazamayou taldeko kideak.

2016an elkartzen hasi zirelarik, lagunen artean musika jotzea bertzerik ez zuten xede. «Lagun istorio bat da ororen buru». Denen «rock ilun» musika erreferentzietatik partitu ziren hola: Radiohead, Chelsea Wolfe, Low... Alta, laukotea gotortu ahala, gauza batez ohartu ziren: «Lagun handiak ginen, baina ez genuen hain ongi elkar ezagutzen musikari gisa. Beraz, hasieran zailtasun gisa bizi izan dugu». Izan ere, baxurik eta bateriarik gabe abiatu baitzen taldea, doi-doi bi gitarra, teklak eta ahotsak.

Taldeak 2016az geroztik ukan duen musika bilakaera nabaritzen da diskoan: «Allan Billik landu ditu makinak; haren parte hartzeak bilakaera ukan du; nik ere ene teklak... Ikasi dugu elkarrekin jotzen eta entzuten».

Musika bilaketan, «makina» berriak sartzearekin, erreferentzia berriengana biratu dira; Massive Attack, konparazione.

Isiltasuna antolatu

Ilun airea du obrak; kutsu malenkoniatsua, ezin uka, baina, aldi berean, giro pausatua. Halaxe deskribatu du Arnaud-Cazamayouk: «Meditazio gisako bat da. Hasieratik maite dugu isiltasunarekin jotzea, eta horretatik asko bada. Isiltasuna guretzat da pintalariaren koadro zuria, eta nahi genuen horrekin jostatu, isiltasunari plaza utziz, musika baita isiltasunaren antolatzaile bat». Gehitu du laket dutela mistika, sinbologia eta mundu «berezi» baten sortzea, ezagunak diren erlijioetatik urrun, dena den. «Beldurra sortzea maite dugu, giro berezi bat, batzuetan inkietantea, deseroso sentiaraztea».

Deserosotasun hori, adibidez, sare sozialetan pizten dute, usaiaz kanpoko irudiak zabalduz, zeintzuek baitute erotismotik zerbait: «Maite dugu horrekin jostatzea. Irudiak ere baliatu ditugu, klip batzuk egiteko. Maite dugu trabatzea pixka bat, sare sozialetan zerbait bitxia ezarriz: titiak badira, baina sexualitate gutirekin; ohe batean badira gizon batzuk, eta zergatik ez? Nahi ditugu gauza horiek normalizatu».

Lehenik, Beyong There EPa atera zuten, 2018an; ondotik, Hegan diskoa, ondoko urtean. Hirugarren lana dute, beraz, honako hau. Post-rockean oinarritutako zortzi kantu sortu dituzte, beren berezko estiloari leial: euskal kantu tradizionalaren ziliportak musika industrialari uztartuz: «Maite dugu sustraiak ongi errotuak izatea gure lurrean, eta hortik sortzea. Nahasketa hori interesgarria zaigu». Camille Dizabo taldekideak du batez ere kantu tradizionaletik edaten, hori landu baitu, bertzeak bertze, Beñat Axiarirekin.

Taldearen munduak ukan lezake Hans Ruedi Giger artistaren estiloarekin zerikusi urrun bat: erroak ageri baitira frankotan, baina, aldi berean, makinen zorroztasuna azaltzen da; organikoari egiten dio talka metalaren hotzak. Badu deserosotasunetik, eta, aldi berean, erotismoak erakartzen du; irudi batzuk izugarri beteak dira, baina hutsuneekin ere jolasten dira: «Maite dugu nahasketa hori. Mairu taldean ere ari naiz, eta badu horretatik ere».

Argien dantza

Zuzenekoan, lau lagunak makinaz inguraturik ikusiko dira: Txomin Urriza gitarran eta teklatu txiki batekin, Billi ordenagailuan, Dizabo kantuz eta taula txiki batek lagundurik, eta Arnaud-Cazamayou harmoniuma eta bi teklatu jotzen eta kantuz. Mikel Perezen argi jokoak anitz estimatzen dituzte: «Sorkuntza ederra da. Horri esker, ez gara anitz dantzatu behar, zeren eta pianoa jotzen ari naizelarik eta kantatzen aldi berean, zaila baitzait mugitzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.