Begirada bat erreferenteen aurreko erreferenteei

Hego Korean 1950eko eta 1960ko urteetan egindako filmei buruzko atzera begirakoa eskainiko du Donostiako 69. Zinemaldiak

Kim Ki-youngen The Housemaid Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua da. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
aitor biain
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak eta Espainiako Zinematekak, Euskadiko Filmategiarekin eta Koreako Kultur Zentroarekin lankidetzan, Hego Koreako zinemaren «urrezko aroari» buruzko atzera begirako zikloa antolatuko dute aurtengo ekitaldirako. Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa izeneko zikloan, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Hego Korean ekoitzitako hamar film emango dituzte. Film horien inguruko informazioa eta xehetasunak jasotzen dituen liburu monografiko bat ere argitaratuko dute.

Zikloa iaz zen egitekoa, baina pandemiak hankaz gora jarri zituen jaialdiaren asmo guztiak; egitaraua moldatu behar izan zuten, eta zikloa bertan behera geratu zen. Aurten berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek, eta iaz aurreikusitakoaren bidetik egingo dute. Donostiako 69. Zinemaldia irailaren 17tik 25era egingo da.

Izan ere, Hego Koreako zinema erreferente bilakatu da egungo zinemagintzan; nazioarteko jaialdi guztietan erakusten dute, baina, antolatzaileen esanetan, zinemagintza klasikoa «ezezagun samarra» da oraindik Mendebaldeko herrialdeetan. «90eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako tituluak baino ez ditugu ezagutzen normalean». Horren adibide izan daiteke Parasite filma. Bong Joon-horen filmak oihartzun handia lortu zuen mundu osoan iaz, eta sari ugari jaso zituen, film onenaren eta zuzendari onenaren Oscarra tartean.

Donostiako Zinemaldiaren zikloak, bada, Hego Koreako zinemagintzaren «urrezko aroari» begiratuko dio, hau da, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan ekoitzitako filmak gogoratuko ditu. Garai hartan, industria zinematografiko bat garatu baitzen herrialdean, publikoak eskatzen zuen herri zinema ekoizteko gai izan zena, eta aurre egin ziena Koreako bi estatuen arteko gerraren osteko egoera ekonomiko estuari eta Park Chung-heeren diktadura militarrak ezarritako kontrolari.

Modu horretan, zuzendari ugarik beren ibilbidea finkatu zuten, bakoitzak bere estiloarekin eta asmoekin. Batzuek garatzeko bidean zen gizarte moderno bat irudikatzen zuten, eta beste batzuek, berriz, garai hartako bizimoduaren gogortasuna salatu zuten.

Zikloak bi helburu izango ditu, Zinemaldiak berak ohar bidez adierazi duenez: batetik, Hego Koreako zinema klasikoaren ordezkari garrantzitsuentzat jo daitezkeen zinemagileak balioestea; eta, bestetik, garai hartako genero ohikoenen panorama bat marraztea. Izan ere, horietako batzuk AEBetako zineman inspiratuta zeuden eta tokiko errealitatera egokitu zituzten; beste batzuk, aldiz, erabat autoktonoak ziren.

Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk izango dira: Kim Ki-youngen The Housemaid (1960), Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua dena; The Flower in Hell (1958) eta Aimless Bullet (1961), biak ala biak Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealistak, eta Homebound (1967), Mist (1967) eta A Day Off (1968) melodrama klasikoak.

Beste genero batzuetako filmak ere izango dira, hala nola Black Hair (1964) zinema beltzeko filma, The Devil's Stairway (1964) thrillerra eta The Barefooted Young (1964), gazteentzako zinema ordezkatzen duena. Farewell Duman River (1962), bestalde, genero autoktono baten adierazgarri da: mantxuriar westernaren adierazgarri, hain zuzen. Ameriketako westernean inspiratutako baina Mantxurian kokatutako abenturazko pelikulak ziren genero horretakoak.

Donostia Zinemaldian erakutsi ondoren, Hego Koreako zinemagintzari eskainitako atzera begirako zikloa Espainiako Zinematekaren Dore zinema aretoan ikusi ahalko da urrian eta azaroan, Madrilen.

Kultur festibala

Zinemaldia abiatu baino egun batzuk lehenago, Hego Koreako Kultur Festibala egingo dute Donostian. Modu horretan, zinemagintzatik harago zabalduko dute ikuspegia, eta, herrialdeko kulturan jarriko dute arreta, oro har. Hala, besteak beste, ikuskizunak, kontzertuak, erakusketak, ipuin kontalariak eta jardunaldi gastronomikoak egingo dituzte jaialdiaren harira. Irailaren 10ean hasi eta 30era bitarte iraungo du. Koreako Kultur Zentroak eta Donostiako Udalak elkarlanean antolatu dute, eta herrialdearen kultura ezagutaraztea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.