Gainbehera bat, bizipozez

Bertol Arrietak 'Gezurra berdaderoa' eleberria idatzi du: printza erotikoak dituen komedia bat

Bertol Arrieta, Martin Ugalde kultur parkean, lehen eleberria eskuan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bertol Arrieta idazle eta zinemagileak (Zarautz, Gipuzkoa, 1975) 2004. urtean eman zuen argitara bere lehen ipuin liburua, Txikira beti hordago!, eta 2012an bigarrena, Alter ero. «Bi Olinpiar Jokoz behin», joan den astean Gezurra berdaderoa estreinako nobelaren aurkezpenean zehaztu zuenez. Hirugarren lanarekin ere jarraitu dio kadentziari, bisurtetik kanpo bada ere; koronabirusaren eraginez atzeratu zituzten Tokioko Olinpiar Jokoak, eta iazko konfinamenduan piztu zitzaion istorio bat kontatzeko grina Arrietari. Horren emaitza da 200 orrialde pasatxoko nobela; Elkar argitaletxeak kaleratu du.

Izenburuak iradokitzen duen moduan, asmo zirikatzaile eta dibertigarri bat du, Xabier Mendiguren editorearen ustez: «Txatxua izan gabe ondo pasatzeko literatura egin du Arrietak». Iazko itxialdi beltzari «argi egin nahian», adierazi du idazleak: «Liburua idaztea izan zen burua sano mantentzeko balio izan zuen txertoa». Hala sortu da «komedia berezi bat, erotiko samarra».

Konfinamendua izan zen eleberriaren abiapunturako testuingurua; horrek eman zion idazleari material bat, lagun bati gertatutako eszena bat pospolotzat hartu, haren kontra igurtzi eta prozesua martxan jartzeko. Arrietaren lagun batek bizikleta lotua utzi zuen kalean, eta, haren bila joandakoan, ikusi zuen ondoko bizikletaren jabeak bere bizikletari lotuta zeukala. Pasadizo hori izan zen istorioaren sorburua.

Koldo da nobelaren protagonista, 44 urteko gizon bat. Egun batetik bestera dena galduko du: bikotekideak utzi egin du, lanik gabe geratu da... Hutsetik hasi behar du, pizzak banatzen eta alokairua ordaindu ahal izateko jende gehiagorekin bizitzen. Halako batean, konfinamendua ezarriko dute. «Antiheroi baten istorioa da», Arrietaren esanetan. Donostian kokatuta dago gehienbat, baita Zarautzen eta Usurbilen ere (Gipuzkoa). Idazleak azaldu du erosoa zaiola kontakizuna inguruko tokietan finkatzea eta bere adineko pertsonaia bati buruz idaztea. Baina argitu du horrek guztiak eta liburua lehen pertsonan idatzita egoteak ez duela esan nahi loturarik dagoenik haren eta pertsonaiaren artean.

Arrietak «bizitzaren absurdoa eta edertasuna» ikusarazi nahi izan ditu nobelan. «Erakutsi nahi izan dut gaur egun gizonok daukagun noraez sentimental, sexual eta existentziala».

Tonuan dago gakoa

Erotismoa ezarian atera zitzaion. Bazekien zein zen kontakizunaren tonua, eta garbi zuen hori zela nobelaren gakoetako bat; tonuak berak eraman zuen eszena erotikoetara. Liburuko protagonista «dantzan» ibiliko da hiru emakumeren inguruan: «Nagore, pisukide gazte eta malenkoniatsua; Frida, artista bizizale eta misteriotsua; eta Ester, betiko bere neska lagun amultsu eta zentzuduna».

Gezurra berdaderoa lehen nobela izatea idatzi ahala suertatu da. «Pentsatu nuen ipuin luze bat izan zitekeela. Eta kasik nahi gabe luzatu da». Hasierako helburua ez zen hori, eta ez du istorioa behar baino gehiago luzatu nobela bat lortzearren; pertsonaiaren garapenak eraman du orri batetik bestera. «Ez neukan istorioa osorik asmatuta. Eszena bat nuen buruan, eta konfinamenduak biraketa bat ekarri zidan gero».

Narrazioak eta laburrak

Txikira beti hordago eta Alter ero ipuin liburuez gain, Arrietak What a Wonderful World (2004), Ttakun ttan ttakun (2006) eta Bi doberman beltz (2019) narrazioak ere baditu argitaratuak.

Zineman, Feliz anyo, Oswaldo (2006) film laburraren gidoia idatzi zuen, baita Literaturiak ekoitzitako Odolean daramagu lanarena ere (2015). Itsaso urdin bertikala (2007) eta Zorrak zor (2017) film laburrak zuzendu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.