Albistea entzun

Toure detektibea Madrilera joan da zortzigarren kontakizunean

Jon Arretxek 'Dortokaren begirada' argitaratu du. Parisko bitxi denda batean ostutako piezei esker, Toure eroso bizi da Madrilen
ANDONI CANELLADA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko abenduak 3 - Donostia

Mahamoud Toure sasi-detektibea Madrilgo Lavapies auzunean dago Jon Arretxek idatzi duen zortzigarren abenturan. Erein argitaletxearekin plazaratu du Dortokaren begirada eleberria.

Tourek apartamentu bat alokatu du, «Parisko lapurreten emaitzei esker batere estutasun ekonomikorik gabe» dagoela profitaturik. Parisko bitxi denda batean ostutako piezak balio erdian saltzen ditu orain Madrilen, eskudirutan. Lasai dabil hirian, koronabirus izurritea kari maskararekin baitabil, milaka afrikarretako bat gehiago bezala; «beltz arrunt eta anonimo bat» dela esaten du bere kabutan.

Parisen lapurreta handiak egin ondoren aldatu behar izan du Madrilera. Burkina Fason bizi den familiari dirutza bidali dio, eta emaztea denda txiki bat zabaltzekotan da han. «Oso pozik dagoela dirudi», kontatzen du, «hain pozik ez baitit jada galdetzen noiz itzuliko naizen etxera. Pentsa liteke ni gabe bizitzen ohitu direla».

Horrenbestez, Chamartingo geltokira joan da Toure. Bilboko trenak ekarriko dion «oparia jasotzeko irrikaz» dago. Bisitan datorkio Kristina ile adats gorria: «Sa Kene nirea, San Frantziskoko sasoitik gordetzen dudan gomutarik goxoena». Besarkada luze batean lotu dira maitaleak. Horrela abiatu da Dortokaren begirada nobela, eta biak batera katigatuko dira kontakizunen traman.

Uxue Razkin editoreak azaldu egin du korapiloaren tamaina: «Parisen lapurtutako harribitxiak Retiro parkean ezkutatu ditu Tourek». Baina ezezagun batek eraman egin du altxorra, eta «haren ordez dortoka bat agertu da ezkutalekuan, mezu misteriotsu batekin».

Kritika sozialaz

«Gustuko hiria dut Madril», aitortu du Arretxek. «Ez zait gustatzen nork agintzen duen han, eta zelako ideiak dauzkan. Baina herria bera, jendea esan nahi dut, gustatzen zait; eta hiria ere bai: horren handia izanda, denentzako lekua dauka». Tourek Paristik ihes egin beharra zuenez, eta Euskal Herrira ezin itzul zitekeenez, «Madrilgo Lavapies auzunea aproposa irudi zitzaidan pertsonaia kokatzeko».

Toureren eleberrietan kritika sozialak daukan garrantzia nabarmendu du Razkin editoreak. Arretxeren aburuz, ezinbesteko osagarria da generoaren barruan. «Egia da zaku erraldoi bat bilakatu dela nobela beltza, eta hor dena sartzen da. Gaur egun modan dagoen adarra poliziakoa da gehienbat, eta enigmatikoa. Kritika sozialari dagokionez, light izaten dira nobela horiek. Dena da errespetagarria, jakina, baina estilo horrek ni ez nau betetzen». Gaur egun inoiz baino premiazkoago ikusten du kritika soziala: «Europan eskuindarren ideiak indar handia hartzen ari diren honetan, uste dut nobela beltzen bidez aukera dugula halako mezuei kontra egiteko».

Ihesean dabilen pertsonaia da Toure. Gaizkilea izatetik aberats baten moduan dirua xahutzera igaro da. Baina egoera ez legezkoan dabil beti, alde batetik bestera. «Egiten dituen gauzen ondorioz nahitaez ibili beharra dauka horrela», justifikatu du Arretxek. «Berak ere esaten du nobelaren pasarte batean: 'Nire bizitza etenik gabeko ihesaldi bat bihurtzen ari da. Noiz topatuko ote dut leku bat, behingoz hor geratu ahal izateko'. Baina ez da inoiz gertatzen. Hori da bere patua. Azkenean konplikatu egiten zaio dena, eta alde egin behar izaten du».

XX. mendeko Chester Himes idazlea maisutzat dauka Arretxek. «Artista bat zen New Yorkeko Harlem auzunea deskribatzen, hango giro gordina erakusten, eta aldi berean kapaza zen umoreari tartea egiteko, eta ondo orekatzeko bortizkeria eta umorea». Arretxe bereziki saiatu da umorearekin Dortokaren begirada eleberrian. «Lehenengo nobeletan oso agerikoa zen umorea. Baina hortik aurrera gogortasunerako bilakaera izan zuen. Puntu batera heldu nintzen, Tourek bere burua hil behar baitzuen edo norbaitek akabatu egin behar zuen; ezin zen tragikoagoa izan. Horregatik erabaki dut berriz gordintasuna modulatzea eta umorea berreskuratzea».

Kristina pertsonaia ere berreskuratu du idazleak, Toureren maitea. «Lehen nobeletan in crescendo joan zen haren protagonismoa». Baina hirugarren nobelaren ondoren, Toure «Afrikara botatzen dutenean» eta, geroago, Nafarroatik barrena Parisera joaten denean, Kristinak ezingo zuen bide hori egin. «Orain aukera eduki dut berriz biak elkartzeko, Bilbotik Madrilera eramanda». Kristina ez da bakarrik ikerketan laguntzaile zorrotza izango; «Tourek marka batzuk ikusiko dizkio gorputzean, eta hor beste misterio bat erantsi dut».

Toureri buruzko filma

Pertsonaiarentzat bederatzigarren istorioa pentsatzen eta antolatzen hasi den bitartean, Tourerekin film bat egiteko proiektuaren berri eman diote Arretxeri.

«Madrilgo bi produktoraren asmoa da. Dena ondo baldin badoa, 2023an filmatuko dute Bilbon, San Frantziskon bertan, gaztelaniaz. Nobeletan agertzen diren pasarte gordinenak ziur asko albo batera lagako dituzte».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kepa Junkera musikaria, gaur goizean, 'Erromeriak' disko berria aurkezten. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

‘Erromeriak’ izeneko diskoa kaleratu du Kepa Junkerak

Olatz Enzunza Mallona

Emakume panderojoleak omendu ditu lan berrian. 2018an iktusa izan zuenetik, diskorik kaleratu gabe egon da musikaria.

Belako taldearen kontzertu bat Donostian, iazko urrian. ©Idoia Zabata, FOKU

La Femme, Anari, Belako eta beste, Donostiako Boga Boga musika jaialdiaren lehenbiziko aldian

Uxue Rey Gorraiz

Irailaren 8tik 10era bitarte eginen dute festibala, hiriko zenbait tokitan. «Musika independentearen alde egiteko jaialdia» izanen da, antolatzaileen esanetan. 25 kontzertu iragarri dituzte oraingoz.

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Luigi Anselmi: Laguntasunari elegia bat

Naroa Torralba Rodriguez

Larrazkeneko argi-ilunetan poema liburua kaleratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Olerkien artean, Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta

Arte Ederren udako ikastaroko antolatzaileak, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bildumagintza pribatutik publikorako saltoa, Arte Ederren udako ikastaroan

Miren Mujika Telleria

Arteari eta bildumazaletasunari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.