Itsasoak zeharkatutako poemak

Aurreko poesia liburua atera eta bederatzi urtera, Pello Otxotekok 'Itsas bizimina' argitaratu du. Gai ugari jorratu ditu
Pello Otxoteko idazlea, <em>Itsas bizimina</em> liburuaren ale bat eskuan duela.
Pello Otxoteko idazlea, Itsas bizimina liburuaren ale bat eskuan duela. JON URBE / FOKU

Miren Garate -

2019ko maiatzak 11
Bizitza, heriotza, askatasuna, muga, misterioa, ezina, zerbait mugagabea, arnasa eta taupada. Elementu horiek guztiak dira itsasoa Pello Otxotekorentzat (Irun, Gipuzkoa, 1970); «bizimina, azken finean, bizitzeko indarra eta gogoa». Ideia horretatik abiatuta jarri dio Itsas bizimina izenburua bere azken poema liburuari (Balea Zuria). Itsasoa da liburuko leitmotiv nagusia, ez poema guztietan agertzen delako, baizik eta, egilearen esanetan, itsasotik datorren arnasa delako liburuaren arnasa. «Saiatu naiz itsasoa irensten eta itsasotik zetorkidan guztia barneratzen. Barrutik astindu nau itsasoak, eta olatu gisa atera zaizkit barrukoak».

Liburua irakurri duten batzuek esan diote asko aipatzen duela heriotza. «Baina nik liburu hau esaldi bakar batean laburtu beharko banu, bizitzari eginiko kantu bat dela esango nuke». Agertzen da, noski, heriotza, baina baita bizitza eta haren nondik norakoak ere, eta bakardadea, maitasuna, esperantza nahiz esperantzarik eza, erresistentzia eta malenkonia, eta beste gai batzuk.

Otxotekok azaldu du «kolpeka» sortu dituela poemak, eta kolpe horietako batean konturatu zela itsasoaren eragina, itsasoaren elementuak eta itsasoaren kutsua oso nabariak zirela. Azken bederatzi urteetan idatzitakoak dira gehienak —batzuk itsasoaren presentzia horretaz konturatu ostean egindakoak, libururako propio—, nahiz eta badagoen lehenagokoren bat ere. Poemak antolatzean, berriz, irakurleari arnasa hartzeko momentuak ematen saiatu da, adierazi duenez; hala, poema luze baten edo biren ostean laburragoak tartekatu ditu.

Hain zuzen, Otxotekok bederatzi urteko isilunea hautsi du Itsas Bizimina-rekin. Haraindiko begiradaren bila (2001), Itzalaren ñabarduretan (2001) eta Arnasa galduaren bila (2003) argitaratu zituen aurrena. «Aurreneko hiru liburuak nire lekua, bidea eta ahotsa bilatzeko ahalegina izan ziren; perspektibarekin, bidea bilatzen hasten den esploratzailearenak balira bezala ikusten ditut». Goizalbaren argitan etorri zen ondoren. «Maitasun istorio bat, ausardiazko eta burugabekeriazko saiakera bat; nire ustez, harrera ona izan zuena». Eta Anphora baita (2010) izan zen bosgarrena. Otxotekoren esanetan, ezberdinak izan arren, badago jarraipen bat guztien artean.

Idazleak gogoratu du esaten dela urteek aurrera egin ahala ziurgabetasuna eta nagitasuna —«eta ez nagikeria»— handitu egin ohi direla artistaren izaeran. Adierazi du oraindik ez duela sentitzen nagitasunik, baina ziurgabetasuna, zalantzaren isla gisa, handitzen ari zaiola denborarekin; «dezente, gainera». Balea Zuriak argitaratu dio liburua, eta argitaletxe horren sortzaileetako bat da Otxoteko bera, Aritz Gorrotxategi, Juan Ramon Makuso eta Felipe Juaristirekin batera. «Honako honetan ni idazlea izan naiz, eta besteak editoreak; oso gogorrak izan dira nirekin, baina uste dut gauzak hobeto egiten lagundu didatela, eta oso eskertuta nago».

Hiru ezaugarri

Juaristik ere parte hartu du liburuaren aurkezpenean, eta esan du Otxotekoren poesiak hiru ezaugarri dituela. Lehenik eta behin, edertasuna. «Garrantzi handia ematen dio edertasunari. Zer da edertasuna? Nire ustez dena da, eta horregatik ezer ez da, baina Otxotekorentzat edertasuna egiaren beste izena da». Bigarren ezaugarri gisa, sakontasuna aipatu du. «Nire iritziz, sakontasuna da poesiari beste koxka bat ematen diona. Otxotekok ez du gertatzen dena soilik esaten; hortik bere ondorioak ateratzen ditu. Ez da poesia idazten duen filosofoa, ez da filosofia egiten duen poeta: azaleko gertaeretan sakoneko bizitza aurkitzen duen itsasgizona da, alegia, pirata». Juaristiren hitzetan, betikotasuna da Otxotekoren poesiaren hirugarren ezaugarria. «Betikotasuna ez da betikoa, betikoa izateko desira baizik; ez gara betikoak; uneari lotuta gaude, eta horregatik hilkorrak gara. Hori jakitea gauza bat da; horretaz jabetzea, bestea. Otxotekoren poesiak horretaz jabe gaitezen idazten digu».

Juaristik nabarmendu du poesia ez dagoela hilzorian, gaur egun narratibak indar gehiago duen arren eta poesia irakurtzen duen jende askorik egon ez arren. Otxotekok poesia landu izan du batik bat, baina beste genero batzuetan ere aritutakoa da. 2005ean, Albert Galvan sinologoarekin batera, VIII. mendeko Li Bai txinatar poetaren antologia bat argitaratu zuen, Urrutira bidalia izenekoa, txinera klasikotik zuzenean itzuliz. Muga (2016) eta Chillidari gorazarre-Elogio a Chillida (2017) antologia elebidunetan ere parte hartu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna