Sanferminak Iruñean

Saio ona toki onean

Unica peñak zortzigarren urtez antolatu du balkoitik balkoirako saioa; Jon Maiak, Onintza Enbeitak eta Julio Sotok giroa berotu dute Jarautan

joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Ea saio ona ateratzen zaigun».Zalantza horrekin ekin zioten balkoitik balkoirako bertso saioari Jon Maiak, Onintza Enbeitak eta Julio Sotok. Ustekabean, une batean, Japoniako telebista kate bateko hainbat kamerari eta soinu teknikari igaro ziren Jarauta kaletik, eta, guztien harrigarri, saioa grabatzen hasi ziren. Berehala, pagotxa hari etekina atera zioten bertsolariek. Enbeitak Tokiokoei agur egin zien, Sotori «EITB txiki geratu» zitzaion, eta errematea jo zuen Maiak: «Tokion eta leku on/ oso urrutira/ Iparragirrek ere/ kantatu zuen, tira/ herrialde guztietan/ toki onak badira/ baina bihotzak dio/ zoaz Euskal Herrira». Japoniarrek alde egin zutenean sayonara batekin agurtu eta berriro ere, hitz jokoa egin zuen Maiak, sayonara ordez «saio ona da» kantatuz. Hasierako zalantzak uxatu zituzten. Saio ona, toki onean.

Unica peñak zortzigarren urtez antolatutako balkoitik balkoirako saioan, hiru bertsolariek bat-batekotasunari gorazarre egin zioten atzo, Jarauta kalean bildu ziren ikusleen gozagarri. Gai jartzailerik gabe, kaleak zein sanferminek sortutako gaien inguruan bertsotan solas eta jolas eginzuten. Lortu zuten saio umoretsua egitea, eta maiz lortu zuten behean bildu zirenen irriak eragitea.

Librean bertsotan aritzeak arrisku puntu bat izan ohi du, baina baliabide guztiak erabili zituzten: batetik, elkar zirikatuz, bestetik errealitate politikoari punta ateraz, edo behean zein balkoietan begira zituztenei buruz kantatuz, edo kaleak eskaintzen zizkien opariez baliatuz (izan bat-batean agertzen ziren txarangak, izan kazetari japoniarren presentzia ustekabea).

Ezinbestean, normal edo normaltasun hitzekin ere ibili ziren jolasean. Norabide argia zuen tiroak, baina bi aldiz saihestu zuten gaia. Hirugarrenean, ez. Jon Maiak heldu zion, eta bere abizena erabili zuen irria eragiteko:«Aldaketa honekin txorradak aparte/ tragoak guztientzat/ egunsentira arte/ orain nire osaba jarri da alkate». Ez zuen aukera galdu Enbeitak: «Mundua konkistatu dute maiatarrek/ a ze gurutzea dugun/ orain beste guztiek,/ esan zuen osaba/ hain sufritu harek:/ irabazi dutela/ pertsona normalek». Eta Sotok biribildu zuen: «Maia omen da/ beste Maiaren osaba/ trago bat atera nahi/ ligukeenak jada,/ baina Maia zer Maia/ nahastu al gara/ meritua(re)n erdia Esporrinena da».

Bertso sorta horrek laburbildu zuen nolabait emanaldiaren maila. Ordubete inguru iraun zuen saioak, eta gogotik egin zuten barre ikusleek. Puntuka ere, abilezia eta azkartasuna erakutsi zuten, saioak ordurako hartutako berotasunak kutsatuta. Nabari zitzaien bertsolariei ere gustura zeudela, eta jarraitzeko hainbat imintzio ere egin zuten.

Agurren tonua

Agurraren ordua heldu zenean jarri ziren serioago, sentiberago. Ezinbestean, Nafarroako errealitate politikoari egin zioten erreferentzia. Honela amaitu zuen agurra Maiak: «... Mila esker eta muxu bat/ ai Nafarroa laztana/ gure minaren alaba/ eta esperantzaren ama». Jarraian Enbeitak: «Nahiz eta jakin bazela/ jende faxista samarra/ uztailaren seian berriz/ begietara negarra/ eta benetan beti gorri/ ikusi ohi duten marra/ euskara eta gu gara/ daukagu esan beharra/ baina zergatik izango/ da hain iluna biharra/ gaurkoagatik esan denok/ ez da aldarrikapen txarra/ Jon dela Iruñean maite/duzuen Maia bakarra».

Bere azken bertsoan, animoak altxatu nahi izan zituen Sotok: «Azken honetan zer esan/ zale, lagun eta arrotzak/ balkoi honetara igota/ joaten zaizkigula hotzak/ hauteskundeetan etorri/ diren emaitza mingotsak/ bat berriro behartzen du/ igual estutzera hortzak;/ baina ahaztu ditzagun/ lehengo eta gaurko oholtzak/ tristurak baino gehiago/ ez ote dira ba pozak/ ongi pasa sanferminak/ eta, benga, altxa bihotzak».

Amaieran, merezita egin zieten txalo bertsolariei ikusleek. Unica peñaren ingurua beteta zegoen. Japoniarren antzera, Enrique Maia osaba ustekabeko protagonista bihurtu zen, eta une batean Sotok ironiaz kantatu zion «disimulatu arren» bertsozalea dela.

Hain justu, hurrengo urtera begira, ikusteko dago zer gertatuko den ekitaldi ofizialean bertsolaritzaren presentziarekin, baina gaur-gaurkoz, aurtengo sanferminek erakutsi bezala, festaren erdigunean jarri da. Joseba Asironen agintaldian, 2016an lehen aldiz emanaldi nagusia egin zen Sarasaten, eta aurten laugarren aldia izan da —atzo arratsaldean izan zen saioa—.

Ekitaldi horrez gain eta balkoitik balkoirako saioaz gain, beste hainbat emanaldi antolatu dira. Gaur, kasurako, Zaldiko Maldikon bertso poteoa egingo dute 13:00etan, Joanes Illarregik eta Eneko Lazkozek. 14:30ean, bertso bazkaria Geltokin, Maialen Lujanbio eta Julio Sotorekin. 19:00etan, berriz, Girotu plaza haurrentzako emanaldia. Eta 21:00etan Oinez gunean, beste emanaldi bat.

«Presentzia anizkuna eta transbertsala da. Ez da bakarrik programazio ofizialean. Orain jaiaren hainbat esparrutan presente dago», nabarmendu du Ander Perez elkarteko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.