Ibilbide bat biltzen duen diskoa

'Bidean' da Arantzazu Saizek argitaratu duen lehen lana. Xabier Zeberio piano jotzailearekin kolaborazio bat egin du abesti batean

Arantzazu Saiz, Bidean diska eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Arantzazu Saiz Markuleta piano jotzaile oñatiarraren lehen diskoak Bidean du izena. Saizek berak konposatu du, eta Hasier Oleaga bateria jotzaileak eta Joseba Loinaz baxu jotzaileak ere parte hartu dute. Oñatiko (Gipuzkoa) piano jotzaileak musikan orain arte egindako bidea jaso du lanean: «Nire ibilbidearen eta eragin musikalen laburpen bat dela esan daiteke. Abestiak oso ezberdinak dira; edonork disfruta ditzake».

Orain arte, musika irakasle eta piano interpretatzaile lanetan aritu da Arantzazu Saiz, eta hau du bere uztatik sortutako lehen lana. «Bidean du izena, bidean nagoelako, ikasketa prozesu batean. Bide bat jada eginda dago, eta oraindik bidea geratzen da egiteko». Pop-a, jazza eta musika klasikoa: askotariko doinuak uztartzea ez da erronka bat izan musikagilearentzat. Azaldu du estilo «oso ezberdinak» entzuten dituela, eta horietatik edan duela.

Hainbat melodia eta erritmo nahasten dira abestietan; neurri ezberdinak aurki daitezke; sei zortzikoa, hiru laukoa edota zazpi laukoa, kasurako. Kantak «nahiko optimistak» direla uste du, «horrelakoa» baita bera ere.

Oleaga eta Loinaz musikariekin lan egitea «luxu bat» izan dela azaldu du Saizek, disko bat grabatzeko prozesuan «antzeko musikariak topatzea zaila» izaten dela eta. «Nire aurreikuspen guztiak bete dira, eta oso pozik nago, bi musikari hauek aurrera egin dutelako proiektuarekin».

Fredi Pelaez musikariak gidatzen duen Beasaingo estudioan grabatu dute lana. Harekin asko ikasi duela eta «musikari oso ona» dela ere adierazi du Saizek. Kolaborazio bat ere bada diskoan, Xabier Zeberio musikariarena, hain zuzen. Mantra abestian, biolina joz hartu du parte tolosarrak.

Abestiak izendatzeko, euskara, ingelesa, gaztelera eta latina erabili ditu Saizek. Hainbat hizkuntza erabiltzearen xedea «moldeak apurtzea» dela adierazi du konpositoreak.

Etorkizunera begira, berriz, diskoa «aurrera ateratzea» da Saizen helburua. Konposaketa lana atsegin duenez, «hemendik urte batzuetara» beste disko bat ateratzeko gogoa ere agertu du.

Udan emango dituen kontzertuei dagokienez, uztailaren 10ean Oñatin joko du, 19:00etan. Hurrengoa uztailaren 20an izango da, Gasteizko Jazzaldian.

Inspirazioaren jatorria

Saizek, Bartzelonako sei urteko egonaldian, Avishai Cohen kontrabaxu jotzailea ezagutu zuen (Kibbutz Kabri, Israel, 1970). Haren musikak «maitemindu eta inspiratu» egin zuen Saiz. Bartzelonan bertan hasi zen lanean, baina, Oñatira itzultzean, eta ama izan zenez, aldi baterako geroratu egin zuen proiektua, denbora faltagatik. Azken hilabeteetan, berriro heldu, eta burutzea lortu du. «Lan handia egin behar da disko bat ateratzeko; prozesu luzea da. Ilusio handia behar da amaierara iristeko».

Musika entzuteko ohituren inguruan, Saizek uste du jendeak, orokorrean, ez duela entzuten berak landu duen musika: «Badakit ez dela erraza musika instrumentala entzutea; oso ohituta gaude abeslariak entzutera». Instrumentuek bakarrik osatzen duten generoan jende «gutxi» aritzen dela ere aipatu du, eta oraindik «jendea ohitzea falta» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.