gorka julio
EKOGRAFIAK

Natura bizi

2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Naturarekin dugun harremana aspaldi dago teknologizatua, baso gehienak ustiatu ditugulako edo ibaiak energia-ola bilakatu genituelako. Natura bera ezin dugu ulertu teknologia gabe, eta, akaso, natura bera ere ulertzeko baliatu dezakegu. Ikerketetan edo maila zientifikoan sartu gabe, erabiltzaile arruntentzako tresna oso interesgarriak daude naturan murgildu eta berau hobeto ezagutzeko.

Oso ezaguna da euskal mendizaleen artean Wikiloc. Jendeak egindako mendi txangoak eta ibilbideak jasotzen ditu aplikazioak, eta zureak grabatzeko aukera eman. Oso hedatua dago, eta Euskal Herriko eta munduko txoko askotan eta mendian murgiltzeko tresna paregabea da.

Apur bat bereziagoa da SkyMap. Badira aplikazio profesionalagoak ere, eta, sakelakoan instala daitekeen aplikazio horren bidez, zerua hobeto ezagutu dezakegu. Sakelakoek duten kamera eta giroskopioa baliatuz, telefonoa zerura begira jarri eta pantailan ikusiko ditugu bertan agertzen diren izarrak, planetak, sateliteak... Oso gutxitan begiratzen dugun zerua, beste era batera ikusteko balio dezake, beste gailurik izan gabe. Adimen artifiziala ere iritsi da aplikazio horietara. Ibilbideetan aurkitzen ditugun landareak, onddo eta perretxikoak zein diren jakin nahi badugu, badira haiek ezagutzen lagunduko diguten aplikazioak. PlantNet eta ShroomID dira landareak, onddoak eta perretxikoak identifikatzeko balio duten aplikazioetako bi. Identifikazioa argazki bidez egiten dute. Identifikatu nahi dugun horren argazki batzuk eskatuko dizkigu aplikazioak, eta horrekin identifikatzen saiatuko da.

Asko hobetu badira ere, aplikazio horiek oraindik ez dira %100 fidagarriak, eta, beraz, perretxikoen kasuan behintzat laguntza bezala bai, baina azken hitz gisa hartzea ez nuke gomendatuko. Hala ere, naturarekiko beste harreman bat izateko baliagarri izan daitezke, ongi erabilita.

Ez dituzte ordezkatzen ordezkaezinak diren mendi taldeen irteera kolektiboak, izarrak ikusteko topaketak edota kultur ibilbide mikologikoak, baina beste aukera bat badira. Beste esperientzia ordezkaezin bat, bizitzeko aukera edukita ere gehienok egiten ez duguna, naturan gaua pasatzea da, ezer gutxirekin, bakarrik edo lagunduta. Bizitzan behin egin behar diren horietako bat, dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.