Arte eszenikoen zurrunbiloa

Asteburu honetan euskarazko lan eszenikoak emango dituzte Gasteizen, laugarrenez
Axut konpainiak <em>Zazpi senideko</em> antzezlana taularatuko du.
Axut konpainiak Zazpi senideko antzezlana taularatuko du. ISABELLE MIQUELESTORENA

Beñat Alberdi -

2019ko apirilak 12
Aurreko hiru urteetan ere, Gasteizko Baratza aretokoek txokoa prestatu diete euskal arte eszeniko garaikideei. Horri jarraikiz, asteburu honetan egingo da laugarren Zurrunbilo jaialdia, gaurtik hasi eta igandera arte. «Ikusleek ezagutzen dute jaialdia. Urteekin ere izena hartu du, eta bere lekua hartzen ari da», azaldu du Marina Suarez Baratzako komunikazio arduradunak. Lau ikuskizun eskainiko dituzte aurten, baina, aurreko urteetan ez bezala, artearekin lotutako jardunaldiak ere prestatu dituzte.

Oihartzuna izan dute aurreko urteetan egindako ekitaldiek, Suarezek azaldu duenez, Zurrunbilok plaza eskaintzen dielako euskal artistei: «Araban ez dago aukera asko euskal antzerkia eskaintzeko; ez dago antzoki asko. Nik uste dut Gasteizera etortzea aukera bikaina dela artistentzat euren lana Araban ezagutarazteko».

Gaur hasiko dute jaialdia, 19:00etan, Inondik inora haurrentzako antzerkiarekin, Baratza aretoan bertan. Banatzen dituzten gutunak ireki ezin dituzten bi postariren istorioa kontatuko du Benetan Be konpainiak. «Haurrentzako lana izan arren, antzezlan ona bada balioko die helduei ere», nabarmendu du Suarezek.

Bihar, ikuskizunei dagokienez, bi lan emango dituzte aretoan, bata bestearen atzetik. Lehena Agur eta dolore antzezlana izango da, 20:00etan. Miren Gaztañagak eta Iraia Eliasek taularatuko dute obra, bien artean eraikia. Bi emakume jarriko dituzte sorkuntzaren aurrean, kulturaz eta horrek duen pisuaz gogoeta eginez, daukan eraginaz eta bakoitzak dauzkan mamuez.

Ikuskizuna bukatu bezain pronto, Eva Guerreroren Gorpuztu prozesuan dantza lanarekin jarraituko du saioak. Erlijioek egiten duten erabileraren gaineko ikerkuntzatik sortu du ikuskizuna Guerrerok, eta zuzeneko musika eta dantza garaikidea lotu ditu horretarako.

Igandean, Korrikako jaia bukatu eta gero, Zazpi senideko obra eskainiko du Axut konpainiak. Anai-arreben arteko harremanari buruzko lana ondu dute, erakutsiz nola bizi daitekeen zazpi egoera ezberdinetan; adibidez, espetxea tartean denean, edo auto istripu baten ondorioz senide bat hil denean. Ander Lipusek zuzendu du, eta Ximun eta Manex Fuchs anaiek taularatu. 19:00etan egingo dute, Baratza aretoan.

Artearen jardunaldiak

Euskal arte eszenikoko profesionalen jardunaldiak dira berritasun nagusia egitarauan. «Profesionalentzako txoko bat sortu nahi izan dugu», argitu du Marina Suarezek. «Antzerkiari buruz hitz egin nahi dugu, eta Euskal Herriko hainbat eragile gonbidatu ditugu». Bihar hasiko dituzte jardunaldiak, 16:00etan, aretoan bertan, eta, lehenengo ekitaldi gisa, Baratza gunea bera eta Zurrunbilo jaialdia aurkeztuko dituzte.

Ostean, 16:45ean, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (EHAZE) Ekin eta joka liburua aurkeztuko dute. Bukatutakoan, solasaldia prestatu dute, honako gai hau mahai gainean jarrita: Euskal arte eszenikoen zergatia: norentzat eta norainokoak. Amaia Alvarezek, Idoia Gereñuk, Amancay Gaztañagak, Bapatean zirkuko kideek eta Oier Guillanek hitz egingo dute gaiaren inguruan, Iñaki Ziarrustak gidatuta.

18:15ean bukatuko dituzte jardunaldiak, koktel batekin. «Jendeak elkar ezagutzeko balio izango digu», adierazi du Suarezek.

Egun bakoitzerako sarrerak 6 euroan daude salgai, eta 9 euroan izango dira leihatilan. Hiru eguneko bonua ere salgai jarri dute, 16 euroan. Korrikaren lagunek %50eko deskontua izango dute.

Informazio osagarria