Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Umorearen lokatza

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Nork ez du gogoan Wazemank-eko pasarteren bat? Edo Vaya Semanita-koa? Asko pentsatu gabe irudika dezakegu gure pertsonaia aldrebes gustukoena, lagunartean tarteka gogorarazten duguna, edo baita horren aitzakian gure hiztegi informalean txertatu ditugun esamoldeak ere. Baina azken bospasei urtean ikusi duzun umorezko zera gogoangarri bat aipatu beharko bazenu, bururatuko litzaizuke ezer? Niri ez. Ez, behintzat, telebistan egina eta euskarazkoa bada. Barre librea-ko bakarrizketak izan ziren halako oasi txiki bat desertuan, Beti Mugan telesailak diskretuki egin zuen bere agerraldia, baina gainontzean, umore telebisibo egarria ase gabe daukagu aspaldi. Halakorik nahi duenak sareko piluletara, stand-up-era, antzerkira edo erdarazko edukietara jo behar du, derrigor. Edo nostalgiak jota, Nahieran-en, garai zaharragoetako saioetan egin arrantza.

ETBn erabakiak hartzen dituztenei galdetu beharko genieke zergatia, baina argibiderik ezean zilegi da espekulatzea. Egia baita umoreari begiratzeko ditugun betaurrekoak ilundu egin direla azken urteotan. Edo graduatu, nondik begiratzen den. Umorea gudu zelaia (ere) badela inoiz baino presenteago dugu orain. Aurrez sekula ez bezala daude eztabaida publikoan presente galdera zail batzuk: Umore guztiak dira zilegi? Nondik egiten da umorea? Inork egin dezake umorea zapalduta dauden identitate edo gutxiengoez? Itaun ezin aproposagoak dira bazkalosteko eztabaida luze baterako. Umorea problematizatzea ona baita, jarrerak deseraikitzea eta birpentsatzea ezinbestekoa, eta denon ardura umorezko edukietan txertatzea ahal beste ahots eta ikuspegi. Baina galdera horiek eragiten duen deserosotasunak ezin du izan aitzakia telebista publikoak umoreari atea ixteko. Ezta egiten den hori guztia esku frenoarekin egiteko ere.

Duela hamar urte nolakoak ginen esaten dute Wazemank edo Vaya Semanita-k. Beharbada, ez zaigu denboraren ispilu horrek gutaz dioena askorik gustatzen. Baina sentipen gazi-gozo hori arintzeko modu onena gaur garen gizarte galdu eta kontraesankor honi begiratuko dion umorea egitea da: gaurkotzea, aberastea, ukitzea deserosoa zaigun hori guztia, begi eta ahots desberdinetatik. Alferrik da ETBren alkandora zuria ez badu balio umorearen lokatzetan zikintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.