Lide Arana.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Koloneraino eta haratago!

2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Almidoia aspaldidanik ezagutzen dugun biomolekula bat bada ere, azken urteotan interes berezia bereganatu du almidoi aldaera batek: digestioari erresistentea den almidoiak. Almidoi mota hori desegiteko ezinbestekoa da kolonean ditugun bakterioen laguntza. Beraz, almidoi erresistenteak gure digestio-hodia zeharka dezake, eraldaketarik jasan gabe, kolonera iritsi arte. Ezaugarri horrek, garrantzia nutrizional handia izateaz gain, almidoi erresistentea farmakoen garraio bideratua lortzeko tresna boteretsu bihurtzen du.

Almidoia glukosaz osaturiko kate bat da. Katebegi bakoitza glukosa molekula bat litzateke eta, elkar kateatuz doazen heinean, egitura desberdinetako kateak sor ditzakete. Landare jatorriko elikagaiak irensten ditugunean, gure digestio-aparatuak almidoi molekulak apurtzen ditu, glukosa molekula askeak lortzeko eta xurgatu ahal izateko. Glukosa odolera pasatzen da eta handik gorputzeko edozein zeluletara, energia lortzeko erabil dezaketen erregaia baita.

Alabaina, almidoiak egitura desberdinak osa ditzake eta landare zelulen barnean modu desberdinetan pilatua izan. Ondorioz, irensten dugun almidoiaren jatorriaren arabera (edota elikagaia prestatzeko erabilitako prozesuaren arabera), almidoi mota desberdinak topa ditzakegu. Batzuk degradatu gabe iristen dira kolonera: almidoi erresistenteak.

1980ko hamarkadan almidoi erresistentea aztertzen hasi zirenetik, nutrizionalki onura ugari dituela frogatu da hainbat ikerketatan. Izan ere, glukosa molekulak zailtasunez askatzean, odolera iristen den glukosa kopurua baxuagoa da, eta ez dira bestelako almidoia jan ostean azaldu ohi diren glukosa kontzentrazio igoera azkarrak ikusten. Ondorioz, almidoi erresistentearen kontsumoa interesgarria litzateke diabetesa edo obesitatea duten pertsonentzat. Bestalde, kolonean ditugun bakterioak gai dira almidoi erresistentea desegiteko. Bertako mikrobiota almidoi erresistentez elikatuz gero, guretzat oso interesgarriak diren beste molekulak lortzen ditugu (katea laburreko gantz-azidoak, adibidez). 2019an Nature-n argitaraturiko entsegu kliniko batean frogatutzat eman zuten almidoi erresistente kontsumoak (40 gramo egunean, 4 astean zehar) organoen inguruan metaturiko gantza murriztu, hesteetako mikrobiotaren konposizioa aldatu eta kate motzeko gantz-azidoen kontzentrazioa handitzen zituela. Ezaugarri horiek medio, almidoi erresistentearen kontsumoak beste patologia batzuengan izan ditzakeen onurak ere aztertzen ari dira.

Hori gutxi balitz, almidoi erresistentea erabilgarria da farmakoen administrazioa hobetzeko. Batzuetan farmakoak babestu egin behar dira digestio-hodiko aktibitate entzimatiko, pH aldaketa eta antzeko prozesu kaltegarrietatik. Honela, farmakoak almidoi erresistentez eginiko nanoegituretan txertatzen badira, horien barnean babesturik egongo dira, kolonera iritsi arte. Bertan, bakterioek almidoia digerituz farmakoak askatuko dituzte eta, horrela, kolonerako garraio bideratua lortzen da. Garraio bideratuak, gainera, farmakoak digestio-hodian eragin ditzakeen albo-kalteak saihestea ahalbidetzen du. Mota honetako nanogarraiatzaileak dira urrian Frontiers in Bioengineering and Biotechnology aldizkariko artikulu batean deskribatzen dituzten almidoi erresistentez osaturiko hidrogel-bihiak. Nanoegitura horiek bromelaina izeneko entzima babesteko eta modu kontrolatuan askatzeko gai dira, entzimaren aho-bidezko administrazioa posible egiten dutelarik.

Beraz, almidoi egitura batzuek iraganean goseteetatik babestu gaituzten bezala, beste almidoi egitura batzuek etorkizunean kolonerako garraio selektiboa burutzeko balio dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.