Nafarroako Gobernua. Barcinaren agurra

Aldatu, beti bezala jarraitzeko

Nafarrak ezustean harrapatu ditu gobernuko presidente Yolanda Barcinak bere alderdiko hautagai izateko erabakian atzera egin izanak. UPNren presioa igartzen dute anitzek urrats horretan, botereari eutsi ahal izateko.

Yolanda Barcinaren kontrako protesta bat, CANeko dietengatik deklaratu zuen egunean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria - Edurne Elizondo
Iruñea
2014ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
1. Nola hartu duzu Yolanda Barcinak hautagai ez dela izanen errateko egin duen iragarpena?

2. Zer-nolako arrazoiak daude UPNko buruak hartutako erabaki horren atzean, zure ustez?

3. Barcinaren erabakiak aldaketa erraztu edo zaildu eginen du Nafarroan?

Ezustean» harrapatu ditu gehienak Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak astelehenean egindako iragarpenak. Hauteskundeetan alderdi horretako hautagai ez dela izanen erran zuen, abuztuan kontrakoa iragarri eta gero. BERRIAk inkesta egin du hainbat eragileren artean, eta argi dute Barcinari presio egin diotela hautagai ez izateko. Presioen helburuari buruz ere zalantzarik ez dute: UPNren eta PSNren arteko akordioa erraztea, botereari eusteko. Aldatu, berdin jarraitzeko.

MIGUEL IZU Administrazio Auzitegiko kidea

«Azalpenean jarri behar dugu arreta; esan duenaz bestera ulertu»

 

1

«Ustekabean harrapatu nau, atzera egin duelako abuztuan iragarri zuenari buruz. Pentsatzen dut alderdian bertan presioa izan duela. UPNrentzat hautagai txarra zen. UPNko militante askoren atsekabea sumatuko zuen, eta, ziurrenik, bitan pentsatu du beharrezko babesa zuen ala ez. Hauteskundeei begira egindako inkestei ere begiratu diela uste dut, eta, horregatik, irmoa zirudien erabakia berriz pentsatu duela».

2

«Eman duen azalpenean jarri behar dugu arreta, eta hark esandakoaren kontrakoa ulertu. Erabakia guztiz pertsonala dela esan du, bizitza pribatura itzuli nahi duela eta ez duela presiorik sentitu; ez partiduan izandako mugimenduengatik, ez PSNren adierazpenengatik. Nik baietz uste dut, izan duen presioa baloratu egin duela».

3

«Ez da jakinekoa hori. Orain arte, ematen zuen PSNren erabakia irmoa zela, ez zuela akordiorik egingo UPNrekin. Baina ikusteko dago irmoa izaten jarraituko duen ala ez, Barcina anderearen hautagaitza zelako erabakiaren arrazoi nagusia. Inkestek esaten dutenaren arabera, nahiz eta hurrengo hauteskundeetan PSNrekin akordioa lortu, baliteke UPNk gobernua ezin osatzea. Argitu beharrekoa, beraz, asko da. Baina gertatutakoak ezagutzen ez duguna askatzen lagunduko digu».

GAIZKA ARANGUREN Kazetaria, Labrit enpresako burua

«Aldaketarako aukera gehiago zegoen Barcina hautagai izanda»

 

1

«Notizia txar baten gisa hartu nuen, erregimena aldatzearen alde gaudenontzat UPNren hautagai onenetarikoa Barcina zelako, onena ez bazen. Barcinaren aurka mobilizatuko litzatekeelako maiz mobilizatzen ez den abstentzioaren parte bat. Eta, gainera, Barcinaren alde ez litzateke mobilizatuko UPNren alde mobilizatuko litzatekeen parte bat. Beraz, bi parte horiek galduta zeuzkan Barcinak. Ziur asko esan diote egin behar duela egin duena».

2

«Arrazoi nagusia uste dut dela azken inkestek argi eta garbi adierazten dietela Barcina gabe nekez eutsiko diotela botereari, baina Barcinarekin ezinezkoa dela. Hori onartu du azkenean Barcinak; onartu du horrela dela, eta horregatik erabaki du. Gainera, horri gehitzen zaio, PSNrekin akordioa egiteak botereari eusteko aukera ematen baldin badie, Barcina gabe errazagoa izango zaiela, ziur asko».

3

«Erregimen aldaketa da 1936tik agindu dutenek ez agintzea? Nik uste dut aukera gehiago zegoela aldaketarako Barcina hautagai izanda. Sergio Sayas jartzen badute, oraindik gehiago erraztuko dute. Baina pentsatzen dut jarriko dutena izanen dela UPNren inguru ideologikotik gal ditzaketenak berreskuratzeko moduko norbait. Ahal bezain garbia. Eta, bestalde, kontrako jarrera mobilizatuko ez duena».

FERMIN ERBITI Kontuen Ganberako kazetaria

«Aurretik zaila zen aldaketa orain zailagoa da, baina ez ezinezkoa»

 

1

«Barcinaren azken bi erabaki kontrajarriek ustekabean harrapatu naute. Lehenbizikoa, hautagai izan nahi zuela iragartzea, begi bistakoa baitzen etorkizunik gabeko politikaria zela, eta haren alderdiaren interesei begira ere kaltegarria. Horregatik, atzera eginen zuelakoan nengoen, baina ez orain, udan baizik. Harrigarriena ezezkoa orain ematea da, hautagaitza onartu zuenetik bi hilabetera. Eta, kontu harrigarriak aipatzen hasita, azkena: ez da batere normala presidentetza utzi eta parlamentari huts segitzea, Barcinak alderdiari eskatu dion bezala».

2

«Barcinak argudiaturiko 'arrazoi pertsonalak' sinesten zailak dira. Hori beste askoren artean bat izan daiteke, baina ez funtsezkoena. Legengintzaldi honen lekuko izan ondoren, alde egiteko arrazoiez galdetu beharrean, agian kontrakoa galde genezake: Barcinak segitzeko arrazoirik ba al zen? Nik ezetz esanen nuke».

3

«Nire ustez, oposizioarentzat Barcina zen hautagairik hoberena. Beraz, baliteke aurretik zaila zen aldaketa orain zailagoa izatea, baina ez ezinezkoa. Kalkuluak argi daude: aldaketa nahi dutenek 26 parlamentari behar dituzte. Eta, aurrekariak ikusirik, kalkulu horretan ez zenbatu sozialisten eserlekuak».

MIREN EGAÑA Aralarreko parlamentari ohia

«Jendarteari interesatzen zaio benetako aldaketa politikoa izatea»

 

1

«Oso pozik nago, ez nuelako espero. Pozgarria izan da gure presidenteak alde egin behar izatea».

2

«Uste dut arrazoi asko izan daitezkeela. Batetik, nire irudikoz, kontuan izan dituzte hainbat inkestaren emaitzak. Eta, seguru aski, Barcinak buru segitzen baldin bazuen oso emaitza txarrak emango lizkioke UPNri. Bestetik, UPNren barruan izan daitezkeen eztabaidak daude. Garbi dago UPNko jende guztia ez zegoela Barcinaren alde, kongresuan ikusi zen bezala. Nik uste dut alderdiaren barruko higatze prozesu bat ere izan dela».

3

«Nire irudikoz, UPNko edo PSNko buruzagiak aldatzeak, zoritxarrez, ez du ekarriko egoera politikoaren aldaketa. Gauzak errazten ahal dituela dimisio horrek edo ez aurkezte horrek? Agian bai. Baina horren arrazoia izan daiteke, bakarrik, PSNrekin hitzarmen bat egitea. Eta Nafarroako jendarteari ez zaigu hori interesatzen. Nafarroako jendarteari benetan interesatzen zaio benetako aldaketa politikoa izatea Nafarroan. Hortaz, ez dut uste Barcina ez egoteak lagunduko duenik».

INMA ERREA Itzultzailea

«Akaso zaildu eginen du aldaketa; horretarako egin dute, seguru aski»

 

1

«Egia esateko, ez hotz ez bero utzi nau Barcinaren iragarpenak. Ez nuen espero, baina kontrakoa ere ez. Hark esan zuen aurkeztuko zela, eta sinetsi behar. Atzokoa esan eta gero, sinetsi beharko dugu hori ere. Baina argi dago zerbait aldatu dela; zerbait dagoela erabaki horren atzean».

2

«Deigarria iruditu zait hark esatea ez duela erabakia hartu inork eskatuta. Pentsatzen dut presioak izan direla. Seguru aski, esparru ekonomikotik edo indar bizien eskutik. Erabaki hori hartzera bultzatu badute, ikusiko zuten harekin galduko zutela. Ez dakit, ordea, hura gabe ere nola joango diren gauzak; ez da pieza erabakigarri bakarra. Politikoki, indar faktikoen aldetik, izan daiteke larrialdi bateko erabakia. Bizitza pribatua ere aipatu du, baina iruditzen zait hori bigarren mailako arrazoi bat dela».

3

«Yolanda Barcina omen zen UPNk botoak galtzeko zuen arrisku nagusia. Uste dut bide horretatik hartu duela erabakia. Beraz, aldaketa zailagoa izan daiteke orain. Baina jakin behar da gero botoetan zer gertatzen den. Pentsatu ohi dugu pertsona bat dela erabakigarria gauza guztietarako. Eta uste dut ez dela horrela, badirela beste gauza batzuk kontuan hartu beharrekoak: egoera ekonomikoa bera, horrekin batera baina lehenagotik datozen kontuak... Ikusi beharko dugu jartzen duten pertsonarekin asmatzen ote duten. Akaso zaildu eginen du aldaketa. Horretarako egin dute, seguru aski. Baina ez du zertan eragotzi. Ikusiko dugu. Orain kontua da ea nor jarriko duten eta ea zer gertatzen den. Esaten da gauza gehiago edo ilunagoak atera daitezkeela oraindik ere. Egun batetik bestera aldatzen ahal da dena».

ALBERTO BARANDIARAN Kazetaria

«Eman dituen azalpenak ez dira oso sinesgarriak, ez dira logikoak»

 

1

«Harriduraz hartu dut albistea. Ez nuen espero. Duela gutxi esan zuen Barcinak hautagai izateko prest zela. Ez dut uste gauza asko aldatu denik orduz geroztik».

2

«Uste dut bera ez doala. Uste dut bidali dutela, esan diotela ez aurkezteko. Eman dituen azalpenak ere ez dira oso sinesgarriak; ez dira oso logikoak. Esan du bere bizitza pribatua berreskuratu nahi duela. Baina Nafarroako Parlamentuan jarraitzeko prest dago. Erabaki pertsonala izan balitz egin izango luke beste modu batera, ez hauteskunde batzuen bezperan. Ulertuko nuke unibertsitatera itzultzeko uztea, baina ez esan duena egiteko. Nire ustez, esan diote alderdian uzteko, edo norbaitek mehatxatu du zerbaitekin. Akaso gehiegi esatea da, baina Nafarroan ikusi ditugu horrelakoak ere. Politika-fikzioa da, bai, baina zerbait gertatu dela uste dut. Bestela, ez da oso gauza normala gertatu dena».

3

«Ez daukat oso garbi. Hemen gakoa aldaketa gertatzeko da ikustea nora joango diren, ez hainbeste UPNk zituen botoak, baizik eta Yolanda Barcinak berak zituenak. Barcinak berak jasotako botoak galduko ditu UPNk. Fabrikatu behar du hautagai bat orain alderdi horrek. Izango du ja pentsatua. Izan behar du aurpegi berri bat; uste dut garai honetan hori eskatzen duela gizarteak. Beraz, izango da ezezagun samarra, edo politikari ez oso zaildua. Yolanda Barcinak lortzen zituen boto horiek ez ditu erraz lortuko. Niretzat, hor egon daiteke gakoetako bat, ikustea boto horiek nora joango diren. Bigarren gakoa izango da ea UPNk, PSNk eta PPk gehiengo osoa lortzeko aukera ote duten. Hirugarren gakoa izago da Podemos; ea alderdi horren sarrera nolakoa den Nafarroan. Edozein modutan, aldaketa politikoak zaila izaten jarraituko du Nafarroan».

JUAN KRUZ LAKASTA Kazetaria

«UPNrentzat eta erregimenarentzat abantaila ekar dezake»

 

1

«Ez nuen espero. Batez ere, duela pare bat hilabete Cadreitan urte politikoaren hasieran egin zuen mitina eta eszenifikazioa egin eta gero. Uste dut inor gutxik espero zuela, eta atzoko [herenegungo] eszenifikazioak ere hori uzten du agerian. Alderdiari egun horretan esan zion, eta soilik oso gertuko bi alderdikide izan zituen alboan, Oscar Arizkuren eta Sergio Sayas. Horrek adierazten du oso jende gutxik zekiela. Hortik aurrera, albisteak zapore gazi-gozoa utzi zidan. Batetik, Barcina izan da agintari bat konfrontazioan oinarritu duena bere pertsonaia politikoa, eta bere jendearen alde eta besteon aurka agindu du, bai Iruñeko Udalean, bai Nafarroako Gobernuan. Hartara, halako pertsonaia bat politikaren lehen lerrotik desagertzea oso albiste ona da. Bestetik, uste dut hau izan dela halako jokaldi bat erregimenari eusteko, nolabait: Yolanda Barcina kendu, UPNren eta PSNren arteko akordioa lortu ahal izateko».

2

«Helburua argi dut, eta helburuari gazta ustel usaina dario. Miguel Sanzen gaztatxoaren teoria agerikoa da. Gibelean dagoela eta helburua dela hauteskundeen ondotik UPNren eta PSNren arteko akordioa lotu ahal izatea aginteari eutsi ahal izateko. Ez zait iruditzen kasualitatea lehen lerro horretatik desagertu izana Roberto Jimenez eta Yolanda Barcina. Zergatiak? Nolabaiteko garaipena ikusi beharko lukete Barcinaren agintzeko moduaren eta UPNren eta PSNren erregimenaren aurka aritu diren guztiek. Barcinak bere porrota onartu behar izan du».

3

«Uste dut aldaketarako aukera zailtzen ahal duela. Pentsatzekoa da aukeratzen duten hautagaiak ez duela loturarik izanen ustelkeriarekin, gertuago egonen dela PSNtik. Uste dut UPNrentzat eta erregimenarentzat abantaila ekar dezakeela. Horregatik egin dute, hain zuzen ere, nire ustez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.