Koronabirusa

Txertoaz, lerroburu deigarriez harago

Berri asko ateratzen dira COVID-19aren aurkako txerto bat lortzeko abian diren ikerketen aurrerabideez; atzo azkena, Errusiatik. Azkar doaz, oro har, ikerketa guztiak, baina galderak ere badira airean

Viralgen Vector Core, Donostian; txertoak ekoiztekoak dira han. J.ETXEZARRETA / EFE.
arantxa iraola
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
COVID-19ak ekarritako larritasuna ezin inon saihestu, eritasun horren kontrako txertoaren gaineko ikerketekin loturiko albisteek oihartzun handia izaten dute. Ia egunero agertzen da baten bat. Bada nondik edana: ikerketa talde asko ari dira, herrialde askotan, immunitatea ekarriko duen produktu eraginkor eta seguru baten bila, lan erritmo bizian. Eta hedabideetako goiburuetan irteteko lehia ere agerikoa da; atzo, esaterako, Errusiako agintariek adierazi zuten bi asteren buruan txerto bat onestea espero dutela. Hiru faseko ikerketa prozesu zorrotza bete behar izaten da txerto bat garatzeko, oraindik txerto horren garapena bigarren fasean dagoela zabaldu dute hainbat hedabidek, eta fundamentu handikoa ez dirudi albisteak, baina oihartzuna izaten dute tankerako berriek. Amaraun horretan benetako aurrerabideak zein diren argitzeko, gaia gertutik segitzen duten hiru adituri galdera egin die BERRIAk: Ana Galarragari, Gorka Oriveri eta Rafael Bengoari.

GORKA ORIVE EHUko Farmazia irakaslea

«Izugarria da urtarriletik hona egin den lana:ez sinestekoa»

Liluratuta dago EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia irakasle Gorka Orive txertoa lortze aldera hilabeteotan egin diren urratsei begira. «Izugarria da urtarriletik hona egin den lana: ez sinestekoa». Horra Oriveren zenbaketa: 160 egitasmo daude martxan, 30 jada fase klinikoetan sartuta daude, eta horietako lau hirugarren fasean, azkenekoan. «Horrelakorik ez da inoiz gertatu zientziaren garapenean». Hortik esperantza: «Baikor nago. Agian orain, hirugarren faseak egin ahala, emaitza batzuk ez dira onak izango, baina, oraingoz dakigunaren arabera, ondo doaz». Onartzen du, hala ere, unearen kritikotasuna: «Orain dator faserik zailena, hirugarren fasean ahalegintzen baitira errealitateko egoeretara ahalik eta gehien hurbiltzen». Milaka pertsonari jartzen diete prestatzen ari diren txertoa azken txanpa honetan, gizartearen «azpitalde» ezberdinetako pertsonak hautatzen direla aintzat hartuta betiere: hortik konplexutasuna.

Gizartean ikerketen seriotasunari buruzko mezuak ozendu behar direla uste du. «Txerto batek hirugarren faseko irizpide guztiak betetzen baditu, ja merkatura doa: horretarako exijentziak oso handiak dira. Hori gizarteanjakinarazi behar da: pedagogia egin behar da. Imajinatu txertoa dugula eta populazioaren erdiak ez duela jarri nahi. Plan orokor bat egin behar luke administrazioak horretarako». Berandu baino lehen: «Datuak ikusita, agian urte bukaeran buka daitezke orain hasitako hirugarren fase horiek. Uste dut Oxforden lantzen ari direna izango dela lehena. Uste dut izango ditugula emaitzak aurten, ez dakit urrian, azaroan edo abenduan... Txertoa ere aurten?Agian izan daiteke azpitalde batzuentzat». Errusiako kasuaz, informazioa urria dela esan du, eta «kezkagarria» dela berria.

RAFAEL BENGOA Osasun politiketako nazioarteko arduraduna

«Urte bukaerarako espero dut, eta otsail alderako jartzen hastea»

Errusiarrek atzo txertoaz emandako albistea hizpide hartuta, halakoak tentu handiz hartu behar direla ohartarazi du osasun politiketako nazioarteko aditu Rafael Bengoak. «Teorian, albiste ona da, baina ikusi egin behar da». Adierazi du OME Osasunaren Mundu Erakundeak orain arte ez dituela jaso ikerketa horren gaineko argibideak, eta zientziaren bide eraikitzaileekin baino «lehia komertzialarekin» lotuagoa egon daitekeen susmoa agerikoa dela. «Inork ez du trena galdu nahi; zenbait ikerketa taldek beren aurrerabideak oso agudo jakinarazten dituzte, dirua lortze aldera», onartu du. Arriskutsu deritzo: «Ona da lehia pixka bat egotea, baina espioitza industrial giro batean, ez...» Oro har, hala ere, ikerketa taldeek informazioa «partekatuz» jardun dutela esan du, oso ondo egin dela lan prozesua gehienetan. Horiek horrela, Txinan, Erresuma Batuan eta Ameriketako Estatu Batuetan abian dauden egitasmo aski aurreratuen ondoan, herren ikusten du atzo Errusiak jakinarazitakoa: «Galdera markarekin». Onartu du, hala ere, ikerketak asko aurreratuta ere galderak beti egongo direla. «Beste txertoak ere, atera berritan, behin-behinekoak izango dira; gero, urtez urte perfekzionatu ohi dira txertoak. Baina ez gaitzala engaina behin-behineko hitzak...». Merkatura heldu aurreko prozesua oso zorrotza izaten dela adierazi du, berme handiak eskatzen direla, eta halaxe jakinarazi behar dela.

«Gero, txertoa nola jartzen hasi ere pentsatu beharko da. Ez da erraza izango. Gobernuek lehenetsi egin beharko dute nori jartzen hasi; adinekoak izan daitezke aurrenak, edo gaitz kronikoak dituztenak, eta osasunaren arloko profesionalak, adibidez. Baina erabaki horiek gobernuenak dira, eta ez dira samurrak. Ja lantzen hasiak behar lukete gobernuek hori». Hirugarren fasea behar bezala burutu eta plazara irteten aurrena Oxfordeko edo Modernako txertoaizango dela uste du: ez du argi zein. «Urte bukaerarako espero dut, eta otsail-martxorako, adibidez, Euskal Herrian jendeari jartzen hastea». Tarte luzea da. Erne ibili beharko da: «Udazkena beroa izango da».

ANA GALARRAGA Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea

«Orain, ikusi behar daea erantzuna benetan nahikoa den babesteko»

«Zalantzarik gabe, bide ofizialetan iragartzen ari direnarekin ateratzen ari diren ikerketetan, datu guztiak eskura jarrita, Oxfordeko hori, AstraZenecarekin garatzen ari direna, hori da gugandik gertuen dagoena; pauso guztiak ezarrita dauden bezala betetzen ari dira han, eta oso azkar, gainera», nabarmendu du Elhuyarreko zientzia dibulgatzaile Ana Galarragak. Bat dator solaskideen iragarpenetan: «Urte honen bukaeran egongo da txertoa». Baina ñabardura egin du: «Bueno, hirugarren fasea azkarren bukatzen dutenen emaitzak egongo dira bukatuta...». Gero helduko da txertoa: «Baina hori dena, onbidean badoaz. Ezusteak egon daitezke». Zer ikertua franko dago oraindik. «Bigarrenfaseetan parte hartu dutenei, esaterako, urtebeteko jarraipena egin behar zaie oraindik». Pertsona horiek antigorputzak sortu dituztela ikusi da, baina horrekin ez da aski. «Orain, ikusi behar da eaerantzun hori benetan nahikoa den birusetik babesteko», azaldu du. «Eta ez dago argi erantzun horrek zenbat denbora iraungo duen ere». Seriotasunez ari diren ikerketa taldeen jardunaren ondoan, gaiaren inguruan ateratzen diren beste hainbat berrik bestelako jarduteko era bat erakusten dutela adierazi du Galarragak. «Lehia zientifikoa alde batetik dago; ekonomiko-politikoa, bestetik». Hor OMEren jarduna ezinbestekoa dela uste du: «Prozesuak gardenak eta bidezkoak izatea bermatu behar du; horretarako mekanismoak baditu». Oroitarazi du txertoa «azkar» garatze aldera beste aldagai batzuk bazterrean uzten badira dudak ugaritu egin daitezkeela txertaketaren unerako.

«Pedagogia» ezinbestekoa dela onartu du Galarragak ere. «Asmatu zen, esaterako, azaltzen zergatik konfinatu behar genuen; geroztik hutsuneak agertu dira, kontraesan handiak. Txertoarekin hori aldatzen ez bada, arriskua dago indartzeko txertoekiko errezeloa daukaten taldeen indarra». Gero, txertoa nola jartzen hasi ere erabaki beharko da: «Hori ere ondo azaldu behar da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.