Iker Aranburu.
ANALISIA

Bi modu historia egiteko

2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Historia liburuetan agertzea da agintari guztien ametsa. Aipamen labur batekin konformatuko dira gehienak, baina kapitulu oso bat bilatzen dute ego handia dutenek. Esan gabe doa zer taldetan dagoen Donald Trump, nartzisismoa eta autopropaganda infinitura eta urrunago eraman duen AEBetako presidentea. Kapituluaren izenburua ere hautatua izango du honezkero: Donald J. Trump, AEBak berriro handi egin zituen presidentea. Eta txapel gorri bat opari.

Ametsak libre dira, baina, batzuetan, amesgaizto bihurtzen dira. Arrisku hori dauka uneotan Etxe Zuriko maizterrak, haren kapituluaren izenburua oso bestelakoa izan daitekeelako: Trump, atzeraldi bat eragin zuen gizona.

Kapitulu hori idazteko dago oraindik, besteak beste, oraindik ez dagoelako atzeraldi teknikorik, ez AEBetan, ezta beste potentzia ekonomikoetan ere. Baina gerturatzen ari direlako zantzuak ez dira falta. Ziurrenik, Alemaniara iritsiko da inora baino lehenago: hango barne produktu gordina %0,1 txikitu zen urteko bigarren hiruhilekoan, eta hirugarrenean ere ildo horretatik doala ohartarazi du Bundesbank-ek. Balizko atzeraldi horren errudunak bat baino gehiago izango dira, baina jomugaren erdian Trump bera dago, hark piztu duelako Alemaniako industria geratzen ari den merkataritza gerra.

Alemaniak asko esportatzen du, eta, horregatik, hango ekonomiak asko nabaritzen du bere portuak ez badira kontainerrez edo autoz betetzen. AEBetan, ordea, kanpo merkataritzak askoz pisu txikiagoa du; berez, BPGan duen pisua txikienen artean bosgarrena da, Sudan, Burundi, Kuba eta Nigeriaren ondoren. Hau da, barne merkatu erraldoi batek elikatzen du ekonomia, ez esportazioek. Eta, horregatik, atzeraldia AEBetara iristekoa bada, ez da industriaren arazoetatik etorriko, kontsumo krisi batetik baino.

Alde horretatik, tarte zabala du oraindik Trumpek. AEBetako hazkunde erritmoa sendoa da , eta langabezia oso maila txikian dagoenez —(%3,7) kopururik txikiena 1960ko hamarkadaz geroztik—, soldata igoerak sektore askotara hedatzen ari dira, eta kontsumoa indartsu dago. Horrek ez du kentzen, noski, langile horietako askok bizpahiru lanpostu behar izatea bizitzeko adina diru lortzeko —eta haien artean milaka irakasle egoteak asko esaten du—.

Baina Trumpentzat «number one» den ekonomia horretara ere hasi dira lainoak heltzen, eta presidentea bera kezkatuta dago, 2020an Etxe Zurian geratzeko beste lau urteko kontratua duelako jokoan. Gogoan izango du nola krisi ekonomikoak zapuztu zituen Jimmy Carterren eta George Bushen bigarren agintaldiak.

Interesak eta seinaleak

Ekaitza ekar dezaketen hodei beltzen artean dago AEBetako zorraren errendimendu kurba irauli egin dela. Zer esan nahi du teknizismo horrek? Normalean, epe luzerako zorren etekinak handiagoak izaten dira epe motzekoak baino, inbertitzaileei zorra denbora luzeagoan hartzearen arriskua konpentsatzeko. AEBetan, ordea, egoera hori irauli egin zen abuztu erdian: errentagarritasun handiagoa zuen bi urterako zorrak hamar urtekoak baino. Historiak dio hori gertatzen denean atzeraldia etorri ohi dela, eta azken aldiz 2007an gertatu zela jakiteak ez luke inor lasai utzi beharko. Egia da tarte labur batez soilik izan zela, eta gaur egun tasen arteko aldea oso txikia izateak errazagoa egiten duela kurba iraultzea, baina ez da seinale ona; erakusten du inbertitzaileak beldur direla, uste dutela datorren urteak ez direla onak izango. AEBetako herritarren artean ere ezkortasuna hedatzen ari da egoera ekonomiko orokorraren inguruan, haien egoera pertsonalak besterik esan arren. Burtsek bere igoera eteteak ere irudipen hori handitzen du, asko baitira dirua akzioetan duten estatubatuarrak.

Egoera ez da samurra, atzeraldiari buruz hitz egitea baita arriskurik handienetako bat; hau da, atzeraldi baten beldur, enpresek inbertitzeari uztea eta herritarrek diru zorroa ixtea, horrek krisia elikatuko lukeelako, 2008an egin zuen bezala. Eta horretan zerikusi zuzen-zuzena du Trumpek, enpresen inbertsioa geratzen ari baita, nagusiki konpainiek ez dakitelako zer egingo duen presidenteak Txinarekin. Ez die lagunduko ostiral arratsaldeko purrustadak, AEBetako enpresak Txinarekin dituzten harremanak hausteko «agintzen» zien txio horrek. Atzo, berriz, «dena da posible» erantzun zuen, galdetu ziotenean aukera bat ote den Txinaren kontrako muga zergen aplikazioa atzeratzea.

Gauza bat eta kontrakoa

Trump mezu bat eta kontrakoa esanez ari zaio erantzuten desegonkortasunari. Batetik, aldarrikatu du AEBetako ekonomia primeran doala: «Oso egoera indartsuan gaude. Uneotan, munduko lehen herrialdea gara, alde handiz gainera... Europak arazo asko ditu. Asiak arazo asko ditu». Baina, aldi berean, krisi latz bati aurre egiteko neurriak nahi ditu. Erreserba Federala modu zatarrean presio egiten ari da interes tasak gehiago jaitsi eta zorra erosteko programa berriro has dezan. Zerga jaitsierak ere aztertzen ari da: errenta zergan, baina baita kapitalaren gainekoetan ere. Urduri dago Trump, eta mundua urduritzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.