Koronabirusa

Defentsak ahulago eta kezkak biziago

Immunoeskasiak COVID-19arekiko kezkarako motibo izan daitezke, baina eritasunaren eboluzioan beste aldagai hainbatek ere eragiten dutela gogoratu dute adituek. Zer ikertua bada arloan

Jendea maskara jantzita, Bilbon, metroko sarbide batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Infekzioen aurka defendatzeko gorputzak duen mekanismo multzoa da immunitate sistema, eta, oro har, haren eraginkortasuna urritu ahala, ahuldu egiten dira eritasunei aurre egiteko defentsak. Horiek horrela, immunoeskasiaren bat duten pertsonek COVID-19aren aurrean izan ditzaketen aparteko arriskuak kezkarako motibo izan dira iragan hilabeteotan. Hala ere, Francisco Borregok adierazi du oraindik goiz dela gaiari buruzko ondorioak argi zehazteko: «Zer ikertua franko dago». Ikerbasqueko ikertzailea eta irakaslea da, Immunopatologia taldeko zuzendaria Biocrucesen. «Orain arteko datuen arabera, ez dago esaterik immunoeskasiaren bat duten pertsonek arrisku handiagoa dutela COVID-19arekin kutsatzeko. Akaso minbizia duten pazienteen kasuan igotzen da arriskua pitin bat...», esan du. Gaiaz jardutean, orokorkeriek deus gutxitarako balio dutela uste du: ñabardurak aintzat hartu behar dira beti. «Immunoeskasia eta COVID-19a hizpide hartzean, argi izan behar da, esaterako, zer immunoeskasia klaseri buruz ari garen».

Lezioa hasi du Borregok: «Immunoeskasia izateko kausa asko daude. Lehen mailako immunoeskasia bat ager daiteke, adibidez, kausa genetikoen ondorioz. Bigarren mailako immunoeskasiak ere badaude. Osasun arazo baten ondorio izan daitezke: GIB birusarena, adibidez. Minbizia duten pertsonek ere sistema immunea eskastua izaten dute usu». Donostialdeko ESI Erankunde Sanitario Integratuko mediku onkologo Laura Basterretxearen ñabardura aintzat hartzekoa da hor; minbizi klase batzuek berez dakarte immunitate sistemaren ahultzea, eta beste zenbaitetan, gaitzari aurre egiteko tratamenduen ondorioz agertzen da. «Kimioterapia erabiltzen denean, esaterako», azaldu du. «Baina tratamendu klase guztiek ez dituzte eragin berak izaten». Badira motibo medikoek eragindako immunoeskasia gehiago ere. Lezioarekin jarraitu du Borregok. «Esate baterako, organoren baten transplantea egin eta gero, errefusarik ez izateko, immunitate sistema ahultzeko botikak ematen zaizkie zenbait pazienteri; eritasun autoimmuneak dituzten pazienteei ere bai».

Motibo argi bat ikusten du Borregok pertsona horiek, oro har, izurriaren aurrean zuhurragoak izateko. «Medikuekin kontaktu handia izaten dute; kasurik gehienetan, kontzientzia handiagoa ere bai». Kalteberatasunarena eta, oraingo honetan, COVID-19 gaitzaren arriskuarena. «Eta, hain justu, datuak badira erakusten dutenak behin kutsatuta gaitza larriagoa izan daitekeela», aitortu du Ikerbasqueko adituak.

Hipotesi «tentagarriak»

Ez da beti horrela izaten, ordea. «Esaterako, eritasun autoimmuneak dituzten gaixoak ez dira erakusten ari COVID-19 larriagoa», azaldu du Borregok. Are gehiago, ikusten ari dira gaitzaren aldaerarik bortitzena usu agertzen dela immunitate sistemaren «hiperreakzio» batek eraginda: «Zitokina ekaitz baten ondorioz». Eta «hipotesi tentagarri» bat lantzera eraman ditu horrek ikertzaileak. «Izan ere, gaixo autoimmuneei botikak ematen zaizkie justu galga jartzeko immunitate sistemari, eta, beraz, probalitatea txikiagoa da kasu horietan gaitzaren aldaera larriena izateko. Hipotesi bat da; aintzat hartzekoa».

Gaitzek zer eboluzio izan dezaketen jakiteko, oro har, «eritasunari» bakarrik begira egon gabe, «pertsonak» bere osoan aintzat hartu behar direla oroitarazi du Borregok. «Aldagai asko dira kontuan hartu beharrekoak;guztiak izan daitezke interesgarriak ulertzeko zergatik den gaitza erasokorragoa pertsona batzuengan». Adibidez, «immunitate gurutzatua» aintzat hartu beharreko aldagaia dela adierazi du; COVID-19a eragiten duen birusa birus familia zabal bateko parte da, eta orain zientzialariak ikusten ari dira aurrez birus horietakoren batekin kutsatuta egon diren pertsonek —ia oharkabean akaso, hotzeria arrunt batekin—«oraingo birusa atzemateko gai diren zelulak» dituztela: «Hipotesia da hori ere; ikertu beharrekoa». Aintzat hartu beharreko beste aldagaiak dira, adibidez, genetika eta zahartzeak berak immunitate sistemaren funtzionamendu onerako ekarri ohi dituen zailtasun ugariak.

Paziente onkologikoen kasuan, «defentsak» igotzeko tratamenduak badirela azaldu du Basterretxeak, eta halakoak erabili dituztela krisi honetan. Eta, oro har, itxaropen mezua eman behar zaiela pazienteei: gaindi dezakete COVID-19a. «Izan ditugu koronabirus kasuak paziente onkologikoetan; hainbatek gainditu dute». Kezkatuta ikusi dituzte hilabeteotan paziente asko, eta haiek lasaitzera egin dute. «'Zerbait ezberdina egin behar dut?', galdetzen dute. Eta, ez, deus berezirik ez dute egin behar». Baina birusaren gaineko «kontzientzian» irmo jarraitzeko esaten diete:ez «erlaxatzeko». Mezuak, hala ere, orokorra izan behar du: «Kontzientzia gaitezen denok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.