Intsumisoek irabazi zutenekoa

Hogei urte bete berri dira Espainiako Gobernuak derrigorrezko soldadutza kendu zuenetik. Intsumisioaren aldeko borrokaren garaipena izan zen, desobedientzia zibilaren bidetik jorratutakoa. Hegoaldean 12.000 lagun egin ziren intsumiso.

Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentaleko zati bat. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gutun batekin hasten zen dena, nahitaez soldadutza egitera joan behar zutela zioen eskutitz batekin. Espainiako armadan zerbitzu militarra egitera derrigortzen zituzten gizonak, eta Hego Euskal Herrian milaka gazte joan ziren, behartuta, zorroa hartu eta euren etxetik urrun. Aski zela esan zuten arte. Soldadutzaren kontra mobilizatzen hasi, eta intsumisioaren borroka piztu zen arte. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan soldadutzaren aurka sortutako, gorpuztutako eta indartutako mugimendua izan zen, eta borroka «eredugarri» eta «sutsu» baten ostean, lortu zuen helburuetako bat: derrigorrezko soldadutza ezabatzea. Asteon hogei urte bete dira Espainiako Gobernuak derrigorrezko soldadutza indargabetu zuenetik. Hogei urte intsumisioaren borrokak garaipena lortu zuenetik; desobedientzia zibila garaile izan zenetik. Hala, amaiera eman zitzaion Hegoaldean 165 urtez nahitaezkoa izan zen zerbitzu militarrari.

Intsumiso izan ziren Juan Kruz Lakasta, Nafarroan; Iñaki Otamendi, Gipuzkoan; eta Joseba G. Martin Rivera, Bizkaian. Euren bizipenetatik aztertuta, borrokaren nondik norakoak azaldu dituzte, eta lurralde bakoitzaren errealitatearen berri eman, intsumisioarena mugimendu plurala eta zabala izan zelako.

«Mugimendua oso indartsua izan zen. Berunezko urteak ziren. Indarkeria klase asko zeuden Euskal Herrian, eta guretzat zaila zen kokatzea. Sektarismo handiko garaiak ziren, eta politikoki nahiko konplexuak. Intsumisioak eman zigun kokatzeko modu bat. Eman zigun nolabaiteko nortasun politiko bat», gogoratu du Lakastak. Haren arabera, intsumisioaren bidez erakutsi zuten bazegoela borroka molde bat, desobedientzia zibil ez-bortitza, «eraldatzailea» zena, eta aukera ematen zuena garaipen handiak lortzeko, hala nola soldadutza desagerraraztea. Baita «gehiengo sozialak eraikitzeko» ere. Borroka molde hark gaitasun handia izan zuela dio: «Lortu zuen borroka hegemoniko bat izatea. Kitzikagarria izan zen, hazkunde politikorako eta pertsonalerako bidea eman zigun». Mugimendu «irudimentsua» izan zela azpimarratu du, eta protesta egiteko tenorean «molde berriak zabaldu zituena».

Askatasuna hitza erabili du Otamendik momentu haiek oroitzeko orduan. 1989an deklaratu ziren lehen intsumisioak, eta hasieran apur batzuk baziren ere, bi urteren buruan mugimendua asko indartu zela nabarmendu du: «Geldiezin bihurtu zen. Oso dinamika bizia izan zen, alaia. Saiatzen ginen gure esparrua gainditzen, eta gizarteko beste sektoreak inplikatzen. Aldarrikapenak zabaltzeko ekintza irudimentsuak eta alaiak egiten genituen». Etengabeko borroka batean zeudela adierazi du, une oro ekintzak eta mobilizazioak antolatzen.

Eta eman du gakoetako bat: borroka ziklo horretan, denbora guztian mugimenduak markatzen zuen norabidea: «Mugimenduak beti, modu irudimentsu batean eta ondo antolatuta, estrategia mantentzen zuen, norabidea galdu gabe. Etengabe egokitzen zen egoera ezberdinetara, eta erantzun bat ematen zien». Babes zabal eta askotarikoak izatea lortu zuten, gizartearen zati handi bat inplikatzea, eta ezinbesteko hauspoa eman zien horrek. «Intsumiso egitea, lehenik eta behin, aukera pertsonal bat zen. Baina aldi berean, jarrera politiko bat zegoen horren atzean», esan du Riverak. Esperientzia polita bezain gogorra izan zela dio, eta «eskarmentu handia» lortu zutela. «Garai oso aktiboak izan ziren. Gizartean izan genuen eragina oso garrantzitsua izan zen, eta hori ere lorpen bat da».

Espainiako Estatuak gogor erantzun zion milaka gaztek jotako erronkari —Hego Euskal Herrian, 12.000 lagun egin ziren intsumiso —, baina errepresioa bereziki latza izan zen Nafarroan, eta dozenaka gazte sartu zituzten Iruñeko espetxean. Hala, intsumisio mugimendu osoarentzat ikur bilakatu zen Nafarroako hiriburuko kartzela. Ziegan egon zen Lakasta ere, urtebetez. «Espetxea oso gogorra da, gizakia txikitzen du. Han izan ginenen artean, intsumisoen artean, lautik bat oso gaizki egon zen».

Halere, azaldu du berari esperientzia ez zitzaiola hain gogorra egin. «Ehundu genituen hainbat konfiantza harreman-eta oso baliagarriak izan dira gerora ere. Espetxean sartu gintuztenean, oso ildo politiko ugaritakoak ginen intsumisoak, eta han kontsentsu bidez funtzionatzen genuen». Eta hala adierazi du: «Gerora izan ginena, hein handi batean, esperientzia horrek markatu zuen». Borroka gune bihurtu zituzten kartzelak ere, eta protestak egin zituzten bertan. «Borroka egin genuen presoen baldintzen eta eskubideen alde».

Nafarroan ez ezik, hainbat gazteri ezarri zieten kartzela zigorra Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ere. «Errepresioa zabala izan zen». Epaiketa jasan behar izan zuten soldadutzari uko egiteagatik, eta inhabilitazio zigorra pairatu zuten askok.

Soldadutzaren amaiera

«Une honetan egokia da derrigorrezko soldadutza ezabatzea». Hala zioen Espainiako Gobernuak 2001eko martxoaren 9an argitaratu zuen lege dekretuak, eta urte bereko abenduaren 31n amaitu zen derrigorrezko soldadutza Hego Euskal Herrian. Esperotako erabakia izan zen, «ikusten zelako urrats hori egingo zutela, gazteak dagoeneko ez zirelako joaten soldaduskara». Otamendik berretsi du mugimenduak behartutako erabakia izan zela, eta garaipen hori aldarrikatu egin behar dela. Kakitzat koordinakunde antimilitaristak egindako balorazioa gogoratu du: «Lortu dugu. Irabazi dugu». Ez du sentipen hori Lakastak, eta aitortu du berriak «nekatuta» harrapatu zituela: «Ez genuen jakin egoera irakurtzen. Ez genuen jakin identifikatzen garaipen bat zela. Ez erabatekoa. Gerra ez genuen irabazi: kapitalismoak, militarismoak eta beste hor jarraitzen zutelako, baina bataila bat bai, soldadutzarena». Uste du une hartan mugimendu antimilitaristak ez ziola eman erabakiak zuen garrantzia.

Ados daude intsumiso izandako hirurak: soldadutza amaitzea lorpen bat izan zen, baina militarizazioaren aurkako borrokan bide luzea dago egiteko. Rivera:«Soldadutzarena garaipen jakin bat izan zen; inportantea, baina bat». Haien ustez, badaude beste hainbat urrats egiteke: desmilitarizazio prozesuak martxan jartzea, armada instituzio gisa desagertzea, lurraren desmilitarizazioa, armagintza fabrikak produkzio zibileko lantegi bihurtzea, gastu militarra behar sozialetarako erabiltzea... «Nolabait, 2001eko aldarrikapen haiek 2021ean berdinak dira oraindik ere», dio Otamendik. Lakastaren arabera, militarismoaren inguruan eztabaida sakon bat egin behar da: «Desmilitarizazioaren premia larria daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.