Iñaki Larramendi

Belaunaldi baten azkena

Txillardegi, Albisu, Gantzarain, Benito del Valle eta beste zenbaitekin batera Ekinen sortzaile izandakoa hil da, 93 urterekin. EGIrekin erabat hautsi, eta ETAren eratze batzarra egin zuen belaunaldi hark, 1958an.

Julen Aperribai.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Iñaki Larramendi Ekineko kide izandakoa eta ETAren sortzaileetako bat hil zen atzo, 93 urterekin. Ekin sortu zutenen artean, Iñaki Gantzarain baino ez da geratzen bizirik orain.

Gerra bukatu eta handik hamar urtera hasi ziren militatzen Larramendi eta gerora ETA sortuko zuten haiek. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k kontatua dauka 1947an hasi zela bera EIA Eusko Ikasle Alkartasuna ikasle taldearekin harremanetan. Herbehereetan zuen egoitza, eta Ikasle izeneko aldizkari bat banatzen zuten Bizkaian, eta Erne izeneko beste bat Gipuzkoan. Harekin bateratsu zen Larramendi ere. 1950ean atxilotu zituzten Larramendi bera, Txillardegi —lehengusua zuen—, Iñaki Gantzarain eta Jose Maria Benito del Valle; EIA desegin zuten poliziek.

Handik urte pare batera, 1952an, orduan elkartutako gazte haiek berriro elkartzen hasi ziren, beren kasa. Euskara ikasten, autore existentzialistak ikertzen eta euskal foru lege tradizionalak ikertzen hasi ziren. Autoformazio talde horrek Ekin izena hartu zuen 1953an; barne mailan erabiltzen zuten buletinaren izena zen berez. Larramendi bera 1953an sartu zen taldera, BERRIAri 2018an adierazi zionez: «Kolonizazio bat zegoen, eta gu tripak jaten egoten ginen. Zerbait berria behar zen».

Ekinen Donostiako adarrean, Larramendi, Rafa Albisu eta Txillardegi elkartzen ziren. Bilbokoan zeuden Benito del Valle, Alfonso Irigoien, Iñaki Gantzarain eta Julen Madariaga. 1954an, taldea zabaldu, eta jendea biltzen hasi ziren. EGIko militante ugari eurenganatu zituzten lehen urteetan, baina tirabirak ere hasi ziren, handik gutxira iritsiko zen hausturaren aurrekari zirenak. Harremanak onbideratzeko azken ahaleginetako batean parte hartu zuen Larramendik berak, Baionan. «EAJtik Jesus Solaun eta beste bat izan ziren. Baina ez genuen bakerik lortu. Solaunek ohartarazi zigun EAJren pisu osoa gure gain eroriko zela. Desafio bat bota zuten, gero mugimendua bukatu nahian».

Ikusi gehiago:Iñaki Larramendi: «Bakea egin nahi genuen EAJrekin, baina...»

Amaitzetik urrun, abiatzen eta egituratzen ari zen Larramendik eta haren belaunaldikideek sortutako mugimendua. 1958an, ETAren eratze batzarra egin zuten Deban, eta han zen donostiarra. Artean ekintza armaturik egin gabea zen erakundea, baina, Larramendik BERRIA-ri azaldu zionaren arabera, mugarria izan zen Jose Antonio Agirre lehendakari ohiaren heriotza, 1960an. «Agirreren Jaurlaritzak buruan zeukan fronte demokratiko bat osatzea Francoren kontra, eta saiatu zen AEBekin aliantza bat osatzen, baina Agirre hil zen, eta 1962an Municheko [Alemania] topaketa erabakigarria izan zen: EAJk estrategia aldatu zuen, ordura arteko erresistentzia borroka baztertu bezala egin baitzuen eta trantsizioan jarri burua, estatutu berri batean, Nafarroa albo batera utzita».

Handik gutxira iritsi ziren ETAren lehen sabotaje ekintzak. 1961ean, soldadu ohi frankistaz betetako tren bat erreitik ateratzeko saioa egin zuen ETAk Donostian. Ekintza ez zen espero moduan atera, eta bere bidean jarraitu zuen trenak. Hala ere, sarekada handi bat izan zen, eta ETAko kide ia guztiak atxilotu zituzten; tartean, Larramendi. Torturatu ere egin zuten. «Baina neurriak ondo hartuak nituen, eta nire azpian zeudenak ez ziren erori, eta ez zidaten ezer harrapatu». Sorian [Espainia] espetxeratu zuten Larramendi, eta 1964an atera zen, baldintzapean aske.

Behin kanpoan, ez zuen ETAn jarraitu, baina bai herrigintzari eta euskalgintzari lotuta; batik bat, ikastolen mugimenduan. Eta konpromiso hori ordaindu zuen. 1968an berriro atxilotu zuten, ETAk Meliton Manzanas hil eta gutxira. Avilako [Espainia] herri txiki batera bidali zuten, eta han bizi behar izan zuen aldi batez. Egunero kuartel batera joan behar izaten zuen, sinatzera.

Nerabezaroan, « euskara ikastearekin bat», besarkatu zuen abertzaletasuna, eta hari berari egitekoa ezarri zion zazpi hamarkada geroago, berak sortutako erakundearen hondarretan: «Politikan, askatasuna ez da ematen. Inon ez da eman. Eta askatasuna ez da eskatzen, indarrez kentzen da. Nola? Indarrak bilduta, oroz gain. Eta herri gisa jokatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.