Albistea entzun

DARWIN ETA GU

«Ez bukatu dut»

Jose Mari Pastor -

2019ko azaroak 16

Leonor Borboikoak katalanez duen ahoskera laudatu du Rudolf Ortega hizkuntzalariak El País egunkarian. Espainiako errege-erreginen alaba Bartzelonan izan zen joan den astean, eta katalanez mintzatu zen jendaurrean. Neskaren ahoskerak zur eta lur utzi zuen Ortega, bokal neutroak eta ese ahostunak bikain bereizten baititu.

Rudolf Ortegak kezka bat azaldu du, baina: Valentziara edo Mallorcara doanean, Bartzelonako ahoskera baztertu eta leku horietako berezitasun fonetikoez baliatuko da infanta? Hala jokatuz gero, hizkuntza katalanaren aurka bultzatutako separatismo linguistikoarekin bat egingo luke, Ortegaren arabera. Izan ere, hark argi du Leonor Madrilgo espainieraz mintzatuko litzatekeela Kanaria uharteetan edo Sevillan, hango ahoskerara hurbildu gabe. Zergatik ez jokatu berdin antzean katalanaren kasuan?

Katalana ez ezik, euskara ere ikasten omen dabil Leonor. Euskal Herrira etorri eta euskaraz hitz eginez gero, adi egongo gara nongo ahoskera darabilen. Eguraldiya esango du Gipuzkoan eta eguraldixe Bizkaian? Nola ahoskatuko du joan, jan edo jo? Egia esan, beste kontu batek askoz gehiago kezkatuko ninduke: Leonorrek euskaraz hobeto hitz egiteak gure eskola publikoetan pilatzen diren hainbat umek baino.

Gasteizko eskola batean D ereduan ari den irakasle batek azaldutako adibideak ditut gogoan. Geletan jatorri ugaritako ikasleak daude. Euskara ikasteko eraman dituzte gurasoek euskarazko eredura, baina hor euskara ikasi ezinik dabiltza. «Bukatu duzue?», galdetu die irakasleak. «Ez bukatu dut», erantzun dute. «Ez ulertu dut», «da como si» eta halakoak entzuten dira sarri. Eta borobiltzeko: «Parecitzen du...».

Komunikatzeko tresna da euskara. Hori dela eta, ikasle guztiek euskara ikastea bermatu beharko luke gure hezkuntza sistemak. Benetan ikasi, inor baztertu gabe jatorri eta egoera sozioekonomikoarengatik. Nola lortu hori irakaskuntza publikoan? Baliabide humano gehiago behar dira. Eta leku bakoitzaren errealitate soziolinguistikoari ondo egokitutako programak.

Alemanian eztabaida piztu da ikasturtearen hasieran. Ume etorkinak alemana jakin gabe eskolaratzen direla adierazi du eskuinak. Haren ustez, haur horiek besteen ikasketa prozesua oztopatzen dute. Haurrak ez nahastea izango litzateke konponbidea. Gutxieneko ezagutza linguistikoak eskatzea.

Aditu askok gogor kritikatu dute neurria. Heidrun Quandt irakasleak 40 urte eman ditu lanean Berlinen, Neukölln barrutian. Bertako biztanleen ia erdiek guraso edo aitona-amonetako bat dute atzerritarra. Irakasleak Der Spiegel aldizkariari jakinarazi dionez, ume askok telebista turkiarra edo arabiarra besterik ez dute begiratzen. Ez dakite fruitu arrunten izenak alemanez esaten. Irakaslearen ustez, errefortzu eskolak jarri behar dira, haur-eskolatik bertatik, ikasleen gaitasun linguistikoak garatzeko.

Integrazio arazo handia dute Alemanian. Behin, zergatik zegoen haserre galdetu zion Quandt andreak haur bati. Beste eskolakide batek Erdogan iraindu zuela esan zuen umeak. Bera turkiarra dela; ez duela hori onartuko. Hala ere, umeak pasaporte alemaniarra du. Bera eta gurasoak Alemanian jaio dira. Aitona-amonak sortu ziren Turkian.

Ezinbestekoa da euskararen eta euskarazko irakaskuntza sendotzea. Euskara ikastea bermatzea. Lan zaila da; are zailagoa hizkuntza nagusi bat duzunean ondoan, eta estatu boteretsu bat haren alde eta zure kontra. Alemanian arazoak badituzte, dena alde egonda, zer esan Euskal Herriari buruz? Hemen arazoak ez ditugu soilik kanpoko umeen euskararekin. Bertokoen euskara eta haien adierazkortasuna ere kezkagarriak dira. Zer pentsatu Donostiako familia euskaldunetako umeak euskaraz gilipollas esaten entzuten dituzunean? Ume turkiarrek turkieraz iraintzen dute elkar Berlinen. Ume euskaldunek, ostera, espainieraz Donostian. Non gaude: Grosen ala Chamartinen? Kontsolamendu bakarra dut, baina: behintzat gilipollas esaten dute; oraindik ez dute gilipuertas hitza ikasi. Eskerrak!

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kilometroak jaiaren une bat, gaur, Errenterian (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian

Arantxa Iraola

Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean

Ikasle batzuk pantailen bidez ikasten, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete

Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian. Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira.

Ikasnova gunea, Nafarroako ikastetxe batean. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Ion Orzaiz

Iruñeko San Frantzisko ikastetxea Ikasnova proiektura batu zen iaz. Chromebook-ak erabiltzeaz gainera, eskolaren metodologian txertatu dituzte robotika eta IKTak, «edukiak beste era batera lantzeko».
Ikasleak Luberri sistema eragilea erabiltzen, Antigua-Luberri ikastetxean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Donostia. Arazoari etxeko konponbidea

Irati Urdalleta Lete

Donostiako Antigua-Luberri eskolan Luberri sistema eragile «propioa» garatu dute. Dagoeneko zenbait eskolatara zabalduta dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...