Euriak, elurrak eta lokatzak zailduta dena

Euria ugari egin du, eta uholdeak izan dira hainbat tokitan. Luiziek arazoak eragin dituzte trenbideetan. Elurrak zaildu egin du hainbat errepidetan ibiltzea

Ulibarri-Ganboako urtegia husten, atzo. L. RICO / EFE.
arantxa iraola
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Eguraldiaren iragarpenek esana zuten negu giroa oraindik ere gehiago gordinduko zela atzo, oso euritsua izango zela eguna. Bete-betean asmatu zuten. Hainbat ibaik gainezka egin zuten, luiziek arazoak eragin zituzten, eta goietan pilatutako elurrak ere zailtasunak sortu zituen. Alerta planek ardaztu zuten atzo eguna.

Gipuzkoan, Urumea ibaiaren egoerak ez ezik, Urola eta Deba ibaienek ere eragin zuten kezka. Bilboko Udalak bezperan egindako eran, Gasteizkoak ere uholdeak-eta maiz gertatzen diren tokietatik autoak erretiratzeko eskatu zuen. Araban arazoak izan ziren, bereziki Zadorra ibaiaren erriberan, eta arazoak izan zituzten hainbat bizilagunek; Gasteizko Aztegieta udalerrian, esaterako, etxeak utzi zituzten hainbat auzok, urak gora ari zirela ikusita.

Bizkaian, Cadagua ibaiak gainezka egin zuen, Gueñesen. Getxon ere izan ziren arazoak, eta Muxikan. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak indarrean jarri zituzten uholdeen aurreko planak. Ipar Euskal Herrian alerta laranjan daude. Nafarroan, Baztanen izan zuten aparteko kezka egoerarekin. Lapurdin ere izan ziren uholdeak. Oro har, gauak ekar zitzakeen arazoei begira ilundu zen atzo eguna. Urtegiak hustera ere egin behar izan da egunotan, eta horrek ekar ditzakeen ondorioei ere, adi daude.

Arazorik larrienetako bat Beasain-Brinkola trenbidean gertatu zen, Gabiria parean (Gipuzkoa): luizi batek trenbidea lohiz bete zuen, eta Renferen tren bat trabatuta geratu zen, harri-lurrak jota. Bidaiariek ez zuten minik hartu, baina istripuak zaildu egin zuen trenen zirkulazioa. Donibane Garazi eta Kanbo artean ere, Itsasu parean (Lapurdi), luizi batek trenbidea moztu zuen.

Elurrak ere eragin zituen arazoak. Opakuako gaina itxi egin zuten (Araba). Urduñan (Bizkaia) eta Herreran (Araba) kateak eskatu zituzten. Nafarroan ere izan ziren arazoak bigarren mailako errepide sarean.

Iragarpenen arabera, arriskua dago gaur ere euria gogotik egiteko. Baliteke bihar ere botatzea, baina hortik aurrera ez da espero aparteko euri iragarpenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.