Beste pertsona bat hil da auto istripu batean, N-121-A errepidean

Kamioi batek eta auto batek aurrez aurre jo dute Bera parean. 2010az geroztik 33 lagun hil dira errepide horretan, Nafarroako zatian

N-121-A errepidean atzo goizean gertatutako istripua. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK.
Erredakzioa
Iruñea
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Pertsona bat hil zen atzo auto istripu batean, N-121-A errepidean, Bera parean (Nafarroa). Foruzaingoak jakinarazi zuenez, auto batek eta kamioi batek aurrez aurre jo zuten, eta lagun bat hil egin da. 53 urte zituen, eta Lesakan bizi zen. Ez dute argitu hildakoa kamioian ala autoan zihoan.

N-121-A errepideak Irun (Gipuzkoa) eta Iruñea lotzen ditu, eta haren egoera hizpide izaten ari da urte hasieran, urtarrilean bi gazte auto istripu batean hil ondoren, Olague parean. Horietako baten familiak «berehalako konponbideak» lehenestea eskatu zien erakunde publikoei. 2010etik 33 pertsona zendu dira errepide horretan. Hamarkada hasi zenetik, gainera, ia urtero handitu da ezbeharren ondorioz hildakoen kopurua. Zaurituak ere izan dira: larri zauritutako 69 pertsona, eta arin zauritutako 222. Istripu gehienak Nafarroako lurretan gertatu dira; handik igarotzen da errepidearen zatirik luzeena. Duela aste batzuk, bertako Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak adierazi zuen lehentasunezkoa dela N-121-A errepideko lanak egitea. Horretarako, aurtengo aurrekontuetan milioi bat euro izango dituzte. 35 kilometrotan bereizi egingo dituzte errepidearen bi noranzkoak, barrera metaliko bertikal batekin.

Istripuak salatzeko, gainera, errepidea moztu eginen dute ostiralean. Hainbat irteerak ere sortzen dute kezka, eta horietako bat da protesta eginen duten lekua: Berako irteera. 19:30ean hasiko dute mobilizazioa, eta ordu batez edukiko dute errepidea itxita.

Udalak ere kezkaturik agertu dira. Nafarroako Gobernuarekin bildu dira irtenbide bat eskatzeko, eta haiek ere bat egingo dute protestarekin. Kamioien trafikoa A-15etik desbideratzeko eskatuko dute, besteak beste. Hori berretsi zuen atzo Aitor Elexpuru Berako alkateak. «Egin zen Belateko tuneleko lanak egin zituztenean, eta ikusi genituen ondorioak», adierazi zion ETBri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.