Arma bidalketa baten susmoek Boliviako estatu kolpearekin lotu dute Macri

Boliviako Poliziak munizioa, armak eta istiluen kontrako materiala aurkitu ditu, eta uste du material hori Argentinako presidente ohiak bidali zuela, estatu kolpeari laguntzeko

Armada Boliviako estatu kolpearen aurkako protesta bat galarazten, 2019an, La Pazen. RODRIGO SURA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Rogelio Mayta Boliviako Atzerri ministroak hari muturra matazatik askatu zuen joan den astean, Jorge Gonzalo Terceros Lara Boliviako armadako komandanteak 2019an Argentinako enbaxadara igorritako eskertze gutun bat argitaratu zuenean. Argentinako orduko gobernuak Boliviako estatu kolpeari laguntza eman izanaren frogatzat hartu zuten Boliviako eta Argentinako gobernuek.

Hari mutur horri tiraka ibili eta gero, herenegun, Jhonny Aguilera Boliviako Poliziaren komandante buruak jakinarazi zuen Argentinako Gobernuak duela bi urte bidalitako armak eta istiluen kontrako materiala aurkitu zituztela Poliziaren eskumenekoa den biltegi batean. Besteak beste, munizioa, granadak eta piper gasa topatu zituzten.

Poliziak uste du El Alto hiriko aireportura heldu zela kargamentu hori, 2019ko azaroaren 13ko goizaldean, Jeanine Añezek presidente kargua hartu eta ordu gutxira. «Ikertuko dugu ea zein funtzionario joan ziren aireportura Argentinako hegazkina iritsi zenean, uniforme militarra zuten funtzionarioek eman baitzioten material hori Boliviako Poliziari, inolako dokumentaziorik aurkeztu gabe», adierazi zuen Aguilerak.

Hain justu, joan den astelehenean Mauricio Macri orduko Argentinako presidentearen aurkako salaketa jarri zuten herrialde horretako hiru ministrok, Boliviara «armak eta munizioa legez kanpo bidaltzeagatik». Argentinako Gobernuaren bertsioaren arabera, 2019ko azaroaren 13an gomazko 70.000 pilota zituen kargamentu bat iritsi zen Buenos Airestik La Pazera, eta hainbat jendarmek material horrekin batera bidaiatu zuten; Argentinak Boliviako hiriburuan duen enbaxada babestera joandakoak ziren. Egun horretan bertan bidalitakoa da Terceros Lararen gutuna. Hartan, komandanteak eskerrak ematen zizkion Argentinako Gobernuari gomazko 40.000 bala bidaltzeagatik. Argentinatik ateratako beste 30.000 balarekin zer gertatu zen jakin nahian ari da, eta uste du Boliviako Poliziari eman zitzaizkiola.

Hori baieztatzeak gezurtatu egingo luke jendarmeen operazioetako buru Carlos Miguel Recaldek iazko udan esandakoa. Haren arabera, Boliviara joandako jendarmeek entrenatzeko erabili zuten munizioa. «Boliviako Poliziaren aurkikuntzarekin, agerian geratuko litzateke jendarmeek aipatzen duten ustezko entrenamendurik ez zela izan, eta, benetan, armen eta munizioaren kontrabandoa estaltzen saiatu zirela, herrialde mugakide batean izandako estatu kolpea egonkortzeko asmoz», adierazi zuen Martin Soria Argentinako Justizia ministroak, Poliziak aurkitutakoaren berri izan eta gero.

Boliviako Gobernuak, bestalde, batzorde bat eratzeko asmoa agertu du, inguruko herrialdeek 2019an gertatutakoan izandako esku hartzea ikertzeko —Txilek eta Brasilek ere estatu kolpeari laguntza eman ziotela uste du—.

Argentinako eta Boliviako oposizioek, berriz, Macriri egozten zaizkionak ukatu dituzte, eta auzitan jarri dute armadako komandantearen gutuna egiazkoa den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.