Noiz sortua: 2018-03-23 00:30:00

Izen berria, mezu bera

45 urteko bakartze politikoa amaitzeko, Le Penek marka berria proposatu du FNrentzat: Batasun Nazionala. Alderdiko militanteek asteotan erabakiko dute proposamen horren inguruan.
Marine Le Penek alderdia berpizteko helburua du datozen hauteskundeei begira. Martxoaren 11ko irudia da, izena aldatzeko kongresukoa.
Marine Le Penek alderdia berpizteko helburua du datozen hauteskundeei begira. Martxoaren 11ko irudia da, izena aldatzeko kongresukoa. THIBAULT VANDERMERSCH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2018ko martxoak 23

Boterera iritsi aurreko azken pausoa da, Marine Le Pen FN Fronte Nazionaleko presidentearen arabera. Martxoaren 10ean eta 11n Lillen (Frantzia) egindako XVI. Kongresuan, «birfundazioaren kongresuan», Le Penek izen berri bat proposatu zuen alderdiarentzat, 45 urteko bakartze politikoa hausteko: Batasun Nazionala. Batasun hitzak zantzu gaullistak eta errepublikarrak ditu, Charles de Gaullek II. Mundu Gerra amaitzean sortu zuen alderdiak erabili baitzuen hitz hori —Frantziar Herriaren Batasuna—, eta Jacques Chirac Frantziako presidente ohiaren alderdiaren izenaren antza duelako —Errepublikaren Aldeko Batasuna—, LR Errepublikanoak alderdiaren aurrekoa. Aldaketa sinplea da, eta helburua argia: aliantzak lortzea, ahalik eta jende gehien elkartzeko haren figuraren inguruan, 2022ko Frantziako presidentetzarako bozak irabazteko: «Orain ez dugu zalantzarik izan behar: gobernatzeko alderdi bat gara. Zaila da aliantzarik gabe irabaztea», aldarrikatu zuen FNren presidenteak kongresuan. Izen berria nahi du alderdiarentzat, baina nortasunak eta mezuak ez du aldaketarik izango; abiapuntu berri horrekin ekin nahi dio boterea konkistatzeari.

FNko militanteek asteotan emango diote baiezkoa edo ezezkoa izen berriari. Kongresuaren aurretik egindako barne inkesta baten arabera, %52 leudeke izen aldaketaren alde, baina ikusteko dago zenbat izango diren Le Penek proposatuaren aldekoak. «Gure izenak mezu politiko bat izan behar du, eta Frantziarentzako dugun proiektu politikoa islatu behar du»; horiek izan dira FNko presidentearen irizpideak izena hautatzeko. Zantzu gaullistak eta errepublikanoak izateaz gain, Frantzian 1941. eta 1945. urteen artean izandako alderdi kolaborazionista baten antz handia du: Herritarren Batasun Nazionala. Eta marka horren eskubideak ez daude FNren presidentearen esku.

Hurrengo presidentetzarako bozei begira, eskuineko alderdi nagusiarekin aliatzea da Le Penen helburua, LR-rekin, eta oinarri elektorala ahalik eta gehien zabaltzea, oztopo bilakatu diren bi itzuliko hauteskundeetan behin betiko irabazteko. Baina bide hori zaila luke, eskuinak are eskuinerago egin baitu Laurent Wauquiez alderdiaren presidente izendatu zutenetik; iazko bozetan, alderdi eskuindarra ez zen bigarren itzulirako sailkatu, eta Wauquiezek orduko hartan galduriko boto emaileak berreskuratu nahi ditu, Frantziako indar politiko nagusiaren estatusa berreskuratzeko. Eta bi alderdik boto emaile berak nahi dituztenean ia ezinezkoa bilakatzen da aliantza bat adostea.

Barrura begira, Le Penek estrategia argia du: urteotako irudi garbitzean sakontzea, eta iraganaren soka etetea, alderdiaren etorkizun arrakastatsua bermatzeko. Bere aita Jean-Marie alderditik botatzeko erabakia estrategia horretan sartu du; ordea, ez da horretara mugatu, kongresuan onarturiko estatutu berriek alderdiko ohorezko presidente kargua kendu batiote; hala, FNren sortzailea egungo alderditik behin betiko ezabatua dago. Kongresura joateko debekua zuen arren, Le Pen aitak mehatxu egin zion alabari, Lillen agertuko zela esanez, baina azkenean ez zuen halakorik egin. «Izena aldatzeak alderdia hilko du», kritikatu du hainbatetan.

Ospea berreskuratu behar

2011n alderdiaren buruzagitza hartu zuenetik, Le Pen alabak gora besterik ez zuen egin. Urteak pasatu ahala oztopoak gaindituz joan zen, geldiezina zirudien dinamika baikor batean, harik eta iazko presidentetzarako bozak iritsi ziren arte. Bigarren itzulirako sailkatu zen, baina, bigarren bozketa egin baino lehenagoko eztabaidan, Emmanuel Macron egungo presidenteak guztiz gainditu zuen. Eta horrek asko okertu du Le Penen irudia.

Zazpi urte igaro dira haren aitaren lekukoa hartu zuenetik, eta epe horretan alderdiaren irudia garbitzen saiatu den arren —lortu du, gizartearen parte batekin—, iazko bozetako hutsegiteek eskuin muturreko agintaria hasierako puntuan jarri dute berriz. Kanpainaren hasieran, herritar gehienek Frantzia gobernatzeko gai ikusten zuen; hamar hilabete igaro dira ordutik, eta iritzi hori dutenen kopuruak nabarmen egin du behera. Esaterako, kanpaina hasieran herritarren %67k ikusten zuten erabaki garrantzitsuak hartzeko gai; kopuru hori hogei puntu inguru jaitsi da, eta egun %49k dute iritzi hori. Eta Le Penen ideiekiko atxikimendua 2011ko mailatara jaitsi da hilabete gutxian. Hor du erronka nagusia FNko presidenteak, hamar hilabetean zazpi urteko lana desegin baitzaio.

Lilleko kongresuak hauteskundeetan galdu duen indar politikoa berpizteko izan behar zuen. Oraindik goizegi da Le Pen horretarako gai izango ote den argitzeko; datorren urteko Europako hauteskundeek eta 2022ko Frantziako presidentetzarakoek argituko dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 28an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 23 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta sei gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.976 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.037 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Aitor Esteban, Espainiako Kongresuan. ©Ballesteros / EFE

EAJk Madrili eskatuko dio malgutzeko hirugarren fasea

Berria

Hurrengo fasearen inguruko erabakiak autonomia erkidegoek hartu beharko lituzketela azpimarratu du EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek. Haren ustez, alarma egoera berriz luzatzea onartuz gero, azken aldia izan beharko luke: «Ezin da gehiago luzatu».

Mari Luz Esteban eta Elixabete Garmendia. / ©GORKA RUBIO, FOKU

«Zahartzaroari ematen zaion tratamenduaren metafora da gertatu dena»

Maider Galardi F. Agirre

Koronabirusaren krisia piztu denetik, maiz hitz egin da adinekoen zaurgarritasunari buruz, eta, oraindik, kalera irteteko mugak dituzte adinekoek. Mari Luz Esteban antropologoak eta Elixabete Garmendia kazetariak, ordea, salatu dute adinkeria dagoela, eta beharrezkoa dela nagusiagoei ahots propioa ematea.

Espainiako poliziak, Lapurdi eta Nafarroa arteko mugan. ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

Mugako baldintzak malgutzeko eskatu dute Urkulluk eta Roussetek

Ekhi Erremundegi Beloki

Gutun bat bidali diete Frantziako eta Espainiako gobernuei, «euroeskualdean mugaz gaindiko joan-etorriak zabaltzeko»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna