Baloiaren atzean, zerga gutxi

Gasteizek eta Bilbok Europako kirol ekitaldi handiak hartuko dituzte aurten eta 2020an: Euroligako Lauko Finala eta Eurokopako lau partida, hurrenez hurren. Hori horrela izan dadin, Euroligak eta UEFAk zerga gutxiago ordaintzea eskatzen diete lekuan lekuko erakundeei.

Kerejeta, Urtaran, Gonzalez eta Zupiria, Euroligako koparen inguruan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Zerga paradisu bat sortzen dela diote batzuek, eta interes orokorrekoak izan daitezkeen ekitaldiak direla besteek. Zerga salbuespenak eta ekarpen ekonomikoa balantzaren bi aldeetan. Gasteizen eta Bilbon bateko eta besteko iritziak kontrajarri dira hiri horietan jokatuko diren kirol ekitaldi handien harira. Saskibaloiko Euroliga txapelketako Lauko Finala jokatuko da aurten Buesa Arenan, eta futbol selekzioen arteko 2020ko Europako txapelketako lau partida, berriz, San Mamesen. Baina norgehiagoka horiek bertan joka daitezen, zerga gutxi ordainduko dituzte Euroliga eta UEFA erakundeek: kameren eta hedabideen arretaguneen atzean jokatuko diren partidak izango dira horiek.

Bi txapelketak antolatzen dituzten erakundeek jartzen duten baldintza izaten baita hori: nazioartean oihartzun mediatiko handia duten partiden truke, zerga salbuespenak eskatzen dizkiete tokian tokiko erakundeei. UEFAk antolatu du 2020ko Eurokopa, eta, txapelketak bete behar dituen baldintzen artean, honako hau dio: «UEFAk eta bere baitako erakunde eta egitura lokalek ez dute euren irabazien gaineko zergarik ordainduko, ezta negozio bolumen edo kapitalaren araberakorik edo sozietateen zergarik ere». Herrialde batek, beraz, erakunde horrek antolatutako txapelketa baten egoitza izateko interesa edukiko balu, baldintza horiek bete beharko lituzkeezinbestean. Baita beste batzuk ere. Gasteizen eta Bilbon egingo diren kirol ikuskizunak antolatzeko, baldintza ezberdinak eskatu ditu erakunde bakoitzak,eta instituzioek onartu egin dizkiete.

LAUKO FINALA, GASTEIZEN

Joan den irailean atera zuten argazkia Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Lauen erdian, Euroligako txapeldunari ematen dioten kopa zeukaten. Hilabete batzuk lehenago jakinarazi zuten Lauko Finala Gasteizen jokatuko zutela, eta Euroligarekin lortutako hitzarmena azaroan sinatu zuten. Iraileko argazkiak, ordea, balio dezake itun hori irudikatzeko, hiru erakunde publikoen sinadura beharrezkoa izan baitzen finala Gasteizera eramateko.

Geroago iritsi ziren, ordea, sinatutako akordio horren inguruko dudak. Gasteizko Udaleko bi txosten juridikok eta Eusko Jaurlaritzako hiruk akordioan adostutako zenbait neurriren inguruko zalantzak azaldu zituzten. Hiru erakunde publikoen artean lau milioi euro ordaindu dizkiote Euroligari finala Gasteizera eramateko: Jaurlaritzak 1,5 milioi euro, aldundiak beste horrenbeste eta udalak milioi bat euro. Akordioak ez du zehazten, ordea, ekitaldiak zer aurrekontu izango duen. Horra txostenetako zalantzetako bat. «Lauko Finalerako ezarritako aurrekontuarekin Euroligak ezarritako kanona ordaintzen da», Jaurlaritzako iturriek argitu dutenez.

Akordioak, hala ere, Euroligak euskal erakundeei eskainiko dien promoziorako tartea zehazten du. Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Alkatetza, Ekonomia eta Funtzio Publikoaren arloko koordinatzailea da, eta, haren ustez, erakundeen ikusgarritasuna bermatzen du akordioak, eta hori ordaindu dute erakundeek. «Txapelketaren finala ekartzeak, gainera, ikusgarritasuna bermatzen du».

Interes orokorrari erantzungo dio Euroligaren Lauko Finalak, eta, arrazoi horregatik, Euroligak ez du BEZik ordainduko Araban. Foru aldundiko iturriek azaldu dutenez, ez da zerga ordaintzetik salbuetsiko, era horretako itunetan ez delako BEZa ordaintzen. Hitzarmenean adierazten denez, ekitaldiak «kirola eta, zehazki, saskibaloia sustatzea du helburu». Areago: «Kirolen balioak sustatzea du helburu ekitaldiak». Eta era horretako ekitaldietan antolatzaileek ez dute zeharkako zerga hori ordaintzen.

Iñaki Ullibarri EH Bilduko Arabako batzarkideak, baina, tranpa ikusten du forma aldetik: «Kontratu bat sinatu beharrean hitzarmen bat sinatu denez, BEZa ez da ordaindu behar». Salatu duenez, interes orokorreko akordioak GKEekin sina daitezke, baina multinazional batekin egiteak zalantzak sortzen dizkio. «Inork ez du egiten halako hitzarmen bat halako enpresekin».

Sinatutako akordioko punturen batean, azkenik, honako hau ere adostu dute aldeek: desadostasunik egongo balitz eta auzitarako bidea hartu beharko balitz, auzia Luganoko (Suitza) epaitegian ebatziko litzateke. Gurtubairen arabera, normala da zerbitzu juridikoek hori ebaztea, baina Euroligak eskatzen duen baldintzetako bat da, eta «ez da legez kanpoko ezer». Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ere hala zehaztu zuen joan den astean. Baina, Ullibarriren ustez, eskaera horiek guztiak onartuta, hiru erakunde publikoek «men» egin diote saskibaloiko federazioari. Dioenez, ez dago finala Gasteizen jokatzearen aurka, baina, akordioak nola egin diren, kezkatuta dago: «Kirol ekitaldiak gero eta negozio handiagoak dira, eta moduak kezkatzen gaitu».

2020KO EUROKOPA, BILBON

Lau urtean behin jokatzen da futbol selekzioen arteko Europako txapelketa: Eurokopa. Datorren urteko ez da herrialde bakar batean jokatuko, hainbatetan baizik. E taldeari dagozkion hiru norgehiagoka Bilbon jokatuko dira. Hau da, txapelketa jokatzeko sailkatuko balitz, Espainia San Mamesen arituko litzateke, eta Bilbon jokatuko den laugarren partida final-zortzirenetakoa izango litzateke. Baina, hori errealitate izateko, Bizkaiko Ogasunak honako zerga hauek ordaintzetik salbuetsiko du UEFA: PFEZ errenta zerga, sozietateen zerga, ez-egoiliarren errentaren gainekoa, ondare eskualdaketena, egintza juridiko dokumentatuen gainekoa eta udal zergak. Itun ekonomikoan bildu zituzten salbuespen horiek, xedapen gehigarri baten bidez, eta ez foru arau bidez, EH Bilduk eskatu bezala. Arantza Urkaregi koalizioko batzarkidea da Bizkaian, eta zerga salbuespenak batzar nagusietan ez eztabaidatzeko trikimailu moduan ikusi du bide hori. «Batzar nagusietan ez da eztabaidarik izan». Horregatik, edukiaz gain, modua ere kritikatu du koalizioko kideak, eta salatu du herritarrei eztabaida ukatu dietela.

Zerga horiek guztiak ordaintzetik salbuetsita egongo UEFA, baina BEZa ordaindu beharko duela azaldu dute Bizkaiko Ogasuneko iturriek. «Hori da hemen zerga bidez utziko luketen ekarpenik garrantzitsuena». Sarreren BEZa ordainduko lukete, esaterako, baina ez dute zeharkako zerga hori ordaindu beharko txapelketa antolatzen duen federazioak inportatzen dituen produktuetan. Hala onartu zuen Espainiako Kongresuak, urtarrilean. Puntu hori oraindik ez da batzar nagusietara iritsi, eta iristen denean ere onartu beste aukerarik ez dute izango, BEZaren gaineko araudia ez baitagokio Bizkaiko Ogasunari, baizik eta Espainiakoari.

Gainerako zerga salbuespenei ez die garrantzi berezirik eman nahi izan Bizkaiko Ogasunak.Azken batean, UEFA ez delako Bizkaiko ohiko zerga ordaintzailea, eta, salbuespenik egongo ez balitz ere, ez lukeelako sozietateen zergarik ordaindu beharko, ogasuneko iturrien arabera: «Eurokoparen harira Bizkaian enpresa bat sortuko balute, eta sei hilabetez egingo balute lan, orduan egongo lirateke zerga hori ordaintzetik salbuetsita». Edonola ere, salbuespen hori badago.

Urkaregik gogor kritikatu du politika hori guztia. «Sarreren BEZa ordainduko dela diote, baina, ikuspegiari buelta emango bagenio, zerga hori herritarrek ordaintzen dute; beraz, herritarrek zergak ordaintzen dituzte, eta UEFAk ez. Hori ez dago ondo». Horregatik, uste du Bizkaia paradisu fiskal bihurtu dutela UEFArentzat. «Zerga salbuespen horiek onartu zaizkio UEFAri, baina, aurretik, MTVri eta beste ekitaldi handiei zein salbuespen onartu zaizkie? Lurraldeko ekonomiari egiten zaion ekarpena aipatzen dute maiz, baina zenbat diru galtzen dugu salbuespen horien guztien bidez?». Urkaregik ez du gaizki ikusten Bizkaira halako partidak ekartzea, baina «UEFAk bere baldintzak onartzea beste aukerarik ez dizu ematen». Eta ez dago ados jokatzeko modu horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.