itziar ugarte irizar
Durangoko 53. Azoka. ARAZOKA

'Esangostezu'

2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Jakinekoa zen, klasiko bat da, baina ezin harritzeari utzi: nola lortzen du azokako ilararik luzeena Totik? Agortzen ez den zerbait da: baten ostean dator bestea, eta gero bestea, eta beste bat, eta beste bi, lau... Errukia ere sor dezake azkenerako, eskumuturrean lesioren bat beharko du honezkero, giharretako mina beso zuztarretan edo.

Azokako bozgorailuek ere etengabeko jarioan iragartzen dute zein sortzaile dagoen sinatzen non. Saldu ere, gehiago saltzen baita sortzailea bertan bada. Kontua da: zertarako eskatzen da sinadura, eta zer idazten du horietan sortzaileak? Zer jarri erabat arrotza zaizun horri? Denei berdina? Hor ikusten duzu badatorrela, luzatzen dizula zure lana sina diezaiozun, eta, hara, ez bada orain arte buruan izan duzuna?

Inkesta guztiz aleatorio bat eginda inguruan, bi dira multzoak: sinatzen dutenak eta sinadura bilatzen dutenak. Aurreneko multzoko batek aitortu du berari nagia ematen diola, handia, ez duela jakiten inoiz zer ipini. Multzo berbereko beste bat ere bufaka, gaizki bizi duela. Hurbilekoenekin, batez ere; pertsonalizatu nahi izaten duelako, sinadura bakoitza beren-beregi bakoitzarentzat izan dadila, eta izan dezala barrukoarekin lotura, eskaintza hark ez dezala balio beste liburu baterako. Egileentzat maiteena ez antza, baina genero oso bat da sinadurarena, bistan da.

Bigarren multzoan, bihozberagoak atera zaizkit. Fetitxe modura dituzte sinatutako hainbat disko, kontzertuetako kartel, liburu. Gehiago, oparituak badira; eta zuk zeuk baino, beste batek igaro badu uneko lotsa hori. Baina esango dut: multzo honetakoa naiz ni. Fetitxeetan fetitxeena, neure kabuz erosi nuen estreinako poema liburua. Orri osoko eskaintza idatzi zuen idazleak, eta ni, matrailak gorriago ezin, baina milaka izaki txiki barruan jauzika, iji-aja! Lagunak pentsatzen, tipa hau? Horrela jartzea poeta batekin ere, eta ni ezin kabitu emozio nerabean.

Proba egin dut berriz. Komiki bat erosi, eta sinatzeko eskatu diet egileei; batek irudia egin du, eta besteak, bertsoa. Eta berriz nerabe, berriz gorri, berriz hasi dira jauziak tripetan. Sortzailearentzat bat gehiago izango da Landakoko bakoitza, baina idatzitako hitzak norberarentzat beren-beregi idatzi direla sinetsi nahi du bakoitzak. Hori ez da nerabezaroarekin agortzen.

Esangostezu amaitzen zen poema liburuko eskaintza.

Ikusi zaitut gaur ere, orduko hartan zinen lekuan, eta esango nizuke lan horri esker saiatu nintzela aurrenekoz ni ere zerbait sortzen eta ahaztu ni, asko dira, baina ez dizut esango, ea esan behar didazun ez zarela akordatzen, edo zerbait askoz, askoz, larriagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.