Haizea Barcenilla
BEGIZ

Grisez margotutako eraikina

2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi, Lezotik Donostiara autoan nindoala, Intxaurrondoko kuartelaren aurretik pasatu ginen. Eguna goibel zegoen, eta bat-batean ohartu nintzen kuartelaren eraikin altua, errepidetik ikusten dena, grisez margotu zutela. Baliteke orain urteak margotua egotea nik erreparatu gabe, baina, egun triste hartan, kolore grisak eraikina hodeien artean lausotzen zuen. Ez nintzen aldaketaz ohartu eraikina gehiago ikusten zelako, gutxiago nabarmentzen zelako baizik.

Oso esanguratsua iruditu zitzaidan, errelatoak eraikitzeko saiakeratan gabiltzan honetan, hain sinbolismo mingotsa duen eraikina kamuflatzea, ezkutatzea; bertan gertatutakoa ahaztu nahiko balitz bezala. Zenbat urtean pasatu naizen astean bitan saihesbide horretatik; guztietan hunkitu nau eraikin marroi itsusi horren siluetak, zeruaren kontra moztuta, mehatxari eta aldi berean mutu, sekretuz eta minez beterik. Eta, ustekabean, paisaiaren gainean inposatzen zen pieza moztua izatetik, botere-inposaketaren monumentua irudikatzetik, ingurunean barneratu eta paisaia izatera pasatu da.

Xabier Gantzarainen Zuloa liburua etorri zitzaidan gogora. Gozatu nuen liburua, eta bikaina iruditu zitzaidan artea baliatzea historia hurbilaz hitz egiteko: artea gizartearen atal eta ispilu dela gogorarazi zion praktika horretatik aldenduta sentitzen den jende askori. Gogoeta mordoa sortu zidan orobat. Esaterako, gorpuztu zidan historia hurbil horretan zenbat denbora eta energia erre digun gatazka armatuak. Zenbat espazio ematen zaion gaiari eta zer gutxi gorakada neoliberalari, planetako errekurtsoen ustiatzeari edo emakumeen kontzientzietan izan den aldaketari, elementu horiek guztiek gure egunerokoa eta batez ere etorkizuna markatzen dituzten arren. Alegia, zer presente egon den eraikin marroia paisaiaren kontra, eta zer gutxi ikusi dugun paisaia, eraikin marroiaren pisuak makurtuta.

Deigarria egin zitzaidan, halaber, Nora Aurrekoetxearen eta Laura Ruizen lanari eskainitako kapitulua. Liburuan aztertzen direnen artean berri eta abstraktuena da, gatazkaren azken urteak bizi dituen belaunaldiko kideek egindakoa (artistek 22 urte zituzten ETAk ekintza armatua utzi zuenean). Deigarria egin zitzaidan ez lana bera, baizik zer gutxi esaten zen kapituluan lanari buruz. Badiolaren aurreko lan batzuk aztertu, teorialari eta idazleen bestelako ekarpenak sartu, baina ikusizko artea idatzizko bihurtzen maisu den Gantzarain lan zehatzari buruzko hitzik gabe geratu zela sentitu nuen. Idazlea hunkitu izanagatik, gatazka abstrakziorantz eraman zuen lan hark errelatoa eraikitzeko ezintasuna eragin ote zion otu zitzaidan.

Eta zeruan lausotzen den Intxaurrondoko eraikin grisa hunkitu izanagatik, errelatoaren aurrean sentitzen dugun ezintasunaren erakusle ote den otu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.