Ismael Manterola
BEGIZ

Historiaurreko artista traketsak

2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Alkerdiko kobazulo multzoan historiaurreko beste irudi sorta bat topatu dutela zabaldu da komunikabideetan. Pozteko modukoa da ikustea artearen historiarako hain interesgarria den garaiko gero eta adibide gehiago dauzkagula. Zalantza handirik gabe, gero eta hobeto ezagutzen dugu artea nola hasi zen.

Komunikabideek emandako informazioen artean, zerbaitek piztu zuen nire arreta. Kobazuloko irudi grabatuaren inguruko balorazioa egiterakoan, adituen ustez, irudien egilea ez omen zen oso trebea, marrazkiak traketsak edo kaskarrak zirelako. Suposatzen dut Ekaingo edo Altamirako irudi zehatz batzuekin alderatu ondoren esandako hitzak izango zirela, bestela zaila da ulertzea zer esan nahi duten horrekin.

Zer da ondo marraztea? Zer da irudiak ondo eginda egotea? Historian zehar trebetasun teknikoa artea baloratzeko irizpideetako bat izan da. Norbaitek ondo marrazten duela esan ohi dugu errealitatea irudikatzeko trebetasuna duenean edo norbaitek ondo kantatzen duela esaten dugu afinazio zehatza lortzen duenean. Baina hori nahikoa al da historiaurreko artelanak baloratzeko orduan? Zein da historiaurreko artea baloratzeko irizpidea? Guk historian zehar errenazimenduan eguneratutako greko-erromatarrengandik jasotako kanona? Horrek arte adierazpide asko kanpoan utziko lituzke, adibidez, Mendebaldekoak ez diren herrialde askotan egindako artea, umeena, eroena edo Erdi Aroan egindakoa. Pantokrator erromanikoak traketsak edo zabarrak al dira, barrokoan pintatutako kristoekin alderatuta? XX. mendeko abangoardiek tradizio klasikoko artea baino gehiago miretsi zituzten aipatutako arte mota horiek guztiak.

Bestalde, kontuan izaten badugu historiaurreko irudi gehienak ez direla errealitatean dauden izaki edo gauzekin identifikatzen, zergatik esaten dugu Alkerdin lan egin zuena edo zutenak ez zirela oso trebeak?Zer trebetasun behar da aluaren irudi eskematikoa egiteko? Historiaurrean azaltzen diren irudi asko eta asko marrak, puntuak, sinbolo abstraktu sinple eta konplexuak dira, eta horiek egiteko ez da trebetasun gehiegi behar. Horrek bestelako hausnarketa batzuetara garamatza, ez baitakigu ziur historiaurrean artea egiten zen eta, ondorioz, artistari buruz hitz egin dezakegun.

Artearena Mendebaldeko zibilizazioak greziarren garaitik aurrera garatu duen kategoria soziokulturala da, beraz, ezin da historiaurrera eraman historian sortu dugun terminoa, zalantzak edo ohartarazpen batzuk egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.