Ismael Manterola
BEGIZ

Askatasuna eta kontrola

2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi, genealogia feministak artean duen garrantzia azpimarratzen zuen tesi baten aurkezpenean egon nintzen. 90eko hamarkadako Euskal Herrian gorputzaren inguruan egindako artearen azterketa sakonean, aurreko emakumeen esperientzia eredu moduan erabiltzea zein garrantzitsua den azaltzen zuen Maite Luengoren tesiak. Orain, Xare Alvarezek Bilboko La Tallerren jarri duen erakusketa ikusten ari naizela, argi eta garbi ikusten ditut emakume horiek ehundutako sarearen eraginak.

Sabaitik eskegita dagoen aluminiozko eskulturan Louise Bourgeoisen aurrekaria ikusi dut, eta hormaren kontra dauden lihozko tapizetan Anni Albersena. Ez ditu artista haiek kopiatzen, emaitza zeharo ezberdina baita, baina haien inspirazioa, ukitua edo oroimena igartzen da, Alvarezen lanari inongo meriturik kendu gabe.

Hain zuzen, badirudi material batzuen erabilpenean emakumeak izan zirela aitzindari, batez ere ohikoak ez ziren garaietan, eta, horregatik, artearen sistemak ez zituen kontuan izan orain dela ez gehiegira arte. Alvarezen brodatuz egindako marrak ehundura berezia duen lihozko oihalaren gainean nahasten dira, eskuz marraztutako arkatzarekin edo boligrafoarekin egindako zirriborroen antzera. Erakusketan nengoen bitartean asko gustatu zitzaidan irudikatzea emakumearen marrak brodatuz egin izan direla, eta gizasemerenak lanabes ohikoago batzuekin; eta ohikoagoak egiten zaizkigu azken horiek, nagusi izan den artearen sailkapenean sartu ditugulako, brodatuen edo harien bidez egindakoak emakumeenak izan direlako, alegia. Baliteke, La Tallerreko arduradunak azaldu zidan bezala, beste lan batean grabatuta azaltzen zaigun mataza antzeko marra behartua izatea paper gainean aztarna uzteko, eta, horren ondorioz, artistak teknika bortxatu behar izana eskuaren askatasuna imitatzeko. Aldiz, makinan egindako brodatuetan zirriborroaren formak bere bidea erraz egiten du.

Bestalde, hormatik irteten diren aluminiozko forma tolestuak oso ederrak iruditu zaizkit, eta hor ere ehunen edo espartzuz egindako lanen presentzia ikusi dut patina zuriak edo grisaxkak uzten dituen aztarnetan.

Eskuaren edo keinuaren moldatzea eta askatasunaren arteko kontrastea ikusi dut Alvarezen erakusketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.