begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zonbiez, azeriez eta grekoz ez jakitearen mixeria

2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Dakizuen bezala, gaur egingo du Bilboko FANT zinemaldiarenak. Dakizuen bezala, asteartean ekingo dio bere zeluloidezko bideari Cannesko festa-merkatu-azoka-erakusleiho-thin-thank-akelarreak. Dakizuen bezala, maiatzak 17 hori kasik ilundu bezain pronto, Iparraldeko zinema saloirik dotoreenetan inaugurazioko filma estreinatuko dute aurre-premiere luxuzkoetan. Dakizuen bezala, ikusgai izango den filma Michel Hazinaviciusen Coupez/Final Cup/¡Corten! da.

Jakingo ez duzuena, agian, akaso, baliteke, apika, zera da, The Artist hitzik gabeko filmarekin bazterrak astindu eta Oscarra lortu zuen egilearen azkenak ez zuela izenburu hori filmatzen hasi zirenean. Ezta Cannesko aukeraketa batzordeak irekierako ezin hobea zela erabaki zuenean ere.

Ez. Donostiako Beldurrezko Astea 2017koan gozatu genuen Yoshiko Takeharen One Cut of the Dead terrorezko bihurrikeria japoniarraren bertsio frantziar honek Z zuen orduan deitura,

Bai. Z. Elhuyar hiztegiaren adibideek diotenez, alfabetoko azken letra eta hirugarren koordenatu-ardatza. Zenbakikuntza greziarrean, bederatzi balio zuen letra, eta Melina Mercouri, Irene Papas edo Zorbaren alfabetoan seigarren letra.

Bai, Z. Justu bihar Azpeitian kontzertua emango duen Zetak taldea bezalatsu. Zetak, bai. 2019an Pello Reparazek sorturiko euskal pop-elektronikoko taldea.

Zeta zuen izenburu. Hasieratik. Baina, baina, baina, Errusiako Armadak Ukraina inbaditu zuen. Eta gerra hasi zen. Eta erraz asko erabaki zen biktimak nortzuk eta borreroak zeintzuk ziren. Eta Europak zein Amerikako Estatu Batuek ez hondorik ez mugarik ez duen gain-antzezpen bati ekin zioten. Beharbada gu despistatzeko ahaleginetan. Gu ez konturatzeko beraiek ere gerra/sarraski horren parte zirenik. Mendeku gosez eta malkotan hasi ziren batzuk Ongia non, Gaizkia zeinen ondoan erabakitzen. Gaur, maiatzak 13, ez dute, oraindino, Tolstoi debekatu, ezta Sergei M. Eisenstein ere, baina asmo hori darabilte askok kaskoan. Batzuei esplikatu behar izan diegu Pussy Riot musika taldea ez zela zehazki-zehazki gaiztoen aldekoa…

Mundu aldrebestu-hipokrita gurean hori guztia gertatzen zela, alta, beldurrezko pelikula filmatzen ari diren zinemagileen artean benetako zonbifikazioa suertatzen deneko komeria odoltsuak kontatzen dituen komedia frantziarrak artean zuen Z izenburu.

Baina derrepentean deabruak dakien inor ohartu zen Ukraina setiatu ondoren, Ukraina inbaditu eta herrialdea «desnazifikatu» asmoz edo Ukraina birrintzen duten horiek zbat zutelaikur, bandera, intsignia, enblema.

Zergatik z? Ba nolabait, Za pobedy esamoldea laburbilduz, garaipena beraiena izango dela adierazteko.

Dardarka hasi ziren Mendebaldean. Dardarka Michel Hazinaviciusen filmaren inbertsoreak, ekoizleak, banatzaileak...

Izerdi larri-patsetan ere Cannesko Zinemaldiaren nagusi guztiak, «Z??!!! Afixetan z erraldoi bat duen pelikula batekininauguratuko dugu pandemia osteko edizio lehena, justu 75garrena dena? Ez da posible. Ezin leike. Akabatuko gaituzte sareetan, txioetan, goiburuetan!!! Eta jakina, Cannesen, herrien arteko konkordiaren alde jokatu izan dugu eta jokatuko dugu... beti».

Hori guztia zioten guztiek. Baita filma saldu behar zuten horiek ere.

Negoziazioak izan ziren. Presioak ere bai. Belusezko mehatxuak... Eta azkenean, Michelek eta lagunek izenburua aldatu zioten asteartean Hegoaldeko zinemetan eta Cannesko Gran Auditoriumen estreinatuko den filmatxoari.

Barregarri samarra, ez da? Ba hamaikak ikusteko jaioak bagara, hona hemen hamabia: izenburua aldatu orduko Cannesko Zinemaldiaren komite gorenak agiri bat plazaratu zuen, erabakiabihotz-bihotzez eskertuz, laudatuz, eta harekin bat eginez.

Hamaika baino askoz gehiago ikusteko gara jaioak, ez deritzozue?

Bai, Putinen aldekoen ikurra da Z. Bai, Ukrainako soldaduek etsaien gorpuak hartu eta lurrean Z bat osatzen dute. Gorrotoak jota, jakina. Propagandarako tresna gisa ere bai. Kontrakoen animoak zapuztu nahian. Ederki dakizkigu gerra guztietan erabilitako armak zeintzuk diren, fusilak, tankeak eta bonbak aparte utzirik.

Z bai. Baina Putin existitu baino lehen bazen Kalifornia ondoan beste inbasore batzuen kontra borrokan zebilen maskaradun ausart bat, El Zorro (Azeria) izengoitiaz ezagutua. Eta Z zen paretetan uzten zuen sinadura, ezpataz edo zigorraz eginda. Eta zinemak irakatsi zigun Z hori errespetatzen. Putin existitu baino lehenago. Eta bazen Costa Gravasek egindako film ausarta, Greziako koronelen kontrakoa. Eta Z zuen izena. Izan ere, diktadurapean, debekua jarri zioten letra horri. Zergatik? Hormetan idazten zuten horiek zera adierazi nahi zutelako: erresistentzia espiritua bizirik da: ζει.

Eta izu-zinemaz arituz gero, nork ukatuko zaleontzat Z dela zonbien apokope oro maitatua, elkarri pasatzen diogun abisua?

Askotan, ezjakintasun sasi solidarioak, barregarria izateaz gainera, kultura falta tamalgarria azaltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.