Laso: «Arantza kendu dut»

Unai Lasok esan du «gustura» jokatu zuela buruz buruko finala, «oso pozik» dagoela eta «indarberritzeko garaia» dela

Unai Laso, buruz buruko txapelarekin eta koparekin, atzo eguerdian, Antsoainen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Antsoain
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Oraindik barneratzen ari naiz; parranda ederra egin genuen atzo [herenegun], eta indarberritzea eta oporrak datoz orain». Hitz horiek esanez hasi zuen Unai Laso buruz buruko txapeldun berriak atzo eguerdian Antsoainen (Nafarroa) egindako agerraldia. Hirugarren saiakeran lortu du txapela janztea, eta partidarekin «oso pozik» dagoela esan zuen: «Arantza kendu dut».

Lasok 22-7 irabazi zion Joseba Ezkurdiari finalean; irabazteko gakoak zeintzuk izan ziren azaldu zuen: «Eskuinarekin oso ondo gozatu nuen, eta pilota asko eraman nituen ezkerreko paretara». Horrez gain, esan zuen arreta osoz jokatu izanak ere lagundu ziola: «Oso kontzentratuta nengoen, ez nintzen partidatik atera». Arretaz jokatzeak entrenamenduetan landutako estrategiari eusten lagundu ziola ere kontatu zuen: «Tanto guztiak lehena izango balira bezala landu ditut».

Ez du partida osorik ikusi, baina aukera izan du tanto batzuk ikusteko: «Ikusiko dut; oso egun polita izan zen, jende asko egon zen frontoian, gertuko asko, eta horrek pozten nau». Eguneko unerik onena zein izan zen kontatu zuen: «Irabaztean jendeari begiratzea eta maite zaituen jende asko ikustea ederra da».

«Burua eta gorputza» landu ditu, eta txapela irabaztea «urte osoan egindako lanaren emaitza» dela dio: «Urte osoa daramat eskuinarekin ondo gozatzen, eta ariketa fisikoa eta entrenamendu onak egiten». Datozen egunetan atseden hartuko du, eta, bueltan, entrenamenduei helduko die berriz: «Egunero berdin entrenatuz aterako dira gauzak».

Zenbait pilotarirekin batera, Greziara joan da oporretan ekainaren 9ra arte; «disfrutatzeko garaia» dela esan zuen. Ekainaren 18ra arte ez du partidarik: Zierbenan (Bizkaia) arituko da, Bizkaia torneoan, Ander Imaz bikotekide duela.

Gertukoak bidelagun

Urtebete pasatu da Laso profesionaletara itzuli zenetik; urte horietan buru-belarri entrenatzen zela azaldu zuen: «Egunero entrenatzen nintzen; profesionaletan nengoenean bezala». Garai horietan harekin egon zirenak izan zituen gogoan txapela janztean: «Orain, eskerrak eman nahi dizkiet bolada txarretan ere nirekin egon direnei; ondoan egon diren guztiei». Behin baino gehiagotan keinu bera egin zuen eskuekin, finalean: «Niretzat eta nigan sinetsi dutenentzat zen keinu hori».

3.000 sarrera saldu zituzten buruz buruko txapelketako finalerako; jendez lepo zegoen Nafarroa Arenako pilotalekua: «Inguruko jendea berriz hasi da pilotan interesa jartzen, eta asko dira partidak ikustera etortzen direnak. Albiste oso ona da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.