Ismael Manterola
BEGIZ

Zero grabitatea

2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Erakusketa txiki bezain interesgarria zabaldu du Txillida Lekuk artista donostiarraren lanean sakontzeko. Eduardo Txillidaren eskulturek sarritan egiten dute naturaren kontra, baina 70eko hamarkadan grabitateari aurre egiteko Topaguneak serieari hasiera eman zion. Serie horretako eskultura batzuk airean nola jarri ariketa tematia bihurtu zen artistarentzat.

Baina nahiz eta Txillidak lurretik altxatzeko gogoa izan, ordura arte erabilitako materialekin ezinezko ahalegina zen, neurri handiko altzairuzko, harrizko, egurrezko edo lurrezko eskulturek izugarrizko pisua hartzen zutelako. Horregatik, beste material batekin probak egiten hasi zen eskultura handiak zintzilik jarri ahal izateko: hormigoia. Eraikuntza teknikak erabilita, 1972. urtean, Topagunea III izeneko eskultura pisutsua sortu zuen Madrilgo Castellana pasealekuko bidegurutzean eskegitzeko. Hala ere, grabitateari aurre egiteko teknikaren laguntza behar izan zuen zubi baten beheko partean 6 tonako pisua zuen eskulturatzarra eskegitzeko.

Emaitzak txundituta, 1973. eta 1974. urteen artean, Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai dagoen Topagunea IV izeneko eskultura sortu zuen. Madrilgoaren ahizpa izan daitekeenak pisu handiagoa du, 16 tonakoa alegia, eta artistak museoari eman ondoren, espazio berezia egokitu behar izan zuten Bilboko museoaren barruan. Lan horrek eskegitzeko eman zituen arazoak lekuz aldatzerakoan errepikatu ziren, 2000. urtean.

Hemendik gutxira, aipatutako Topagunea IV eskulturak Bilbotik Zabalagarako bideari ekingo dio, Zero grabitatea erakusketaren parte izateko. Ikusgarria izango da benetan erraldoiaren bidaia, bai teknikaren aldetik, bai kontserbazio aldetik. Nola mugitu 16 tonako artelana? Zein baldintzatan? Bestalde, Txillida Lekun eskegitzeko ingeniaritzaren laguntza ezinbestekoa izango da; beraz, zientzia, teknika eta artea bat eginda ikusiko ditugu ekimen horretan.

Horrelako arazo teknikoei aurre egiteko gai garen garaian, zaila iruditzen zait askoz ere sinpleagoak diruditen arazoak konpondu gabe jarraitzea. Hain zuzen, Txillida Lekura iristeko EuskoTrenek Errekalden duen geltokitik sei minutu besterik behar ez banituen ere, errepide erditik joan behar izatea harrigarria egin zitzaidan. Badakit autobus linea batek Txillida Lekura eraman nazakeela, badakit museo pribatua dela eta ez dela erakundeen ardura toki guztietara irisgarritasuna ziurtatzea, baina tren geltoki batetik kilometro eskasera dagoen interes publikoko toki batera oinez iristeko arazoak izateak gaur egungo diskurtso ekologiko guztiak bertan behera uzten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.