Haizea Barcenilla
BEGIZ

Berragerpenak

2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun

Bi erakusketa txiki eta eder ikusi ahal izan ditut Bilbon aurreko asteotan: amaitzear zegoen Monica Ortuzarrena La Tallerren, eta ireki berri den Nahia del Castillorena Marzana galerian. Asko poztu naute erakusketa biek, aspaldi ez bainuen artisten lanen berri izan. Edo, hobeto esanda, Ortuzarren kasuan ez nuen sekula bere lan bat aurrez ikusi. Dokumentazioaren bitartez, argazkietan ikusita soilik ezagutzen nituen 1988an Gure Artea lehiaketako bigarren saria eman zion eskultura eta 2013an Bilbo Arten egin zuen autorretratuen erakusketa ikusgarria. 1993tik Vigoko Unibertsitatean dabil irakasle Ortuzar, eta Galizian bere lana gozatzeko aukera handiagoa izan dute.

Nahia del Castilloren lana, aldiz, maiz ikusteko aukera izan dut, baina bost urte zeramatzan artistak erakusketarik egin gabe. Tarte horretan irakaskuntzan ibilia da, tesia idazten eta unibertsitateko lanpostuari denbora eskaintzen. Hortaz, opari polita izan da bere lana berriz gozatu ahal izatea.

Bi artisten kasuan, gainera, agerikoa da aurreko lanekiko aldaketa, nabaria da ikerketa berriei dedikatutako denbora. Ortuzarren Bilboko azken erakusketa hartan, egunero-egunero bere buruari egin zizkion erretratuak ziren protagonista: kolore eta forma desberdinetako Monica Ortuzar askok begiratzen zuten murruetatik ikuslea. Oraingoan, aldiz, artearen iturrietara jo du, historiaurreko pinturak pastelezko kolore bizietara itzuliz.

Nahia del Castillok, bestalde, hainbeste landu duen argazkia baztertu, eta eskulturari eskaini dio arreta oraingoan. Argizari eta egurrezko eskultura abstraktuak sortu ditu, kolore bizi eta ehundura xamurrekoak, materialtasun lausokoak. Forma bereko unitate desberdinak konbinatuz ondu du erakusketako instalazioa, Marzanaren kanpotik indar handiko irudia sortzen duena.

Arte sistema gogorra da iraunkortasunez bere erakusleihoetan mantentzen ez diren artistekin. Ez ditu gustuko etenak, ez bizitzak eragindakoak (amatasuna, zaintza, egunero jaten emango dizun lanbide baten beharra), ezta artistek haien erabakiz hartutakoak ere, proiektu bati denbora luzea eskaintzeak eragiten dituenak, adibidez. Azkar doa aurrera sistemaren gurpila, eta berragerpenak ez dira errazak.

Horregatik da pozgarria halako lanekin topo egitea, eta horregatik da azpimarragarria La Tallerrek eta Marzanak egiten duten lana. Lehenengoak, lanean ibili arren gutxi erakutsi duten artisten lan bikainak aurkeztu dizkigu, eta bigarrenak, arteari eusten dioten ibilbide luzeko hainbat artistari bermea eskaintzen die, proiektu berri bat dutenean erakusteko aukera emanez, une horretan modan ote dauden kontuan izan gabe. Gure testuinguruan oso beharrezkoak diren ekimenak, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.