Europa iparraldean, Pazkoa udaberriarekin lotzen da batez ere, eta ez tradizio katolikoaren Pasioaren ospakizunarekin. Jendea lorategietara hurbiltzen da, eta untxiek zein txito jaioberriek txokolatezko denda guztiak betetzen dituzte. Ez da harritzekoa, Pazkoa loratze eta birsortze garaia delako, neguaren grisa kolore biziez tindatzen hasten den unea, jaiotzeen garaia. Birsortze eta agertze garai honetako protagonista azpimarragarriak, beraz, loreak dira, euren mila ñabardura eta formekin, udaberriko alaitasunaren sinbolo bilakatzen baitira.
Artean, hala ere, loreak ez dira soilik edertu eta alaitzeko irudikatzen diren motiboak. Errepresentatzen diren garaia eta lekuaren arabera interpretazio desberdinak izan ditzakete, eta testuinguru horien barnean ere alda daitezke esanahiok. Unean-unean eta lekuan-lekuan ulertu behar dira loreen irudikapenak, hauetaz gozatuz (ederrak izaten baitira) baina edertasun horren gainazalean geratu gabe.
Pentsa dezagun, esaterako, Maria Sibylla Merianek (1647-1717) egindako errepresentazio botanikoetan. Margolari aparta eta naturazale amorratua zen Merian, eta gaztetatik landareen zein intsektuen irudikapenak egin zituen. Ilustrazio zientifikoaren hasierako maisu bat izan zen, eta baita entomologiaren aitzindarietako bat ere. Berari esker, asko zabaldu zen intsektuen inguruko jakintza: adibidez, bera izan zen intsektu helduak beldarretatik garatzen zirela hautematen lehena. Gainera, intsektu bakoitza zein landarerekin harremantzen zen landu eta irudikatu zuen. Liburu eder eta arrakastatsuetan irudikatu zituen bere jakinduriaren emaitza artistikoak.
Liburu horien artean ezagunena Holandar Guianaren flora batzen zuena izan zen, Metamorphosis Insectorum Surinamensium. 1699an, 52 urte zituela, Ameriketara bidaiatu zuen bere alaba Dorothea Mariarekin (artista berau ere) eta, bi urte lurralde tropikalean eman ostean, bertako landaredia eta intsektuak biltzen zituen lehen lana plazaratu zuen. Liburua oso maitatua izan zen eta bera hil ostean ere lau edizio egin ziren.
Gaur, objektu edertzat dugu lana, eta luze ikertu da zientziaren historiaren ikuspegitik. Azken urteotan, ordea, kolonialismoaren presentzia ere aztertzen hasi da. Herbehereak ziren Guianaren jabe, eta bertan zeuden landareak ere lurralde horren monopolio ziren. Beraz, Merianek asmo horrekin ikertu zituen arren, erosleentzat horien errepresentazioak ez zuen helburu zientifikoa soilik: Herbehereen ondasun eta aberastasun naturalak erakusteko modua ere bazen, eta horregatik zituzten Holandako merkatari aberats ugarik halako artelanak etxean. Landareen edertasuna baino, euren aberastasun erreal eta potentzialaren irudikapena ere bazirelako. Honela, irudi koloretsu eta bizi horien atzean historia koloniala ere idatzi zen.

BEGIZ
Udaberriko loreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu