Albistea entzun

IRITZIA

Katedralean, zinema

Maria Monreal Otanoren <em>Con los ojos abiertos</em> filma.
Maria Monreal Otanoren Con los ojos abiertos filma. NIFF JAIALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Begoña Del Teso - Zinema kritikaria

2019ko irailak 4

Bukatu berri da NIFF Navarra International Film Festival delakoaren lehen edizioa. Iruñean. Lekarozen duela gutxi irekitako Meliton ekoiztetxeak bultzaturik. Asghar Farhadi Irango zinemagilearen ikasleen lanei aterpe eta pantaila emateko asmotan. Bukatu berri da, eta denetan harrigarriena NIFFeko egoitzak izan dira.

1.000 zinema minutu izan dira ikusgai, entzungai, dastagarri, eztabaidagarri. 60.000 zeluloide segundo. Askotan digitalean filmaturikoak, digitalean aurkezturik, bideo bilakaturiko segundoak. Sariak izan dira. Ohorezkoa ere bai. Omenezko Urrezko Meliton ikurra Txema Blasco aktore gasteiztarrak jaso zuen. Iruñean. Medemekin, Paul Urkijorekin, Montxo Armendarizekin lan egina da Txema.

Sariak izan dira, bai, Iruñean. Ohorezko aipamenak, zilarrezko oroigarriak, urrezkoak... sariak. Beren barrenetan sos batzuk zituzten sariek, dirurik gabe ezinezkoa baita filmatzeari eustea.

Gaztea oso da irabazle guztien artean ikur distiratsuena eta diru kopuru handiena jaso duen hori. Gaztea oso, eta nafarra: Maria Monreal Otano. Kazetaria. Badu, NIFFen izan diren beste autore, epaile eta ikusle guztien antzera, libertatearekiko engaiamendu benetakoa. Con los ojos abiertos du izena dokumental bereak. Filma Kazetaritza ikasketetako azken lana da. Azken lan sariduna, existitzen den emakume libre gazte baten potreta. Alba Mariscal du izena, eta, bere kasa, andre eta jabe bizi da izan beti eta edonon Nafarroan, arau eta kate ia guztiak hautsirik. Bere xalotasun oparoan, Monreal Otanoren lanak Agnes Varda ezinbestekoaren Sans toit ni Loi ezin ahaztuzkoa dakarkizu burura, begietara, sentimenduetara.

1.000 zeluloide minutu. Egun hausnarketarako, probokaziorako, borrokarako eta moda sozialetan erortzeko hainbeste bide, parada eta beta ematen duten gaiak ardatz zuten 60.000 segundo. Planeta zuten hizpide; migrazioak zituzten mami; baita feminismoa ere. Eta LGTBI mugimendua; desgaitasunak, adinekoak... Egia esan, beharbada, hain ziren gazteak, eskarmentu gabekoak eta hasi berriak egileetako asko, ezen inozo xamar jokatzen zuten kameraz eta gidoiaz. Oraindik ere munduak, bizitzak, ideologiek ez dituzte gaiztotu. Oraindik zintzo jarduten dute. Itxaropentsu, leun, bigun. Baina zer nahi / espero duten badakite. Eta zinema darabilte arma, tresna, mailu, ispilu.

1.000 minutu. Batzuek aspalditik ezagutzen dugun zeluloide onaz bete ziren. Hala nola, Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak proiektatu zen egunean. Emanaldia eta gero izandako solasaldiaren hamaika segundo aberatsak suertatu ziren. Hala nola Laura Galanen aspaldiko Cerdita plazaratu zen arratsean. Mila zinemalditan saritua, beldurrezko film baten antza du labur horrek. Aztoraturik sumatu / susmatzen du bere burua ikusleak, zeren eta egileak serial killer baten alde egotera bultzatzen baitu.

60.000 segundo. Batzuk zinema ezagunaz bete ziren. Esaterako, hain eder eta malurus filmatua den Jose Herreraren Cazatalentos pantailan agertu zen arratsean. Kasik pantailaratu orduko ohorezko aipamena eskuratu zuen.

1.000 minutu zeluloidez gainezka. Hiru egunetan. Iruñean. Egia erran behar badugu, Farhadik ekainean emandako ikastaroan parte hartu zutenen lanak erakutsi ahal izateko eta navarrorum erresuman egiten den zinemaren osasunaren berri emateko planteatu zuten sortzaileek jaialdia. Bueno, navarrorum zinema sasoian da, eta Darbareye Elly eta Todos lo saben lanen autorearekin kamera erabiltzen ibili diren horiek ederki asko ikasi dute ikasi beharrekoa. Proba gisa, Martin Barandallaren La interprete broma sotila.

60.000 zeluloide segundo. Iruñean biziki maite dugun zenbaiten konplizitatean. Nortzuk ibili dira lagun? Esaterako, Katakrak liburu denda/argitaletxe/jatetxe/taberna/ateneo librea; edo Erresuma Zahar honen hiriburua udaro dantzan eta kantuan jartzen duen Flamenco On Fire jaialdia.

1.000 minutu digitalean. Oroitzapenik zoragarriena? Egoitzak! Kondestablearen Jauregi zaharberritua, San Agustin kale berezi, bizi eta amore ematen ez dakien horretan den Nafarroako Antzerki Eskola menderaezina. Eta, eta... Iruñeko katedrala bera! Kanpai jolearen etxe ondoan izan ziren, memento askotan, ikusgai biharko zinemaren egile lehentxa horien estreinako zeluloidezko pausoak. Eliza Nagusian, bai. Navarreriaren bihotzaren taupaden artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ander Lipus eta Manex Fuchs aktore lanetan <em>Hondamendia</em> obran. Harkaitz Canok du idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendu. ©GUILLAUME FAUVEAU

Hondamendien gailurra

Ainize Madariaga

Axut eta Artedrama konpainien 'Hondamendia' obrak pandemia eta Zaldibarko zabortegiaren drama ditu mintzagai. Historiatik istorioa idatzi du Harkaitz Canok, eta Ximun Fuchsek du zuzendu

Aitziber Atorrasagasti, Edurne Ormazabal eta Ibon Salvador, jardunaldiak aurkezten, Tabakaleran. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zazpi sorkuntza prozesu erakutsiko dituzte Dantzan Bilaka topaketetan

Ainhoa Sarasola

Donostiako Tabakalera zentroak hartuko ditu 16. jardunaldiak, hilaren 7an, 8an eta 9an. Pieza koreografikoak ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, baita gorputzari eta atsedenari lotutako tailer batean parte hartzekoa ere

 ©ANDER SAGASTIBERRI / ANDER SAGASTIBERRI

Balerdiren lagunen etsipena

Iñigo Astiz

Rafael Ruiz Balerdi artistak 1980. eta 1985. urteen artean sortutako paper gaineko 11 margolan jarri ditu ikusgai Bilboko Carreras Mugica galeriak. Obrak salgai ere badaude

San Telmo Museoko erakusketa. ©Andoni Canellada / FOKU

120 urte bete ditu San Telmo museoak

Berria

Ate irekien eguna egingo dute bihar Donostiako museoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...