Haizea Barcenilla
BEGIZ

Irabazleak eta galtzaileak

2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Irribarre zinikoa pizten zait orain dela hilabeteko berrietara atzera begiratzerakoan: albistegi guztietan haserre kontatu ziguten FIFAk ez ziela jokalariei ortzadardun besokoa eramaten utziko. Ez da denbora asko behar izan LGTBI+ pertsonen eskubideak baloi bati emandako ostikoengatik ahazteko. Dena den, berri horiek ematen zituztenean jada irribarre zinikoa pizten zitzaigun askori, hamabi urte pasatu baitira Qatar Munduko Kopako egoitzatzat hartu zutenetik: hamabi urte horietan emakume qatartarrek derrigorrezko beloa eraman dute; gizon baten baimena behar izan dute ezkondu edo lan egiteko; gizonei zegokienaren erdia jaso dute herentzian; senarrarekin harreman sexualak izatera behartuta egon dira; banatzeko epaile baten oniritzia behar izan dute, eta, dibortzioa lortuz gero, umeen gaineko erabakiak hartzeko eskubidea galdu dute askok. Urte horietan guztietan gizonak atxilotu dituzte gay izateagatik, eta emakumeak ezkongabe haurdun geratzeagatik, bortxaketa baten emaitza izanik ere. Bitxia da (irribarre zinikoa berriz) Iranen jazoz gero aztoratzen gaituzten gertaera berberak ematen zirela Qatarren Munduko Kopa esleitu zitzaionean, eta hurrengo hamabi urteetan ez dugula boikot hitza behin ere entzun.

Hau guztia ez da sorpresa, eta are gutxiago museoen mundua ezagutzen dugunontzat. Norbait gogoratzen al da orain Abu Dhabin Frantziako ondarearekin ireki zen Louvrearekin? Norbaitek aipatu al du Guggenheimen aurtengo ospakizunean markaren jabeak beste sukurtsal bat eraikitzen ari direla xariak emakume adulteroak zigorradak hartzera kondenatzen dituen lurralde horretan bertan? Guggenheimen kasuan, fundazio pribatua dela esan eta eztabaida amaitutzat ematen da —futbola bezain sakratua delako museoa—. Louvrerenean, beste zerbait bilatu behar, eta mendebaldeko museo nazionalek kolonizatutako herrialdeekin duten zorra aitzakiatzat erabili zuten. Zor hori existitzen da, eta gai mingarria da, baina ez dira Arabiar Penintsulako herriak horren biktima nagusiak: Irak, Siria, India, Pakistan, Turkia edo Afrikako edozein herrialde letorke kontu-garbitze horretan aurretik.

Hain zuzen, ez da kasualitatea Qatarko estadioak eraikitzen hil diren langile ia esklabizatuak lurralde horietako askotakoak izatea, petrolioaren aberriak, Europaren lagunak, kolonizatzaile postmodernoak direlako. Mendebaldeko lurraldeek mendeetan egin bezala, munduko lehengaiak ustiatzeko arazorik ez dute; kasu honetan, pertsonak. Zeinek daki zelako baldintzetan lan egin zuten Louvre eraiki zutenek, edo orain Guggenheim zutitzen ari direnek.

Irribarrearen zinismoak tristuratik asko du, beraz. Berdin dit Argentinak edo Frantziak irabazi badu Munduko Kopa, aspaldi baitakigu zeinek galdu duen: giza eskubideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.